Literatura

Prosa «homologagarri» baten alde

Kepa Altonagak ‘Patrizioak eta plebeioak. Gure prosaren emergentzian’ saiakera plazaratu du. Euskal prosaren garapen historikoa aztertu, eta zenbait ondorio proposatzen ditu, egungo «desorientazio egoera negargarria zuzendu-edo ahal izateko».

Kepa Altonaga, bere liburu berria aldamenean duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Kepa Altonaga, bere liburu berria aldamenean duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko uztailaren 3a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaurko euskal prosaren argi-ilunen inguruko gogoeta suspertzea, «era kritiko batean eta ohiko autokonplazentzia saihestuta». Horixe hartu du helburutzat Kepa Altonagak bere liburu berrian, Patrizioak eta plebeioak. Gure prosaren emergentzian saiakeran. Euskal prosaren garapen historikoa aztertu du egileak, eta, ondotik, hainbat ondorio plazaratu. «Nire ustez, ezinbestekoa dugu kontua mahaigaineratu eta esplizituki ezagutaraztea, bizi dugun desorientazio egoera negargarria zuzendu-edo ahal izateko». Pamielarekin argitaratu duen zortzigarren saiakera da.

Altonagak aspaldikoa du prosaren gaineko kezka, eta lehenago ere aritu izan da gai horren inguruan. Back to Leizarraga (Pamiela, 2015) saiakeran, esaterako, «leizarragatar prosa baten aldeko aldarri ezin argiagoa» egin zuela ekarri du gogora egileak. Eta Duvoisin kapitainaren malura (Pamiela, 2018) liburuan ere heldu zion gaiari. «Bigarren horretan, Luis Luziano Bonaparte printzearen dialektoen maparen faszinazioaz idatzi nuen, azpimarratuz euskara dialektalek euskaldunok kohesionatu beharrean artxipelago bihurtzen gaituztela, 50 irla isolatu bilakatzen gaituztela, hain zuzen ere batzen gaituen euskarak berak inkomunikatuta, printzearen mapan bezalaxe».

Oraingoan, euskal prosaren bilakaera errepasatu du. Sei ataletan banatu du lana, eta historiako sei alditan geldialdia egin. Lehenean, Peñaflorida kondearen Borracho burlado, ópera cómica (1764) aztertu du, «betaurreko kritikoak jantzita». Altonagak azaldu du kondeak, euskarazko kanturen bat edo beste txertatu bazion ere, obra espainieraz idatzi zuela, «zeren eta haren estratu sozialeko euskaldunek —elkarren artean espainiera hutsez mintzatzen zirenez— ez baitzuten garatu goi mailako euskara pribatiborik». Alegia, ez zutela garatu goi mailako kontuak esateko euskararik. «Aitzakiak aitzakia, nire ustez nulua izan da Peñafloridaren ekarpena gure letretan, eta beste horrenbeste gainerako euskal ilustratuena».

Kronologian jauzi bat eginda, Axularrengana jotzen du liburuak bigarren atalean. «Axularrek eta gure klasikoek, orok, prosa europar homologagarriaren uberan bideratu zuten euskararen tradizio idatzia goi maila harrigarri batean», egilearen hitzetan. Hori bai, azaldu duenaren arabera, diglosiaren eraginez ia ez da euskarazko libururik idatziko gerora, «soilik gutxi batzuk eta ezinbestean, euskara besterik ez dakiten behe mailako euskaldunentzat», eta euskararen erabilera ere gain behera eroriko da, batez ere prestigiozko zereginetan. «Arin esateko, irakurle euskaldunaren kultura mailaren beherakadak ekarriko duena da suzedaneoak idaztea euskaraz baino ez zekien jende komun, pobre eta argi laburrekoarentzat; esan gabe doa, maila bateko euskaldunek frantsesezko eta espainierazko liburuak irakur zitzaketen».

«Desengaina gaitezen: prosa homologagarria eraiki behar dugu, prosa molde bat nazioarteko prosa komunetik hurbil egongo dena»KEPA ALTONAGAIdazlea

Hirugarren kapituluak gainbehera horretan sakontzen du, «mogeldarren espaziora» joz. Altonagak aitortzen du «sorpresa galanta» izan zela harentzat Peru Abarka «liburu elebiduna dela konstatatzea, patrizio batek idatzia gogoan beste patrizio batzuk dituela», zeinetan euskarak «zeregin guztiz subsidiarioa» betetzen duen. «Peru Abarka ez dago pentsatua Bizkaiko plebearentzat; aitzitik, ilustratuentzako idazlan didaktiko bat dela kontsidera daiteke». Altonagak azaldu du Juan Antonio Mogelek euskara irakatsi nahi ziela orduko apaizei, baina haren eta garaiko patrizioen hizkuntza ez zela euskara, eta gehitu du Bizenta Mogelen Ipui onak ere ez daudela «herri xehearen premietara» begira idatzita.

‘The Oña connection’

Egilearen hitzetan, liburuko azken hiru atalak «The Oña connection» izenda daitekeen horretan kokatzen dira, hau da, lotura dute Oñako (Burgos, Espainia) monasterioaren inguruko jesuiten artean garatu zen euskara ereduarekin. «Hor egosi zen euskara kulturarako nahi zuen euskara bat». Laugarren atalak, esaterako, Jose Ignazio Arana jesuita du protagonista. Bosgarrenean, bestalde, «Oñako izenik ezagunenak, euskal Pizkundearen behi sakratuak» ageri dira, hala nola Orixe, Lauaxeta, Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia. «Kontua da jesuiten eskolako idazleen euskararen zailtasun bihurrituaren inguruan badagoela adostasun bat zeinaren arabera ulertezina baita haien hizkera».

Plazido Muxika jesuitaren hiztegia aztertuz abiatzen da azken atala. Horren harira, purismo erremanentea deitu duen kontzeptua azaldu du Altonagak; «alegia, iraganaren efektuz, ia konturatu barik, gure baitan itsatsita gelditu zaigun purismoa, gure hiztegiak goitik behera kutsatzen dituena, eta zeinak oharkabean iraganera estuki kateatuta baikauzka, preso nahi gabe». Inertziazko purismo lexikala ez ezik, purismo sintaktikoa ere aztertu du atal horretan, are kezkagarriagoa zaionez gero. Eta, besteak beste, Luis Villasante, Koldo Mitxelena, Joseba Intxausti, Ibon Sarasola, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi eta Virginia Woolf aipatzen ditu.

«Purismo erremanentearen kontra immunizatu behar dugu. Areago, purismo erremanentea ezereztu beharrean gaude»KEPA ALTONAGAIdazlea

Hain zuzen, gogora ekarri du Villasante «prosazko tradizio sendo bat osatu beharraz» mintzatu zela Euskararen auziaz (1989) liburuan, eta bai Villasatek berak bai Woolfek ezinbestekotzat jo zituztela egile klasikoak. «Desengaina gaitezen: prosa homologagarria eraiki behar dugu, prosa molde bat nazioarteko prosa komunetik hurbil egongo dena. Kasu, baina: prosa homologagarri hori ezinezko bihurtzen digu ‘balizko esentziek eraikitako tabuak’, Anjel Lertxundiren erara izendatuz». Ondorio gisa, bi esaldirekin borobildu du azalpena Altonagak: «Purismo erremanentearen kontra immunizatu behar dugu. Areago, purismo erremanentea ezereztu beharrean gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.