Supertramp musika taldearen sortzaileetako bat zen Rick Davies: piano jolea, abeslaria eta konpositorea. Swindonen (Ingalaterra) jaio zen, 1944an, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan zendu da, Long Islanden, 81 urte zituela. Hamarkada bat zeraman gaixorik, mieloma odoleko minbizi mota batekin, eta haren ondorioz hil da; taldeak berak zabaldu du berria.
Roger Hodgson musikariarekin batera sortu zuen Supertramp rock progresiboko taldea, 1969an, eta horiek biek konposatu zituzten, hain justu, taldeko kantu gehienak. 70eko hamarkadan arrakasta handia lortu zuten, eta AEBetara lekualdatu ziren. Garai hartako rock talderik ezagunenetakoa izan zen, bertzeak bertze Crime of the Century (1974), Breakfast in America (1979) diskoei eta Dreamer, Bloody Well Right eta Goodbye Stranger kantuei esker. 1983an, Hodgsonek utzi egin zuen taldea, eta Davies izan da liderra geroztik.
Zortzi urte bertzerik ez zeuzkanean oparitu zioten Daviesi lehen gramofonoa, eta harekin entzun zituen aurreneko diskoak. Jazzarekin eta bluesarekin aritzen zen hasieran, Supertrump taldea sortu zuten arte.
Musikariek taldeko webgunean argitaratutako oharrean erran dutenez, Daviesek utzitako arrastoa «ezabaezina» izanen da, haren ahotsa eta pianoa entzuten segituko baitute Supertrampen abesti erranguratsuenetan. «Abestiak ez dira inoiz hiltzen, eta Daviesen musikak eta ondareak gure inspirazio iturri izaten jarraituko dute».