Martutene Ramon Saizarbitoriaren eleberri mardula saritu du Euskadi Literatura sarietako epaimahaiak. Bederatzi urteko etenaren ostean —Kandinskyren tradizioa aurreko nobela 2003koa da—, kaleratu zuen joan den urteko udazkenean Erein argitaletxearen eskutik. Epaimahaikideek Martutene irakurtzearen plazera nabarmendu dute: "Oroz gainetik nabarmentzekoa da nobela honen irakurtzeak dakarren plazerra. Izan ere, orrialde bakoitzean nabaritzen den tentsioak irakurtzen jarraitzera bultzatzen gaitu".
"Pozik" jasoko du Saizarbitoriak saria, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan duenez, "gutxienez saria ematea erabaki duen epaimahaikideei asko gustatu zaielako". Sariak bigarren aukera bat ematen du, gainera, irakurlea liburu honetara gerturatzeko. Hala ere, saririk gabe ere "berdin-berdin" idatziko luke, gaur egun "beharrezkoa" duelako, bere buruarekin "bakeak egiteko", bere burua "ulertzeko".
Hiru pertsona izan ditu gogoan Saizarbitoriak. Max Frisch, haren Montauk obrak izugarrizko garrantzia duelako Martutene-n; Koldo Izagirre, "eskaini zidan lan baliotsuagatik", eta Joseba Gabilondo "kritikari guztien izenean".
"Ez da nobela erraza" aitortzen duenez, baina irakurtzea "gainbaloratua" dagoela uste du: "Ez da edozer gauza irakurri behar". Gehien estimatzen duena da, berriz, jendeak komentatu dizkion gauzak berak idatzitakoen gainean.
Orain, eleberria gainetik ezin kendu dabilela aitortu du. "Nahi nuke Martutene ahaztu, baina ezin dut, eta behar dut lehenbailehen gainetik kendu". Liburua idatzi ondoren, itzulpenarekin aritu zen eta orain berriz etorri zaio sariarekin.
Gaztetxoentzat ari da orain "zer edo zer" idazten. "Hortxe dauzkat gauza batzuk, baina ez dakit argitaratzekoak diren edo ez. Berriz ez ditut irakurri, baina bai, ari naiz".
Itzulpen saria
Mark Twainen Tom Sawyer-en abenturak eleberri klasikoak jaso du Itzulpeneko saria. Iñaki Mendigurenek eta Sarah Turtlek egin zuten itzulpena eta Galtzagorri Elkarteak sortutako Klis-klasikoak bildumaren baitan argitaratu zen iaz.
Ilustrazioko saria Elena Odriozolarentzat izango da Tropecista lanarentzat egindako lanagatik. Jorge Gonzalvoren testu baten gainean egindako lana da Odriozolarena eta Barbara Fiorek argitaratu zuen iaz. Gaztelaniaz egindako albuma da.
Azkenik, gaztelaniazko literaturako saria Ramito Pinillarentzat izango da Aquella edad inolvidable lanagatik
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak adierazi du Euskadi Sarien balioa nabamendu nahi izan du: "Euskadi sariak nolabait ere, gure sari nazionalak dira. Guztiontzako dira garrantzitsuak lan hauek. Gizarte osoarentzat".