Mundua deskodetzen laguntzeko 11 abesti bildu ditu Gernikako (Bizkaia) Sarkor taldeak hirugarren diskoan, hau da, Baga-Biga zigiluarekin plazaratutako Mundu kodifikatuen atzean lanean. Punk-rockaren bitartez, gizarteari eginiko 11 begirada kritiko dira. «Koloreetan saltzen diguten mundu happy horren atzean dagoena zuri-beltza dela iruditzen zaigulako, guztiz kaotikoa», adierazi du Asier Musategi bateria jotzaileak.
Abestietan musika eta hitzen bidez landuriko jarrerak diskoaren diseinuan ere badu isla. Markel Urrutiak eginiko ilustrazioek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Ustezko mundu lasai-eder-atsegin-bakezale-demokratiko-kolore ugariko horretan, alienazio, zapalkuntza, errepresio eta egiturazko indarkeria zitalaren errealitate zuri-beltza baizik ez dagoela uste dute musikariek.
Eta hainbeste krudelkeria salatzeko, Sarkorren punk-rockak indarrez egiten du bidea diskoan barna. «Abiadura handiko abestiak osatu dituzte; zikinak eta zorrotzak», Ritxi Aizpuru editorearen arabera.
Abiadura handiko kantuak izateaz gain, abiadura handian grabatutakoak ere badira. Mungiako (Bizkaia) Muxik-on estudioan grabatu dituzte Jorge eta Iñigo Etxebarrieta anaiek, egun bakar batzuetan. Diskoa Durangoko Azokara eraman nahi baitzuen Aizpuruk. Alta, otsailaren erdialdera arte ez dute emango diskoa aurkezteko kontzerturik.
Estreinako aldia da zigilu batekin lan egin dutena. Su emoten (2008) eta Sentimendurik gabe (2010) diskoak beren kabuz ekoitzi eta argitaratu zituzten. Mundu kodifikatuen atzean sortzeko eta plazaratzeko bidea, hein handi batean, beren kabuz ibili dute. Diskoa banatzeko lana nahiago izan dute Baga-Bigaren esku utzi.
Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azoka
Punk-rockarekin «mundu 'happy'-a» auzitan jarriz
Gizarteari kritika latza egin dio Sarkor taldeak 'Mundu kodifikatuen atzean' diskoan jasotako 11 abestietan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu