Protagonista baten heriotza

Aitor Mazo aktore, zinemagile, antzerkigile eta gidoigilea hil da 53 urterekin.Iruñeko Gaiarre antzokian aritzekoa zen gaur bertan, baina bihotzekoa izan, eta hilda topatu dute etxean

Inigo Astiz
2015eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Bigarren mailako rolak izan ditu filmik gehienetan, baina protagonisten neurriko garrantzia izan du euskal antzerkigintza eta zinemagintzan Aitor Mazo aktore, zinemagile, antzerkilari eta gidoilariak (Bilbo, 1961-Bilbo, 2015). Deboziozko antzerkizale, pantaila txikiko ohiko aurpegi, eta ia 30 filmetako aktore, Lasa eta Zabala, Airbag, Vacas, El Lobo,Carretera y Manta eta 8 apellidos vascospelikuletan hartu du parte, besteak beste. 80ko hamarkadan hasi zuen ibilbide profesionala, eta jenioa eta berezko talentua nabarmendu dizkiote beti ofizio­ko kideek. Iruñeko Gaiarre antzokian zen gaur bertan oholtzara igotzekoa, baina bihotzeko baten ondorioz hilda topatu zuten atzo bere etxean, 53 urterekin.

Futbol jokalari izateko bidea hasi zuen gaztetan, eta margolari ere aritzen zen umetan bere aitarekin aire libreko pintura lehiaketetan, baina txikitatik izan zuen argi bokazioa. «Asko gustatzen zitzaidan pelikulak ikustea, piper egiten nuen eta gauez ikasten nuen zinemara joatearren. 16 urterekin aktore izatea erabaki nuen, eta nire izekoak, txartel-saltzailea zenez, asko lagundu ninduen». Kasik kasualitatez eman zuen azken jauzia, halere. «Irratiko lankide bat antzerki talde batean zebilen, eta, nik ahotsak jartzen nituenez eta ergelkeria asko esaten nituenez, ordezkapen bat egiteko deitu zidan behin, eta hala hasi nintzen». Telebistan, antzerkian eta zineman aritu da geroztik aktore, gidoigile eta baita zuzendari ere. Patxo Telleriarekin batera zuzendu zuen, adibidez, La máquina de pintar nubes filma, eta aitarekin pintatzen ibiltzen zeneko umetako oroitzapenak hartu zituen pelikulako gidoia eta giroa sortzeko.

Jenioa. Kritikarik ez zuen ezkutatu zuzendari gisa egindako lehen pelikula hura estreinatzerakoan. «Zinema egitea mirakulua da, eta, beraz, are mirakulu handiagoa euskal zinema egitea. Ziur aski leku guztietan antzekoak esango dituzte, baina orain arte oso zaila izan da lurrotan artista izatea. Garaiz gaude hori aldatzeko eta esan zahar hura bukatzeko; 'futbol jokalaria hobe bertakoa, eta artista kanpokoa'». Ez zen izan Telleriarekin batera filmatutako lan bakarra, ordea. Bypass filma ere zuzendu zuten. Euskaraz bigarren hori, eta aktore eta zuzendari aritu zen berriz.

Bi plazako aktore

Bi plazako aktorea izan da beti Mazo. Lan sorta egin du EITBrentzat, Barealdi magikoa pieza jokatzekoa zen gaur bertan Iruñeko Gaiarre antzokian Tanttaka konpainiarekin eta Anton Abadia pertsonaiaren rola ere jokatu zuen orain gutxi Bilbon Loraldia jaialdirako. Luzea da euskaraz egindako lanen zerrenda, eta maiz aritu da euskal sortzaileen aginduetara ere, baina Madrilen egin du bere ibilbide profesionalaren beste zati handi bat. Azaldu zuen poltsikoan bi giltza pare eramatearen zama. «Madrilen [ere banabil], Euskal Herrian ez dagoelako aktore izateko baliabiderik. Nahiz eta EITB zerbitzu publikoa izan, baldintza pobreetan egiten dituzte kontratuak eta Txillida izanez gero bai, baina, bestela, ezer gutxi dago hemen». Zorrotza zen bere deskribapena: «Hemen antzerki pixka bat egin daiteke, zinema kanpoan dago, eta telebista ukiezina da».

Drama zein komedia, bakarra zen helburua. Mazoren hitzak: «Jendea aho zabalik ateratzea da benetan gustatzen zaidana, berdin drama edo komedia den. Atera dadila burua gauzez beteta eta iraun diezaiola horrek». Mazoren lana azpimarratu du Eskena Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkarteak. «Gizon garrantzitsua izan da herri honetan». Agertokietako «profesional handi bat» galdu dutela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. «Beti egon da bere ofizioarekin, kulturarekin eta bere herriarekin konprometituta». Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilari ordeak Mazok oholtzan zuen «presentzia eta nortasuna» nabarmendu ditu, eta atsekabea azaldu du EiTB taldeak aktorearen heriotzagatik. Bertan ordura arte egindako lanez gainera, etorkizuneko proiektua ere aipatu du erakundeak. Izan ere, Aitaren Etxea izeneko telesailean parte hartzekoa zen Mazo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.