Literatura

'Reset' eleberri distopikoa ondu du Aitziber Etxeberriak

Zientzia fikzioaren bidez, gaur egungo munduaren ajeak agertu ditu Aitziber Etxeberriak. Besteak beste, klima aldaketaz, teknologiak hartu duen abiaduraz, jendeari ezartzen zaion kontrolaz, bortizkeriaz eta klase sozialez mintzo da 'Reset'-en.

Aitziber Etxeberria idazlea, 'Reset' eleberria eskuetan duela. GORKA RUBIO / FOKU
Aitziber Etxeberria idazlea, 'Reset' eleberria eskuetan duela. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko uztailaren 2a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Teknologiaren gehiegikeria eta deskarbonizazioa kezka iturri ditu Aitziber Etxeberria idazleak (Zarautz, Gipuzkoa, 1973), eta ezinegon horretatik ernatu da haren bosgarren eleberria: Reset. Erein argitaletxearekin plazaratu du lan berria, Tango urdina (2004), 21 Baioneta (2008), Nomada (2016) eta Olivetti (2020) nobelak bezala.

Nobela distopikoen osagai guztiak ditu Reset-ek: klase sozialetan banatutako gizarte teknologiko aurreratua, bortizkeria, goi mailakoen gehiegikeriak, ongizatearen aitzakian ezarritako kontrol erabatekoa eta disidentzia, adibide batzuk jartzearren.

Lanari ekin zionean, baina, ez zuen uste zientzia fikzioa idatziko zuenik, gaur egungo erronka nagusiak baitzerabiltzan gogoan: teknologiak eragiten duen menpekotasuna, gailuei ematen zaien informazioa eta berorien bidez ezartzen den kontrola, kasurako: «Saltsa eta anabasa handia dago, eta gure bizitzaren gaineko kontrol hori, berriz, gutxi batzuen eskuetan pilatzen da».

«Saltsa eta anabasa handia dago, eta gure bizitzaren gaineko kontrol hori, berriz, gutxi batzuen eskuetan pilatzen da»

AITZIBER ETXEBERRIAIdazlea

Klima aldaketak ere zer pentsa handia ematen dio Etxeberriari, aspaldidanik: «Gure ohiturak aldatu behar ditugu, baina adostasun handirik ez dago horretan, deskarbonizatze prozesua estuki lotuta dagoelako ekonomiari eta familien biziraupenari. Aldaketa momentu handi batean gaude».

Hain zuzen, halako burutapenetan murgilduta zegoen Etxeberria nobela bat idaztea otu zitzaionean. Buelta asko eman omen zizkion planteamenduari, baita ikuspegiari ere: «Dena oso momentukoa denez, eta perspektiba luzerik ez dugunez, bururatu zitzaidan zientzia fikzioa izan zitekeela bidea».

Sinesgarritasuna ezinbesteko

Fikziozko mundu bat sortzeak askatasuna eman dezakeen arren, mundu hori bera egituratzeak buruhauste handiak eragin zizkiola aitortu du Etxeberriak: «Sinesgarria izatea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, eta etengabe egiten nion galdera hori neure buruari».

«Sinesgarria izatea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, eta etengabe egiten nion galdera hori neure buruari»

AITZIBER ETXEBERRIAIdazlea

Alegiaroaren 46. urtera darama irakurlea Reset-ek. Geopolitika egungoa ez bezalakoa da garai horretan: herrialdeen arteko banaketa atzean utzita, mundua eremutan banatuta dago, eta konfederazio batek zuzentzen ditu denak.

Reset-en kontatzen den istorioa M eremuan kokatu du idazleak. Klaustro Zuria taldeak agintzen du bertan, eta zorrotz betearazten ditu arauak. Gizartea bi klasetan dago banatuta: goi klasekoek pribilegioak dituzte, agintari klasea osatzen dute eta eroso bizi dira; behe klasekoek, berriz, lanik okerrenak egin behar izaten dituzte, eta kontrol handia ezartzen zaie.

Nobela, bi planotan

Protagonistetako batek Zak21 du izena. Basamortuko lan eremu espezializatu batean konfinatuta dago, beste hiru presorekin batera. Irakurleak apurka jakingo du hari zer gertatu zaion eta zergatik dagoen preso, baina funtsean gizarte ustez akasgabeari aurre egin nahi dion talde disidenteko kide izatea dago horren atzean.

Zak21en ibilerak lehen pertsonan idatzita daude. Etxeberria: «Irakurlea harekin erabat identifikatu eta istorioan murgil dadin egin dut horrela». Gizarteari buruzko azalpenak, berriz, hirugarren pertsonan idatzita daude, «ikuspegi zabalagoa ere ematearren».

Beste protagonista nagusietako bat Mara da, M eremuko segurtasun departamentuko burua. Gizarte «hobea eta duinagoa» lortzeko langintzan oztopo ugari gainditu behar izaten ditu egunerokoan. Eirwyn-ek ere rol garrantzitsua du eleberrian. Deskarbonizazio departamentuko buru da, eta gorriak ikusi beharko ditu urte amaierarako lortu beharreko deskarbonizazio mailara iristeko. Energia berriztagarrietan oinarrituriko sistema elektrikoa dute M eremuan, baina arazo handiak ematen dizkie kudeaketak.

Haurtzaroan zientzia fikzioa erruz irakurritakoa da Etxeberria. Halere, ez zuen uste halakorik idatziko zuenik Reset nobelari heldu zionean. Erronka pertsonal bat izan dela aitortu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.