Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

R.E.M.-en hiru album (ez dira nahikoak)

2025eko maiatzaren 25a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurten 45 urte bete dira lau adiskidek (Bill Berry bateria-joleak, Peter Buck gitarristak, Mike Mills baxuak eta Michael Stipe kantariak) lehen kontzertua eman zutela, Georgiako Athens-en. 1960ko hamarraldiko poparekiko maitasunak eta punkaren iraultzaren ondoriozko etika alternatiboak elkartu zituen, AEBko Hegoalde sakonaren erdian paradisu unibertsitario artya zen hiri hartan: handik atera ziren orobat The B-52’s edo Pylon bezalako taldeak, urte batzuk geroago Seattlek jokatuko zuen mintegi papera aurreirudikatuz. Soinu sintetikoek eta hair metal melengenak menderatutako panoraman, gitarretan oinarritutako pop-rockerako itzulera baten protagonistak izan ziren, Britainia Handian The Smithsek egin zutenaren antzera (haiekin konpartitzen zuten beste ezaugarri bat: kantariaren anbiguotasun sexuala, horren hezitzailea gertatu zitzaiguna askori). Nahiz eta konparazioak hor amaitzen diren: manchestertarren karrera esplosibo eta gaizki amaituaren ondoan, R.E.M.-en ibilbidea urratsez urrats eraiki zen, kontzertuen zirkuitoan pasio stakhanovistaz zailduz eta etxe semi-independente batean album gero eta distiratsuagoak argitaratuz, halako batean, kontratu milioiduna besapean, multinazional erraldoi batera jauzia eman eta mundua menderatzen hasi arte. Eta, musika komertzialaren alorrean lor zitekeen guztia lortu ondoren, banatu ziren arte, 2011n. Duela gutxi historia hori gogorarazi didan biografia on bat eskuratu dut (Peter Ames Carlin-en Este grupo se llama R.E.M., Contra, 2025), eta atzera entzun ditut disko haiek guztiak. Arazo potolo bat planteatu didana Zimiterio honetarako: nola aukeratu soilik hiru, guztien artean? Jakinda ez direla nahikoak izango, noski. Antzinako fan pureta gisa, tentazioa handia da taldearen lehen garai autentikoagotik hiru hautatu eta hor konpon egiteko, baina inpartzialago izatea erabaki dut azkenean, eta hamarkada bakoitzeko bati kasu egitea.

'FABLES OF THE RECONSTRUCTION'

(ID_17476473967485) R.E.M. Fables of the Reconstruction diskoa

Bai, pureta naiz, baina ez horrenbeste Murmur album (1983) xarmangarri baina oraindik primitiboxea aukeratzeko, fan amorratuenek egingo luketen bezala. Nire aukera agerikoena Reckoning litzateke (1984), harekin ezagutu bainuen banda, baina horretaz aritu nintzen jada Biodiskografiak liburuan (Erein 2011), eta ez errepikatzearren Fables of the Reconstructioni ekingo diot, R.E.M.-en hastapenen lagin bikaina ere badelako: The Byrds gogora ekartzen duen gitarra soinu garbia (ai Peter Bucken Rickenbaker hura…), Stipe, Mills eta Berryren arteko ahots-harmoniak, tutik ere ulertzen ez diren hitz kriptikoak baina, hala ere, musika dirdaitsuarekin batera, parrastaka, asko ematen dutenak aditzera... Aurreko elepeetan bezala, oinarria gitarrra-baxu-bateriaz taxututako folk-rocka da, baina hemen beztituxeagoa ageri dena (biolin eta haize ukitu batzuk, organo zenbait...), Joe Boyd produktorearen ekarpenen eskutik: taldea Londresera joan zen hura grabatzea, Fairport Convention edo Nick Drake gisakoekin aritutakoaren seiluaren bila. Agian horregatik atera zitzaien horren album hegoaldetarra («Berreraikuntza» Sezesio Gerra osteko aroari erreferentzia historikoa bezain ironikoa ere bada: R.E.M. beti izan zen talde politikoki ezkertiar bat, zeharka bada ere): Georgiaren mina sentitzen zuten, eta ez da harritzekoa abesti batzuei darien kutsua. Driver 8 martxosoa eta Feeling Gravitys Pull aztoragarria dira album honetatik gehien aipatu ohi diren kantak, baina nire kutunak Maps and Legends, Green Grow The Rushes eta Kohoutek dira. Ez dago ale txar bat ere, edonola, eta lan honek taldea prest utzi zuen hurrengo hiru disko rockeroago-zuzenagoekin egingo zuen jauzirako (Lifes Rich Pageant, 1986, Document, 1987 eta Green, 1988), zeinaren ondorioz kultuzko banda izateari uzten hasi baitziren.

