Diskrezioa eta zuhurtasuna zituen ezaugarrien artean nabarmenenetako bi Mikel Olaziregi Donostiako Zinemaldiko aurreko zuzendariak, eta ezinbestean ezaugarri horiek ere baziren jaialdiarenikur azken urte luzeetan. Bestelako nortasuna du Jose Luis Rebordinos egungo zuzendariak, eta lehen urtetik egin du ahalegina jaialdiak bere izaeraren usaina har dezan, edo lehen zertzelada batzuez kutsa dezan.
Berlingo jaialdian egin ohi den izen bereko sailari keinu eginez, sukaldaritza eta zinema uztartuko dituen Culinary Zinema sail berria, eta Beldurrezko eta Fantasiazko gaueko saioen izaera bihurria berreskuratu nahi duen Zabaltegi-Gauerdiko Bereziak deiturikoa, Rebordinosen buru galbahetik zuzenean ateratako ideiak dira.
Horrez gain, nazioarteko nahiz bertako industria erakartzea da Rebordinosen helburu nagusietako bat, eta, horretarako, zuzendaritza berriak ahalegin berezia egin du epaimahaiko kideen eta sail ofizialeko filmetako zuzendari eta aktoreen ohiko presentziaz gain, gainerako sailetako protagonistak ere Donostian izan daitezen.
Atzo eguerdian iritsi zen Donostiara Frances McDormandaktore estatubatuarra eta aurtengo Zinemaldiko epaimahaiburua. Maria Cristina hoteleko sarreran agurtu zuen Rebordinos, argazkilarien aurrean une labur batez argazkietarako jarri eta bere gelan atseden hartzera ezkutatu zen. Atzo iritsi ziren, halaber,Bai Ling aktore txinatarra eta epaimahaiko kidea etaIntruders filmeko lantaldea ere: Juan Carlos Fresnadillo zuzendaria eta Clive Owen eta Carice Van Houten aktoreak, besteak beste. Lan horrek zabalduko sail ofiziala, gaur.
Lehena eta azkena lehiaz at
Lehiatik kanpo erakutsiko dute gaur Intruders, eta halatsu egingo dute hilaren 24an Intouchables amaiera eguneko filmarekin ere. Rodrigo Garciaren Albert Nobbs eta Asier Altunaren Bertsolari ere lehiatik kanpokoak izango dira. Beste hamasei film, ordea, lehia betean ariko dira, Hirokazu Kore-eda (I Wish), Arturo Ripstein (Las razones del corazón), Kim Ki-duk (Amen), Terence Davies (The Deep Blue Sea), Isaki Lacuesta (Los pasos dobles), Ana Katz (Los Marziano) eta Enrique Urbizuren (No habrá paz para los malvados) azken lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste.
Zabaltegi sailak beste zinema jaialdietan urtean nabarmendu izan diren filmak biltzen ditu. Aukera zabal eta interesgarria izango da aurtengoa. Besteak beste, honako hauek ikusi ahalko dira: Terrence Malicken The Tree of Life —Cannesko Urrezko Palma jaso du eta Fipresci saria jasoko du—, Asghar Farhadiren Nadirand Simin, A Separation—Berlingo Urrezko Hartza jaso zuen— eta Steve McQueenen Shame —Veneziako Mostran arreta handiena izan du—. McQueen bera eta film horretako protagonista Michael Fassbender ere izango dira Donostian. Gainera, Aki Kaurismakiren, Nadine Labakiren eta Johnnie Toren film berriak, eta The Artist eta Drive Oscarretarako hautagai eta aurtengo ezustekoak ere ikusi ahal izango ditu, Zinemaldira datorrenak.
Sail ofizialean eskainiko dute Asier Altunaren Bertsolari. Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean emango dute, berriz, Telmo Esnalen Urte berri on, amona! Zinemira sailean ikusi ahal izango dira euskarazko beste filmak: Imanol Rayoren Bi anai, Alberto Gorritiberearen Arriya, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Gotzon Elortzak egindako euskarazko lehen dokumentalak: Aberria (Erria), Elburua Gernika eta Ereagatik Matxitxakora.
Deneuve bai, Gray ez
Jaques Demyri eskainitako zikloak erakarrita, Donostian izango dira Catherine Deneuve eta Anouk Aimee, biak ala biak zinema zuzendari frantziarraren aktore enblematikoak. Europako zinemagintzako aktorerik sonatu eta kutunenetako bat da Deneuve. Demyren Les parapluies de Cherbourg (1964) filmeko protagonista izan zen, eta Donostia saria eskuratu zuen 1995ean. Glenn Close aktore estatubatuarrak jasoko du aurtengoa. Batez ere, Federico Fellinirekin lan egiteagatik gogoratzen du zinemazaleak Aimee: La dolce vita (1960) eta Fellini 8 1/2 (1963) lanetan parte hartu zuen. Arrazoi horregatik, aktoreak Donostian Fellini. Ilusioen zirkua erakusketa bisitatuko du, bide batez.
James Gray zuzendari estatubatuarra ere Donostian izatekoa zen, Walter Hillekin batera AEBetako zinema beltzaren inguruko atzera begirakoa aurkezteko asmoz, baina, osasun arazoak direla eta, ezin izango du Donostian izan. Antolakuntzari bidalitako mezu baten bidez jakinarazi zuen atzo albiste tamalgarria zuzendariak berak. «Erabat goibeldurik nago, betiko ametsa izan baitut zinema jaialdi horretan parte hartzea, baina oraingo honetan ezin izango da. Zuekin laster egotea espero dut». Grayren Little Odessa estreinako lana (1994) emango dute zikloan, zeina Venezia eta Deauvilleko jaialdietan saritu zuten.
Donostiako 59. Zinemaldia
Rebordinosen aroko lehena
Juan Carlos Fresnadilloren 'Intruders' thriller fantastikoak zabalduko du Zinemaldia, gaur; bederatzi egun iraungo duRipstein, Kore-eda, Davies eta Lacuestaren filmak lehiatuko dira, besteak beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu