Prototipoak bienalak Euskal Herriko eta nazioarteko artistak batu ditu Bilbon

Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienala hartu du Azkuna zentroak beste behin. Diziplina desberdinetako hamabi proiektu ditu abiapuntu

Prototipoak bienalaren aurkezpena, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Erredakzioa
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Mundu osoko 11 artistak eta kolektibok parte hartuko dute Bilboko Azkuna zentroaren Prototipoak Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienalean. Dantza, eskultura, zinema eta hitza landu dituzte beren proiektuetan, besteak beste, eta performanceak, instalazioak, espazio publikoko esku hartzeak eta arkitektura lan iragankorrak aurkeztuko dituzte. Atzo inauguratu zuten aurtengo jardunaldia, eta larunbatera arte iraungo du, nahiz eta lan batzuk ikusgai egongo diren gerora ere.

Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek datozen mila urteetan ireki gabe egongo den kaxa beltz bat prestatu dute, Arqueología en reverso43º 15' 35” N 2º 56' 14,9” W izeneko proiektuan. Ainhoa Lekeriak, bestalde, esku hartze kolektibo bat egingo du zentroko erakusketa gunean, Deep Wishes, Promises and Hopes: musu emanez, karmin gorriz margotuko ditu hormak.

Laida Lertxundi zinemagileak zentro horretan sortutako 8 topaketa proiektua erakutsiko du: 16 milimetroko proiektu zinematografiko kolaboratibo bat. Fermin Jimenez Landak izozkia erabili du eskulturarako material gisa Un helado sabor sendero lanean.

Askotariko performanceak

Mexikoko Teatro Ojo konpainiak Deus ex machina lan eszeniko parte hartzailea aurkeztuko du, eta Ramon Williams kubatarrak, berriz, museoetako muntatze eta desmuntatze lanak erakutsiko ditu Museum Traces seriearen bidez. Ayse Erkmen turkiarrak site specific bat egin du Azkuna zentroko atariko sarrera nagusian dauden zutabeetako batean. Suitzako Gilles Jobin konpainiak Cosmogony performance digitala aurkeztuko du. Susana Velasco espainiarrak esku hartze bat prestatu du, Tierra de nadie izenekoa. Japoniako Orangcosong kolektiboak HitsudankaiFrom Now / Here, Silence tailerra eta performancea egingo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.