Hilberria

Ramon Serras hil da, Zarauzko Photomuseumen sortzailea

Argazkilaritzarekiko afizioa aitarengandik jaso zuen Serrasek, eta modu autodidaktan hezi zen ofizioan. Hamaika tokitan erakutsi zituen bere obrak, baita nazioartean ere. Zarauzko Argazkizale Elkartea eta Photomuseum sortu zituen. 77 urterekin zendu da  

Argazkilaria Photomuseumen,artxiboko argazki batean. JON URBE/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 1a
14:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Argazkilari sonatua ez ezik, ofizioaren dibulgatzailea ere izan zen Ramon Serras (Zarautz, 1943- 2021). Atzo hil zen, 77 urte zituela, lan oparoa utzita: izan ere, ehun erakusketa baino gehiagotan parte hartu zuen, eta haren izena lotuta dago ezinbestean Zarauzko Argazkizale Elkartearekin eta baita hango Photomuseum museoarekin ere, bien ala bien sortzaileen artean baitago argazkilaria.

Etxetik bertatik jaso zuen argazkilaritzarekiko afizioa, aitarengandik zehazki, eta 70eko hamarkadaren bukaeran eman zuen afizioa ofizio bihurtzeko lehen pausoa, argazkilaritzan hezten hasi baitzen bere kabuz. 1982an bere lehen erakusketa antolatu zuen, Zarautzen (Gipuzkoa) bertan, Sanz Enea kultur etxean; beste hainbatetan erakutsiko zituen bere lanak jaioterrian, baina dagoeneko Leopoldo Zugazarekin batera sortua zuen Photomuseumen. 1993an hasi zuen ibilbidea museoak. Ez zen izan argazkilariak bultzatutako instituzio bakarra: 1980an, Zarauzko Argazkizale Elkartea sortu zuen, eta bertako zuzendari ere izan zen, sorreratik 1985. urtera arte.

Hala ere, Zarauzetik kanpo ere ezagunak izan ziren Serrasen obrak, eta nazioarteko oihartzuna izan zuen, erakusketak antolatu baitzituen Italian eta AEBetan, besteak beste. Sariak ere ez zituen gutxi izan, nazioartekoak horietako batzuk, baina sorlekutik ere etorri zitzaion aitortzarik: 2018an, Kultur Merezimenduaren domina eman zion Zarauzko Udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.