'OUT OF TIME'

(ID_17476470600895) R.E.M. Out of time diskoa

Harrapatu nauzue: disko hau ez sartzeko bulkada izan dut. Azken finean, honekin egin ziren benetan masiboak R.E.M., eta hasieratik jarraitzaile ginenon esklusibotasun ergela betiko amaitu zen... Gainera, onartu beharrean nago: Losing My Religion-ek, entzutearen entzutez, guztiz akitu ninduen. Baina izan nadin justua: diskoa oso ona da, eta saihestezina Athensekoen diskografiaren edozein ganorazko errepasotan. Ordura arte egin zuten askotarikoena izan zen, eta baita organikoena ere: hemen hariak, saxoak, pianoak, mandolinak, teklatuak... ez dira, aurreko elepeetako kanta batzuetan bezala, «kolorea» emateko gehigarriak, baizik eta erabat integratuta daudela bandaren soinuan; are hip-hop zantzuak sartzera ausartzen dira, irekierako Radio Song epikoan, eta ez dira lotsagarri geratzen. Rockaren aldera lerratutako aurrekoak ez bezala, hau disko nabarmen pop bat da, eta batzuetan gaiek goibeltasun puntu bat duten arren (Losing My Religion, azken finean, erkidetasunik gabeko maitasun baten inguruko kanta da), disko oro har argitsua da, alaia, mugitzera bultzatzen zaituena: Shinny Happy People, The B-52’s-eko Kate Piersonen ahotsaren laguntza estimaezinarekin, munduko kantarik ergelena, bai, baina baita ederrenetako bat ere. Ebidenteki, hori ez da dena: bertan daude Near Wild Heaven (nire gogokoena), Country Feedback, pedal steel iradokitzaile horrekin, edo lehenengo garai heroikoak gogora ekartzen dituen Me In Honey. Metafora guztiak harrapatzea zaila den arren, hitzak zuzenagoak, berehalakoagoak dira (azkenik). Izenburuari ironia dario alde guztietatik: ziur nago taldeak ondo baino hobeto zekiela, grabatzera sartu zelarik, Zeitgeistarekin bete-betean konektatuko zuela: «denboraz kanpo», bai eta zera ere.

'LIVE AT THE OLYMPIA

(ID_17476470985945) R.E.M. Life at the Olympia diskoa

Eta, ostean, erregealdi luzea, Automatic for the People orobat arrakastatsuarekin (1992), grungez infektaturiko Monster-ekin (1994), etab. Ondoren, Bill Berry bateriaren irteera (osasun arazoak, eta rock izarraren bizitzarekiko nekea), hirukotearen jarraitzeko erabakia, eta, saihestezin, gainbehera mantsoa, unean uneko atal erreskatagarriekin, noski, baina baita aitzakiarik gabeko desastreekin ere (2004ko Around the Sun). Bada, legendak dioenez, horixe beragatik erabaki zuen R.E.M.-ek jarraitzea: erakusteko oraindik gai zela elepe biribil bat egiteko; horixe zen 2007ko Accelerate-k burutu nahi izan zuena. Baina, baimena ematen badidazue, tranpa txiki bat egingo dut, eta estudioko lan bat aukeratu ordez, ondoren argitaratu zuten zuzeneko honekin itxiko dut gaurkoa... nahiz eta ez den horren tranpa, disko bikoitz hau estudiokoa baino lehenago grabatu zelako: material berria publiko aurrean probatu zuten, sarerik gabe, kanta zaharrekin nahastuz, ea ondo uztartzen ziren. Bada, primeran atera zitzaien: aukeratu zituzten gehienak ez ziren loriazko aro masibokoak (kasu: ez dago Out of Timeko bat ere ez), baizik eta I.R.S. garaikoak. Eta, bitxi berriekin nahastuta (Living Well Is the Best Revenge, I’m Gonna DJ...), beti bezain emozionanteak, So. Central Rain, Pretty Persuasion, Cuyahoga handia... Albuma ikaragarria da, baina kontua ebatzita zegoen jada: R.E.M., ordura arte, oro har, eta zorte gehiagorekin edo gutxiagorekin, bide berrien bila ibilia zena, atzera begira jarria zen, amaierarantz joz erremediorik gabe: lan bat gehiago (Collapse into Now, 2011), eta etxera erretiratu ziren, adiskide bezala betiere. Eta, zorionez, itxura batean, ez itzultzeko asmo irmoarekin, halakoak aldarrikatzen dituzten gehienek, hangoek eta hemengoek, ez bezala. Betiko bizi dadila R.E.M., ze demontre!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.