‘Rec’ botoia sakatzea besterik ez da falta Getxophotori hasiera emateko

Getxoko nazioarteko irudi jaialdiak 19. aldia du aurten, eta ostegunetik aurrera 23 erakusketa egongo dira ikusgai herrian barna. Hainbat gai jorratu dituzte artistek: besteak beste, amatasuna eta lana, turismoa, gerrako irudiak eta paradisu fiskalak.

Getxophoto jaialdiko erakusketetako bateko argazkia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Getxophoto jaialdiko erakusketetako bateko argazkia. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2025eko maiatzaren 27a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ostegunean abiatu eta ekainaren 22ra bitarte egingo dute aurtengo Getxophoto nazioarteko irudi jaialdia. Hemeretzigarren aldia du, eta, guztira, 23 erakusketak jantziko dituzte herriko kaleak eta plazak. Aurten ere Maria Ptqk izan da komisarioa. Hirugarren urtea du lan horretan, eta, jaialdiaren ohiturari jarraikiz, azken urtea izango du. 

Gaur egin dute aurkezpen prentsaurrekoa, Algortako Portu Zaharreko Arrantzale plazan. Antolatzaileek jaialdiaren nondik norakoen berri eman dute, eta aurtengo erabakitako gaia azaldu. Duela bi urte pausa izan zen gaia, eta iaz, berriz, play. Horregatik, eta horri jarraipena eman nahian, Rec terminoa proposatu du Maria Ptqk komisarioak. Rec ingelesezko Record (grabatu) hitzaren laburdura da, eta ondorengoa diote jaialdiko ordezkariek terminoaren inguruan: «Gure pantailetan zirkulu gorri gisa agertu ohi da, eta erregistrora, memoriara, iraganari buruzko kontakizunera eta irudiak duen errealitatearen lekuko izaerara garamatza».

(ID_15007102) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2025-05-27, Getxo. Getxophoto jaialdia eta erakusketaren aurkezpena
Getxophoto jaialdiko erakusketa bateko argazkiak. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Askotariko herrialdeetako artisten lanak ikusteko aukera izango da aurten ere. Horietako bat izango da Annie Hsiao-Ching Wang taiwandarrarena. Azken urteetan arrakasta lortu duen The Mother as a Creator seriea aurkeztuko du. Lan hori amatasunaren eta sortzailearen jardunaren uztarketa bat da. Izan ere, artista bera ikusiko du ikusleak, semearen aldamenean. Bere buruari atera dizkio argazkiak, eta egindako azken argazkia hurrengo argazkian sartu du. «Amaren eta semearen arteko harremana nola eraldatzen duen sumatzen uzten digu, konplizitate, urruntze eta adiskidetze uneekin», nabarmendu dute antolatzaileek kazetariei bidalitako oharrean. 

Ereagako hondartzan, berriz, Natacha de Mahieu argazkilari belgikarraren Theatre of Authenticity lana egongo da ikusgai. Sortzaileak turismoa hartu du gaitzat. Toki turistiko bat aukeratu, epe laburrean toki horretako ehunka argazki egin, eta konposizio bakarrean bildu ditu; turista bakarreko erretratatuak eta jende pilaketak, denak ikusarazten ditu. Horregatik, toki ez hain ezagunak aukeratzen ditu, itxuraz turismoaren eragin txikiagoa jasaten dutenak.

Era berean, Federico Vespignani argazkilariak aurkeztuko du erakusketa esanguratsuenetako bat da. Bildumak galdera bat du oinarrian: «Zer egin gerrako eta genozidioko irudiekin?» Izan ere, Short-Term. But Long-Term lanak Israelgo armadako soldaduek 2024an Gazako zerrendatik zitak edukitzeko aplikazioetan argitaratutako 500 irudi jasotzen ditu. Hortaz, erabateko gaurkotasuna daukan gaia jorratu du artistak. Antolatzaileek adierazi dutenez, jaialdia sortu zenetik lehen aldiz jasoko dituzte irudi belikoak «masan eta bitartekorik gabe, protagonistek jasoak eta emanak». 

Argazkietatik haratago

Erakusketa fisikoez gain, jaialdiak programa digital berezi bat proposatu du. Hala, nahi duen orok noiznahi eta nonahitik programazio bereziaz gozatzeko aukera izango du.

Erakusketa ostegunean zabalduko den arren, ostiralean egingo dute irekiera ekitaldi ofiziala. Izan ere, egun horretan beren lanak aurkeztuko dituzte hamabost artistak eta komisariok. Areetako Andres Isasi antzokiko pantaila handian egingo dute hori, 19:30ean.

(ID_15007041) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2025-05-27, Getxo. Getxophoto jaialdia eta erakusketaren aurkezpena
Getxophoto jaialdiko erakusketetako bateko argazkia, eta ondoan gizon bat, argazkiari argazkia ateratzen. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

Beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte irekiera asterako. Besteak beste, larunbatean, egunerokoan jasotzen diren irudi oldeen inguruan hausnartuko dute arloko zenbait adituk, Punta Begoña galerietan. Horien artean izango dira Nathalie Herschdorfer Lausanneko Photo Elysee museoko zuzendaria, eta Clothilde Morette Parisko Argazkilaritzaren Europako Etxea museoko zuzendari artistikoa.

Egun berean, baina arratsaldez, selfieak egiteari eta halako argazkiak ateratzeko «obsesioari» buruzko gogoeta egitea proposatu dute, «modu jolasti eta parte hartzailean». Bi jarduera antolatu dituzte horretarako. Lehena, multi-fotomaton instalazio interaktiboa da, eta aukera ematen du pertsona berari ikuspegi desberdinetatik argazkiak ateratzeko. Algortako Kasinoan jarriko dute, 20:00etan, eta ordu horretatik aurrera erabilgarri egongo da hilabete osoan. Bestalde, 18:00etan, Dibujamaton izeneko gailua aktibatuko dute Tellagorri plazan, marraztutako erretratuak sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.