«Punkaren tenplua zen hura». Hori da Roberto Moso Zarama taldeko abeslariak Bilboko El Garaje aretoaz dioena, eta esanguratsua da musikariak gogoratzen duen anekdota: «Guk bagenekien egiten genuena ez zela areto hartarako nahiko punka, eta horregatik espresuki entseatu genuen saio horretarako. Grabazioan ere igartzen da ohi baino nabarmen azkarrago jotzen dugula!». Tenpluaren neurrira. 1980ko hamarkadako punk-rock mugimenduaren erdigune nagusietariko bat izan zen lokal hura, eta bertatik pasatu ziren eszena hartako izen esanguratsuenetariko gehienak. Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak. Bilboko aretoak zabalik iraun zuen bi urteetan hamar taldek bertan jotako kantu bana berreskuratu dute orain binilo batean. Esanguratsua da bildumako taldeen zerrenda: MCD, Kortatu, Baldin Bada, Zarama, Vulpess, Decibelios... Bilbao. Mierda. Rock N Roll izena jarri diote diskoari.
Giro eta gune haren lekukotasun zuzena da lana. 30 urtean eduki ditu etxean gordeta Rafael Sanchez Merino Rafabilly El Garajeko musika teknikariak grabazio horiek, eta argitaratzea erabaki dute orain, azkenean.Victor Diez eta Alicia Folgadoizan dira lan horren ardura hartu dutenak. «Orduan areto hartan zer zegoen erakutsi nahi izan dugu. La Jaula izena zuen aretoak lehen, eta garrantzitsua zen, eta punkaren leherketarekin bat bete-betean hasi zen El Garaje. Areto hura omendu nahi izan dugu». Valentziako (Herrialde Katalanak) Vomito Punk Rock Records disko etxe independenteko kideak dira Diaz eta Folgado, eta pozarren dira bildumak jaso duen harrerarekin. Bostehun ale kaleratu dituzte, eta gehienak salduta dauzkate jadanik.
Zurrunbilotsua eta basatia
«Zurrunbilotsua». Halakoa da diskoak erakusten duen garaia Diaz eta Folgadoren hitzetan. Baina motz gelditzen da azalpen hori, Miguel Alferez Decibelios taldeko bateria jotzailearen hitzetan.Bertan izan zen bera jotzen, eta irribarrez gogoratzen du beren kontzertuko anekdota: «Emanaldia hasi eta hogei minutura botila bat jaurti ziguten. Buruan jo ninduen, konortea galdu nuen, eta anbulantzian atera behar izan ninduten handik. Hor bukatu zen gure emanaldia. Zurrunbilotsua baino zerbait gehiago ere bazen hango giroa. Basatia zen hura».
Ados dago azalpenarekin Moso, baina aretoak egindako ekarpena nabarmendu du berak. «Antolakuntza hobeada orain, soinua ere hobea, eta areto gehiago dago, baina El Garajeri esker izan da hori, hein batean».
Hamazazpi kantu ditu bildumak, orotara, baina gehiago ere izan zitezkeela dio Diazek. Grabazioaren kalitatea hartu dute kontuan hautaketa egiterakoan, baina baita taldeen nondik norakoa ere. Badira urteekin itzala irabazi duten taldeak —Kortatu eta Baldin Bada, adibidez—, eta baita diskorik kaleratzera heldu ez ziren beste batzuk ere. Hori da, esaterako, VicioSA, Gazte Hilak eta Irula Expressen kasua.
Punkaren tenplua
80ko hamarkadan El Garaje aretoan zuzenean jotako hamar kantu berreskuratu dituzte disko batean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu