Zinema. Estreinaldiak

Psikoanalisiaren hirukia

Freud, Jung eta Spielreinen arteko harremana ekarri du pantaila handira David Cronebergek 'A Dangerous Method'-enViggo Mortensen, Keira Knightley eta Michael Fassbender ditu protagonista

Viggo Mortensen aktoreak jokatu du Sigmund Freuden rola Cronenbergen filmean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gaur egun Sigmund Freudek ez du inolako aurkezpenik behar. Psikoanalisiaren aita ofiziala izateagatik da ezaguna mediku austriarra, eta haren lanek egundoko eragina izan dute XX. mende osoan, medikuntzan, artean zein beste alor askotan. Nazien jazarpenetik ihesean, Vienatik joan egin behar izan zuen, eta Londresen hil zen, 1939. urtean.

Carl Jung eta haren ekarpenak ere oso ezagunak dira. Hasiera batean Freudekin lan egin ondoren, gerora bere bide propioa jorratu zuen. Psikoanalisiaren beste aitzindarietako bat izan zen, eta psikologia analitikoa delakoa sortu izanagatik da ezaguna.

Sabina Spielrein, ordea, ez da aurrekoak bezain ospetsua. Nolanahi ere, Errusian jaiotako mediku horrek psikoanalisiaren garapenari oso ekarpen garrantzitsua egin zion. Carl Jung zein Sigmund Freudekin harreman estua izan zuen, eta bien teorietan eragin ezinbestekoa izan zuen. Baina soilik Freudek onartu zuen Spielreinek berarengan izan zuen garrantzia; Jung haren maitalea izan zen, eta inoiz ez zuen onartu Spielreinen ekarpena jaso zuenik. Amaiera gogorra izan zuen: 1941. urtean naziek Errusian bere bi alabekin harrapatu eta judua izateagatik fusilatu zuten.

Psikoanalisia eta pasioa

Hiruki horren inguruan egituratu du bere azken filma David Cronenbergek: A Dangerous Method.Istorioa XX. mendearen hasieran dago girotuta; Zurichen abiatuko da filma, 1904. urtean. Carl Jung gaztea bere ibilbide profesionalaren hastapenetan dago, eta Freudek asmatu duen psikoanalisia edo hitzen bitarteko sendaketa probatzen ari da hiriko ospitale batean.

Han, Sabina Spielreinen sendatzeko modua bilatzen hasiko da. Gazte errusiarrak histeriarako joera du, eta hainbatetan oso jokabide bortitza agertzen du. Harekin izandako elkarrizketen bitartez, haurtzaroan pairatu dituen umilazioa eta erasoak ezagutuko ditu Jungek. Horrekin batera, sexualitateak bere gaixotasunean izan duen eragina susmatzen hasiko da.

Horrek guztiak Sigmund Freuden teoriara hurbilaraziko du Jung. Bi medikuen artean harreman estua hasiko da, Freudek bere jarraitzailetzat hartuko baitu Jung. Azkenean, Spielreinen tratamendua arrakastaz amaituko da, eta gazteak psikoanalista bihurtzea erabakiko du.

Hurrengo urteetan, hiru pertsonaia horien arteko harremana asko korapilatuko da. Batetik, Freud eta Jung elkarrengandik urrundu egingo dira, psikoanalisia garatzeko orduan dituzten desadostasunengatik. Bestetik, Jung eta Spielrein maitale izango dira, baina haien arteko harremana gatazkaz beterikoa da.

Filma 1913. urtera arte ailegatuko da. Jung eta Spielreinek elkar ikusiko dute, baina ordurako ezagutu duten mundua hankaz gora dago. I. Mundu Gerra hastear da, eta argi dago bakoitzak ahal duen moduan egin beharko duela aurrera.

A Dangerous Method film bitxia da David Cronebergen filmografiaren barruan. Berez, gaia oso lotuta dago kanadarraren ohiko obsesio nagusienetako batekin, gizaki orok ezkutatzen duen alderdi ilunarekin, alegia. Hala ere, orain arte kutsu biografikoa duten drama historikoak ez dira batere ohikoak izan haren filmografian. Zientzia fikzioa eta genero fantastikoaren barruan egin zituen lehenengo urratsak Cronenbergek, eta hasieran genero zuzendari gisa hartua izan zen.

Joan den mendeko 80ko hamarkadatik aurrera haren lanek gero eta estilizazio handiago lortu zuten, eta, fantastikoa guztiz alboratu gabe, eremu berrietara iristen hasi zen. Arrakasta komertzial handirik ez du inoiz erdietsi, baina kritikaren eta ikusleen aitortza izan du zuzendariak.

2002an egin zuen Spider lanarekin norabide berria hartu zuen Cronenbergek, eta thriller generora hurbildu zen. Bere hurrengo bi pelikulek, 2005eko A History of Violence eta 2007ko Eastern Promises-ek, mugarri bana ezarri zuten zuzendari beteranoaren filmografia aberatsean. Sari ugari lortzeaz gain, gaur egun Hollywoodetik kanpo lan egiten duen zinemagilerik errespetatuenetakoa bihurtu dute Cronenberg.

'A DANGEROUS METHOD'

Zuzendaria. David Cronenberg.

Aktoreak. Keira Knightley, Viggo Mortensen, Michael Fassbender, Vincent Cassel, Sarah Gadon, Katharina Palm.

Herrialdea. Kanada.

Urtea. 2011.

Iraupena. 93 minutu.

Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta abenduaren 21ean Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.