Patricia Tapanes eta Yunet Lopez. Kubako kantuan adituak

«Punto kantua gure ondarea da, gure borroken memoria»

Kubako eskoletan repentismoa lantzeko proiektuetan parte hartzen dute Patricia Tapanesek eta Yunet Lopezek. Tapanes ikertzailea da, eta Yunet, berriz, tailerretako irakaslea eta inprobisatzailea.

Donostia
2016ko uztailaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kantu inprobisatuen inguruko transmisioa landu zuten atzo hizlariek Europa Bat-batean egitasmoaren barruan. Patricia Tapanes (Habana, Kuba, 1975) eta Yunet Lopez (Habana, Kuba, 1991) aritu ziren Kubako punto kantuari buruz hitz egiten eta haren transmisioa aztertzen.

Zein dira punto kantuaren ezaugarriak?

PATRICIA TAPANES: Punto kantua laborari kubatarren kantu eta akonpainamendua da. Hamarrekoa erabiltzen da estrofan, neurri autosilabikoa du, eta baita inposatutako errima ere. Harizko instrumentuen laguntzaz egiten da beti, lautea, tres kubatarra eta gitarra, eta, batzuetan, perkusio instrumentuak ere erabiltzen dira. Ez dago Kubako laborari eta nekazarien artean hainbesteko arrakasta izan duen beste kanturik. Inprobisatu edo interpretatu egin daiteke, eta horretan datza punto kubatarra.

Zein egoeratan dago kantu inprobisatu hori?

P.T.: Kuban, osasuntsu dago repentismoa edo poesia inprobisatua. Gaur egun, profesional adierazgarriak ditu, bai poetak eta bai instrumentistak. Nekazarien talde handiak ditugu, parranda irlaren erdialdean... Izugarria da irlan hainbeste aldaera ikustea.

Zein testuingurutan abesten da?

P.T.: Landa guneetan, batez ere. Decima, guk esaten diogun bezala, gune horietako kantua izan da beti, lehen esan bezala. Orain dela urte batzuk, hala ere, hirietara hedatzen hasi zen, jaialdi, topaketa eta mintegiei esker; inprobisatzaileak euren herrietatik irteten dira, eta, horrela, kantua beste leku batzuetara zabaltzen da.

Desberdina da hirietako punto kantua?

P.T.: Kantuak ezaugarri desberdinak ditu lekuaren arabera. Mendebaldean, bat-batean egiten da poesia, eta irlako erdialdea gehiago nabarmentzen da abeslari oso onak izateagatik, parranda guajira-k daude han. Ekialdean, ostera, idatzizko decima egiten dute. Baina Habanara joanez gero, zaila izango da kantu inprobisatua aurkitzea; gehienetan, landa guneetatik etorritako jendeak egiten du punto kantua hirian. Nekazaritza herrietatik gertu dauden hirietan, ordea, kantu desberdinak entzun daitezke.

Espainiatik herentzia jaso duela esaten duzue. Non ikus daiteke eragin hori?

P.T.: Kanariar eta andaluziar asko etorri ziren bizitzera, eta haien joan-etorriek eragin handia izan zuten. Harizko tresnen presentzian ikusten da Espainiaren eragina; lautea eta gitarra, esaterako. Gainera, guk punto kubatarra deitzen diogunak izen bera du Kanarietan; hamarrekoetan egiten da, eta instrumentuek laguntzen dute.

YUNET LOPEZ: Poeta kubatar batek decimari penintsulako bidaiaria deitzen zion.

Nola transformatu zen Espainiatik etorritako kantua?

Y.L.: Gitarra instrumentu espainola da; lautea, arabiarra, eta tresa, kubatarra; instrumentu horiek estrofa espainolarekin batu ziren, eta horrela sortu zen punto kubatarra. Gainera, inprobisatzeko era ere aldatu da, sentimenduak adierazteko modua.XX. mende hasieran, galdera-erantzunen bitartez egiten zen kantua, bakoitzaren kultura ezagutza neurtzen zen, eta, 1940ko hamarkadaz geroztik, konposizio poetikoa bilakatu zen, literaturako baliabideen sarrerarekin. Asko eboluzionatu du kantuak, eta poetak ditugu orain; Kuban ez da gauza bera repentista edo poeta inprobisatzailea izatea.

Zein da transmisio sistema tradizionala?

P.T.: Belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da beti, jaiolekuaren arabera, familiartean edo bizilagunen bidez; poeta askok ez dute familian tradizio hori izan, baina tradizioa presente egon da haien inguruan. Azken urteotan, haurrentzako repentismo tailerrak ere sortu dira, eta, bertan, jokoaren bitartez, inprobisazioaren arauak eta doinuak erakusten dira. Bi metodo horiek batu dira, eta, biak nahasita, modu natural batean ikasten da inprobisazioa.

Eskolak emateak aldatu du tradizioa?

P.T.: Tradizioak etengabe ari dira mugitzen, egoeraren arabera. Orain dela hamar urteko punto kantua eta gaur egungoa ez dira berdinak.

Kantu inprobisatua maskulinoa dela zenioten hitzaldian. Aldatu al da hori azkenaldian?

Y.L.: Tailerretan neska askoz gehiago daude mutilak baino, baina helduaroan gizonezkoen mundu bat da oraindik ere. Eskuekin zenbatzen baditut poeta emakumeak, sobran ditut hatzak; adin batera iristean, gizarteak seme-alabak izatera behartzen ditu emakumeak, senarra zaintzera, eta, horregatik, zaila izaten dute inprobisatzaileen bizitza bohemioa izatea. Hala ere, Kuban, emakumeei gustatzen zaie inprobisazioa entzutea, ezagutzen dituzte hamarrekoak eta kantuaren aldaerak.

Zergatik uste duzue punto kantua hain presente dagoela kubatarren egunerokoan?

P.T.: Irlak, migrazioaren ondorioz, aniztasun handia du, baina landa guneetako kantuarekin identifikatzen dira kubatarrak, beraiek sortu dutelako; gure ondarea da, gure borroken memoria. Beti izan da arma bat, mintzatzeko eta defendatzeko. Landa guneetako musika, gainera, oso lotuta dago nazioaren sorrerarekin, identitate nazionalaren agerpenarekin.

Zer gustatzen zaizue gehien bertsolaritzatik?

Y.L.: Amets Arzallus entzutean, harrituta geratu nintzen; oso originala iruditu zitzaidan, nahiz eta ezer ez nuen ulertzen itzulpena irakurri arte. Bertsolariek guk baino estilo libreagoa dute, eta badakite noiz eta nola sentiarazi gauzak publikoari.

P.T.: Gu asko harritzen gaitu bertsolaritzaren inguruan dagoen diziplinak eta antolaketak. Batasun eta errespetu handia dago, asko babesten da, eta gazteengan ere errotuta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.