Hilberria. Poly Styrene
Punka lehen, espirituala gero
Lehen punk kantari emakumezkoa izan zen Poly Styrene Erresuma Batuan. Astelehen gauean hil zen, 53 urte zituela, bularreko minbiziaren aurkako borroka ezin gaindituta. Haren twitter kontuan jakinarazi zuten berria modu ofizialean: «Baiezta genezake Poly Styrene ederrak, benetako borrokalari izan denak, astelehenean galdu zuela bere borroka goragoko lekuetara joateko». Marianne Elliot-Said zuen benetako izena. Bromleynjaio zen 1953an (Kent, Ingalaterra). Aita aristokrata somaliar bat zuen. Nerabezaroan hippy mugimenduak harrapatu zuen, eta, 15 urte zituela, etxetik alde egin zuen, xakelan bost libera baino ez zituela. Ingalaterrako punk loraldia bete-betean ikusi zuen, eta emakumezko lehen punk ikur bilakatu zen, X Ray Spex taldearen gidari gisara. Kantu itsaskorrak eta kontsumismoaren aurkako mezuak uztartzen zituen. Ibilbide laburra izan zuen talde horrek, disko bakarra plazaratu baitzuen banandu aurretik: Germ Free Adolescents (1978). Oh Bondage Up Yours!izan zen kanturik ezagunena, genero kontuen konbentzionalismoen aurkako aldarria. Bere burua feministatzat zuen Poly Styrenek. Bakarkako ibiliari heldu zion gero, musika lasaiago eta dotoreagoa eginez. Transluence kaleratu zuen 1980an, musika albo batera utzi eta espiritualtasunaren bideari ekiteko. Hare Krishna tenplu batean egon zen bolada luze samar batez. Izaera bipolarrak sorturiko arazoengatik, tratamendua jaso behar izan zuen. Agerpen publikoak noiz edo noiz egiten zituen azken urteetan. Duela hilabete pasatxo argitaratu zuen bere azken lana, Generation Indigo. Orain ez asko BBC kateari egindako adierazpenetan zera esan zuen: «Badakit, ziur aski, Oh Bondage Up Yours kantuagatik gogoraraziko nautela, baina zerbait espiritualagoa egin izanagatik gogora nazaten nahiko nuke».•
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu