Kultura

Punk-rockaren ondarean sakonduko duen elkarte bat sortu dute Gasteizen

Euskal Herrian mugimendu horrek dituen baldintza historiko eta kulturalak aztertuko ditu Orbain kultur elkarteak.

Orbain kultur elkartea aurkeztu dute Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
aitor biain
2016ko martxoaren 14a
13:32
Entzun

Gasteizko kulturari “bultzada fresko bat” eman eta punk-rockaren ondare kultural, politiko eta soziala aztertu eta sakontzeko helburuarekin sortu dute Orbain kultur elkartea. “Teknikoki, punk, rock eta orokorrean musika alternatiboaren azterketa, kontserbazio eta hedapena bultzatzeko elkartu gara. Baina baita Euskal Herrian mugimendu horrek dituen baldintza historiko eta kulturalak aztertzeko ere”, azaldu dute elkartearen sortzaileek.

Izan ere, adierazi dutenez, “oharkabean” pasatzen da “mugimendu konformagaitzak” Euskal Herrian eta, batez ere, Gasteizen egindako ekarpena. “Zer litzateke gaur egun gure herria arrasto kultural hori gabe? Gaztetxerik gabe, irrati librerik gabe, fanzinerik gabe, komikirik edo manifa ateorik gabe? Horren guztiaren onarpenean aurrerapauso bat eman nahi dugu; hazia ereiten jarraitu nahi dugu”.

Besteak beste, Eskorbuto, RIP eta La Polla Recordsek utzitako ondarean sakonduko du elkarteak. Bada, kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak, jardunaldiak eta bestelakoak antolatuko dituzte horretarako. “Errekonozimendua nahi dugu Donnay edo Iradierrentzat, baina baita Hertzainak edo Cicatrizentzat ere. Gasteiz ez litzateke egun dena Esto saldrá bien, Lola eta halako ereserkirik gabe”.

Aurtengo agenda “nahiko zehaztuta” daukatela adierazi dute. Hala, besteak beste, AR LA kolektiboaren erakusketa izango da martxoan, Bruno Villarreal kalean duten egoitzan. Egun 80 bazkide ditu elkarteak, eta kopurua handitu ala ez erabakiko dute datozen egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.