Durangoko 50. Azoka. Gogoetaren plaza

Radarretik kanpo geratzen direnak

Ruper Ordorika eta Jon Maiaren ustez, orokorra da kulturaren prestigio falta, eta euskal sortzaileen ikusgarritasun falta eta lan baldintza estuak aipatu dituzte traba gehigarri modura.

Inigo Astiz
Durango
2015eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ozenak izan ziren publikoaren barreak Jon Maia dantzariak Gogoetaren plazan Ruper Ordorika musikariarekin batera egindako solasaldian entzuleak entsegu lokalaren bihotzeraino sartu zituenean. «Guk egunero entseatzen dugu, eta ni neu hizketan nagoen bitartean nire kideak entseatzen ari dira, eta askotan egiten dugu broma bera gure artean. Imajinatu gu goazela goizero entsegura, entseatzen dugula, dutxara, dutxatik atera eta 20 kazetari aurrean. 'Zer moduz joan da gaurko entsegua? Honek hanka bihurritu du, hurrengo emanaldia nola ikusten duzu? Bigarren ilaran jarri zaitu oraingoan, zuzendariarekin haserre zaude?' Eta hori egunero-egunero hiru aldiz gutxienez telebistako albistegietan. Euskal Herriko zenbat hedabidek daramate antzezlan edo dantza ikuskizun baten estreinaldia beren azalera? Niri bakarra bururatzen zait gertukoa, eta akabo». Euskal kulturaren prestigioa edo prestigio falta izan zuten mintzagai bi sortzaileek Gorka Erostarbe BERRIAko kazetariak gidatutako saioan.

«Gure kulturak ez du zorte handirik izan», laburtu zuen Orkorikak. «Talentu handia dabil hemen. Nik sentitzen dut eskaintza dela handiagoa eskaria baino. Gauza gehiago egiten da, entzuten dena baino eta irakurtzen dena baino. Eta ez dut esaten gehiago soilik numerotan, baizik eta baita kalitatean ere». Eta hor esaldia, esperantza apur batekin amaieran. «Ez dugu zorte handirik izan kultura alorrean herri honetan, baina aldatuko da». 1936ko gerrak eragindako etena azpimarratu zuen traba nagusien artean, baina azken urteetan erdal hedabideen aldetik izandako utzikeria moduko bat erebat aipatu zuen. «Gu hasi ginenean kantuan, ez zen euskal irratirik, eta Bilbo aldeko adin bateko jende guztiak ezagutzen du nire kantu bat: Fas fatum. Gaur egun irratietan ez litzateke entzungo, baina garai hartan euskal hedabiderik ez zegoen, eta horregatik jartzen ziren euskal sortzaileen lanak besteen parean. Euskadi Irratia hasi zenean euskaraz, trasbase handi bat gertatu zen. Beste irrati askok esan zutela euskarazko musikariek badutela beren espazioa, eta ez dituztela beraz hainbeste jartzen. Eta irratian gertatua gertatu da beste lekuetan ere. Euskarazko sorkuntzak euskaldunentzat soilik direla pentsatu dute zenbaitek».

Ez da soilik Euskal Herriko kontua, ordea, Ordorikaren hitzetan, eta begia argazki orokorrean ere jarri beharra aipatu zuen atzokoan musikariak. «Iruditzen zait kiroltasunez hartu beharra dugula. Euskal Herritik mundura atera diren musikari guztiak ez dira atera euskararen bitartez: Gaiarre, Fagoaga edo Ravel, adibidez. Eta gerora ere, diskoak hasi zirenean, gehienak espainolez edo frantsesez atera dira bertako kantariak. Lege konplikatua da hori guretzat, baina komeni da zooma pixka bat aldentzea. Komeni da pentsatzea inprobisazio gitarrista bat, Calatayudekoa, euskaraz kantatzen dugunok bezain marjinatua dela estiloagatik. Badago homologazio bat entzungai dena irratietan, eta homologatua ez den hizkuntza batean kantatzea da estilo bitxi batean sartzea, eta horrek jartzen zaitu Brooklyngo inprobisatzaile baten parean. Radarrak ez zaitu harrapatzen».

Alabak ganbaran

Prestigio faltarena ez da berria, eta barrez jarri zuen publikoa berriz ere Ordorikak pasadizoarekin. «Ezagutzen ditut profesional handiak nekez bizi daitezkeenak egiten dutenarekin. Ez nuke ziniko izan nahi, baina herri musikak beti izan du horretatik. Duela 80 urte herri musikariak iristen ziren herrira festak zirelako, eta etxe oneko amek alabak ganbaran gordetzen zituzten halako pertsonaiekin nahas ez zitezen». Horra Ordorikaren irudipena: gaur egungo gizartean lotuta doaz erabat prestigioa eta dirua. «Gaurko gizartean baldin badago neurgailu bat, neurgailu hori da sosa. Eta izen handi bat botatzearren zerendako da Picasso hain prestigiotsua? Bere obragatik dudarik gabe, baina baita haren obragatik ordaintzen denagatik ere».

Lanbidearen prekaritatearekin lotu zuten bi sortzaileek prestigioaren ideia behin baino gehiagotan hitzaldian. Eta aipatu zuen neurri bat ere Ordorikak: Ipar Euskal Herriko sortzaileek ezagutzen duten intermitentzia sistemaren gisako zerbait sortzea Euskal Herri osorako.

Maiaren ustez, egon badaude gauza interesgarriak euskal kulturgintzan han eta hemen, norabide orokorraren falta sumatzen du. «Badirudi negarrez ari garela beti, eta gauza positibo asko ditugu. Baditugu sortzaileak eta azpiegiturak. Baditugu gauza oso positiboak, baina nik faltan sumatzen dut hori sendotzea eta norabide batean jartzea». Hor Maiaren kritika, eta ados Ordorika ere. Eta, berriz ere, barre publikoak. «Egiazki hasi herrietako antolamendutik eta goraino , iruditzen zait batzuetan kulturan gertatzen dela soinuaren munduan monitoreetan daudenekin gertatzen dena, eta hori da jartzen dituztela hor aurrez sekula soinuarekin lan egin ez dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.