'Publikoari gorroto' izatearen alde onak

Xabier Mendiguren Elizegik idatzi eta Huts Teatrok taularaturiko obrak irabazi du Donostia antzerki saria

Manex Fuchs Publikoari gorroto antzezlaneko zuzendaria eta Ander Lipus aktorea. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ander Lipus eta Manex Fuchs, aktoreak izateaz gain, antzerki ekintzaile eta gogoetatzaile dira. Ohitzen ari dira Donostia antzerki saria jasotzera, biak ala biak. Fuchsek 2009koa irabazi zuen Le Petit Theatre de Pain konpainiak ekoitzitako Juglarea, puta eta eroa antzezlanaren zuzendari modura. Bi urte geroago, konpainia bereko kide gisa, aktore modura ordukoan, irabazi zuen saria. Artedrama eta Dejabu taldeen lankidetzarekin osaturiko Errautsak lana izan zen saria bereganatu zuena. Ander Lipusek parte hartu zuen antzezlan horretan, aktore. Lipusek 2005ean Antzerkiola Imaginarioko zuzendari gisara irabazi zuen sari bera, Yuri Sam obrari esker.

Aurten berriro biok elkarlanean eskuratu dute Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatutako XIII. Donostia antzerkia saria. Saria emateko ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo dute, martxoaren 27an, 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian.

Kepa Errastik (Euskal Aktoreen Batasuna), Pablo Barriok (EHAZE-Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), Ane Gabarainek (Aisge aktoreen kudeaketa elkartea), Agus Perezek (BERRIAko antzerki kritikaria) eta Norka Chiapusok (Donostia Kultura) osaturiko epaimahaiak antzezlanaren izaera «ezohiko eta ausarta» nabarmendu du, besteak beste, antzerkiari buruzko hausnarketa dela argudiatuz: «Antzerkiaren gaineko hainbat kontu aztertzen ditu, besteak beste, ikuslearen eta aktorearen rolen analisia eta antzerkiak gizartean duen zeregina. Epaimahaiaren esanetan, «testuaren jatorria da lanak duen beste balioetako bat, ahaztua zegoen testua arrakastaz berreskuratu baita». Xabier Mendiguren Elizegik idatzi zuen testua, 1985ean. Bi ikusle baino ez dituen antzezlan bat irudikatzen du. Epaimahaiaren iritzian antzezlan «probokatzailea» da, eta probokatzeko langintzan zeresan handia dauka aktorearen lanak, «Lipus bufoi ezin hobea baita». Antzerkiola Imaginarioarekin hainbat urtetako ibilbidea egin ostean, Huts Teatrorekin bide berri bati ekin zion Lipusek. Publikoari gorroto izan da bide horretako lehen emaitza. «Apustua egin dugu antzerkia euskara hutsez egitekoa. Euskal publiko bat egon eta sendotu litekeela uste dugu, eta halako sariek laguntza ematen dute bide horretan. Laguntza animikoa, baina baita ekonomikoa ere».

Huts Teatrok 10.000 euro eta Jose Luis Zumetaren margolan bat jasoko ditu sari gisa. 8.000 euro orain eskuratuko ditu, eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko, 2015. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian. Ikuskizun berri hori prestatzeko (proba saioak egiteko eta abar) bi aste egin ahal izango dituzte Luhusoko (Lapurdi) Harri Xuri produkzio gunean. Manex Fuchsek berak gune horretan bertan egiten du lan sarritan. «Sormena lantzeko eta sustatzeko gunea da, eta bertan leku berezia eskaintzen zaio euskarazko sorkuntzari. Mugaz gaindiko egitasmo hauek oso aberasgarriak dira», azaldu zuen atzo Fuchsek, sariaren berri emateko egindako aurkezpenean.

Datu onak Donostian

Ander Lipusen gogoa publikoarengana iristen jarraitzea da, nahiz eta modu ironikoan dioen bezala, «publikoa gorrotatu». Eta azken urtean Donostian euskarazko antzerkiak izan dituen datuen arabera, bide onetik doazela dirudi. 2012an inoizko eskaintzarik oparoena izan zen Donostian helduentzako 13 antzezlan eta 41 emanaldi eskaini baitira. Donostia Kulturak emandako datuen arabera, ikusleek eskertu egin dute egindako ahalegina eta inoiz baino ikusle gehiago izan du euskarazko antzerkiak: 6.543 ikusle, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.