Uztaila jazzarekin lotu ohi da Euskal Herriko zenbait txokotan aspalditik; eta hala izaten da Getxon (Bizkaia) ere. Bertan izango dute musikarekin gozatzeko lehen aukera jazzaren Euskal Herriko zaleek, gaur hasi eta igandera bitarte egingo baita Getxo Jazz jaialdia. Aurtengoa 48. aldia izango da, eta urteroko zirkuitua antolatu dute. Aurten ere izen handiko artistak igoko dira oholtza nagusira, besteak beste, Rhoda Scott, Paquito D’Rivera, Joe Lovano, Cecile McLorin Salvant eta Dave Douglas. Talde gazteagoek ere izango dute euren tokia Talde Lehiaketan, eta, urtero bezalaxe, doako eskaintza ere egongo da kaleko kontzertuen bidez.
Rhoda Scottek irekiko du jaialdia, oholtza nagusian. Estatubatuarra organista nabarmenduenetako bat da jazzaren eta soularen eszenan, eta 70eko hamarkadaz geroztik, ohikoa da Europako jazzaren hitzordu garrantzitsuenetan. 1963an kaleratu zuen bere lehen albuma Live!! At the Key Club, eta, geroztik, 30 disko inguru grabatu ditu. Getxon bere egungo taldearekin ariko da: Lady Quartet. Julie Saury (bateria), Sophie Alour (saxo tenorra) eta Lisa Cat-Berro (saxo altua) izango ditu kide.
Bihar Paquito D’Rivera saxofoi eta klarinete jotzailearen txanda izango da. Jazz latinoaren eta musika klasikoaren artean aritzen da Kubako artista, eta hemezortzi Grammy sari irabazi ditu bere ibilbide oparoan. Horrez gain, nabarmentzekoa da Irakere taldearen eta Kubako Musika Garaikidearen Orkestraren sortzaileetako bat izan dela. Getxon beste lau artistarekin batera ariko da: Pepe Rivero (pianoa), Yuvisney Aguilar (perkusioa), Reinier Elizarde El Negron (kontrabaxua) eta Sebastian Laverde (bibrafonoa).
Bestalde, Cecile McLorin Salvant abeslaria etzi arituko da, hilaren 4an. 2010ean Thelonius Monk Nazioarteko Jazz Lehiaketa entzutetsua irabazi zuen, 20 urte besterik ez zuela. Geroztik oihartzun handia eskuratu du jazz garaikidearen eszenan, eta nazioarteko agertoki handienetan aritu da. Beste hainbat sari ere irabazi ditu bere ibilbidean. Besteak beste, Jazz Disko Onenaren Grammy saria jaso zuen For One To Love lanarekin. Diskografiari dagokionez, sei disko kaleratu ditu; azkena, 2023an: Melusine.
Hilaren 5ean, larunbatean, Joe Lovano saxofoi jotzaile tenorea arituko da agertoki nagusian. Ospe handia dauka; antolatzaileen esanetan, «berritzailea, espontaneoa eta inprobisatzaile handia» da. 60ko eta 70eko hamarkadetan nabarmendu zen lehenengoz, eta horrek izen handiko hainbat artistarekin batera aritzeko aukera eman zion. 1985ean grabatu zuen lehen diskoa, Tones, Shapes and Colors, eta adituei oso lan ona iruditu zitzaien. Ordutik, etengabe hazi da Lovanoren ospea, eta eszenako artista ospetsuenetako bat da gaur egun. Getxon, Marcin Wasilewski (pianoa), Slawomir Kurkiewicz (baxua) eta Michal Kiskiewicz (bateria) izango ditu lagun oholtzan.
Dave Douglas tronpeta jotzailearen kontzertuarekin amaituko da aurtengo jaialdia, igandean. Ameriketako Estatu Batuetako artistak sona handia eskuratu zuen, antolakuntzaren esanetan, «berrikuntza eta tradizioa uztartzeko duen gaitasunari esker». Laukotean arituko da hori ere, Marta Warelisekin (pianoa), Nick Dunstonekin (baxua) eta Joey Baronekin (bateria) batera. «Entzumen esperientzia pertsonala eta hedakorra eskaintzen du aldi berean, eta jazzaren moldakortasuna eta sakontasun emozionala erakusten ditu», nabarmendu dute antolatzaileek.
Talde Lehiaketa
Aurten ere antolatu dute Talde Lehiaketa. Edozein estilotako jazz musika jorratzen duen Europako edozein taldek parte hartu dezake. Gehienez, ordea, 30 urte izan ditzakete musikariek. Izena eman zuten talde guztietatik honako lau talde hauek aukeratu ditu epaimahaiak lehiaketako finalean parte har dezaten: Eneko Dieguez Quartet, IMB Special 4tet, Cesar Vidal & Artikulation Band eta Paper Moon. Horiek ere Muxikeberri zentroan arituko dira, eta hiru sari banatuko dira, gainera: lehen sailkatuari, bigarren sailkatuari, eta bakarlari onenari. Lehiaketako irabazlea nor den azken egunean jakingo da, eta aurreko aldietan bezalaxe, beste behin ariko da oholtza gainean, Douglasen kontzertua baino lehen.
Kalean ere izango da jazz doinuez gozatzeko parada. Urtero bezala, Algortako Geltoki plazan dohainik entzun ahalko dira hainbat talderen doinuak Hirugarren Milurtekoa atalean zein familientzako goizeko kontzertuetan. Baina ez Geltoki plazan bakarrik. Izan ere, aurten lehen aldiz, Muxikeberri zentroaren parean eta Areeta hondartzaren inguruetan ere egingo dira doako kontzertuak. Talde eta bakarlari hauek ariko dira hiru toki horietan: Matteo Paggi Giraffe, Daahoud Salim Quintet, Elia Bastida Trio, Igor Senderov Quartet, Voices for the Duke, Captain Corchea: Sax & Wing, Musikene eta Euskorleans.
KONTZERTU NAGUSIAK
Gaur: Rhoda Scott (Muxikeberri zentroan, 22:15ean)
Bihar: Paquito D’Rivera (Muxikeberri zentroan, 22:15ean)
Etzi: Cecile McLorin (Muxikeberri zentroan, 22:15ean)
Larunbata: Joe Lovano (Muxikeberri zentroan, 22:15ean)
Igandea: Dave Douglas (Muxikeberri zentroan, 22:15ean)
GAZTE LEHIAKETA
Gaur: Eneko Dieguez Quartet (Muxikeberri zentroan, 21:00etan)
Bihar: IMB Special 4tet (Muxikeberri zentroan, 21:00etan)
Etzi: Cesar Vidal & Artikulation Band (Muxikeberri zentroan, 21:00etan)
Larunbata: Paper Moon (Muxikeberri zentroan, 21:00etan)
Igandea: Lehiaketako irabazlea (Muxikeberri zentroan, 21:00etan)