Robert Walserren istorioak

Vila-Matas zaleak egin ohi duen moduan, Robert Walserren liburu berri bat liburu dendara ailegatzen denean, bozkarioak hartzen nau. Neuk ere, neure baitarako, Herman Hessek bezala, Robert Walserrek 100.000 irakurle izan balitu munduak beste norabide bat izango lukeela pentsatzen dut.

Jon Benito.
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Mundua ez litzateke putzu eta lohi, agian, nork daki. Walserrek existentziaren borrokan eman zuen bere bizitzaren gehiena, eta bere buruaren aurka lehiatzen denak irabazi egin dezake edo galdu, burutazio eta zalantzen iturria aurkitu dezake edo norabidea galdu eta errari ahitu, bizitzaren gainerakoan. Irakurleak ondo jakingo duenez, literaturatik autoexiliatu zen denbora aurrera joan ahala, bizitzarekin, edertasunarekin, sortzearen katramilarekin konprometitzeko betiko. Inork ez daki ondoegi, baina, iturri misteriotsua topatu zuen edo bidean galdu zen. Baina jakin badakigu, bai, bidean abiatu zela.

Bidea

Eta, bidea eginez, bidean, hil zen elurretan, paseoan ari zela 1956ko gabon egunez. Heriotza paradoxiko bat, bere edozein pertsonaiarena baitirudi, haiek bezala ibili baitzen nahinora eta herrari. 14 urterekin eskola utzita enplegatu, lanean, bankarentzat edo idazkari edo Silesiako gaztelu batean morroi. Abiatzea, bidea, zuen helburu eta nahi, orri zurian bezala joatea, oinak lur gainean marraztuz eta paper gainean letrak eginez. Ez gelditu, jarraitu. Utikan errutinak eta loturak, batetik eta bestera, aterpetxe finkorik gabe: garapenaren, aberastasunareneta arrakasta guztien aurka. Literaturan ere berdin.

Egonaldia

Nora doa baina erreferenterik eta helmugarik gabe doana? Ameskeria eta irudipenak biderkatu zitzaizkion buruan? Ez zegoena entzuten zuen. Zer eragin zuen idazle izaerak horretan? Waldauko zentro psikiatrikoan barneratu zuten lehendabizi, heriotzak aurkituko zuen Herisaun gero. Eta han mututuz joan zen, paseoko urratsak gutxituz, txikituz, lausotuz. Ordurako, jende askoren gogoetan zeuden haren lanak: Kafkak jendaurrean irakurtzen zituen bere testuak, Robert Musil eta Walter Benjaminen idazle ahaztezinenetan zegoen. Carl Seelig editoreak zentro psikiatrikoan bisitatzen zuen berarekin paseatzeko eta ibilbide haietatik egile suitzarraren lana ulertzeko gidarik garrantzitsuena argitaratu zuen: Wanderungen mit Robert Walser (Robert Walserrekin paseoan). Seeligek beste inork ez bezala ulertu zuen Walserrek idazteko, askatasuna behar zuela. Egonean, itxita, mututzen ari zela eta idazle bat ahituz ari zela bere baitan, eta horregatik, bere askatzea eskatu zion. «Libre bazina, idatziko al zenuke berriz?» Walserrek erantzuten zion: «Galdera horrekin gauza bakarra egin daiteke: ez erantzun».

Artea, bizitza, artistak

Idazteko bizi eta bizitzeko idatzi, literaturak eta bizitzak ezinbestean behar zuten gurutzatuta, eta ondorioz ezin zuen bizian ibili bezala besterik idatzi. Bere irudimenaren manatura, bide finkorik gabe: libre eta aske, herrari bezain ameslari. Eta Vila-Matasek aukera duen guztietan azpimarratzen duen ezkutuko ironia horrekin eta zalantza bere ezaugarri eginez. Estiloa bizimodu bat zen: bizian ukatzen ari zitzaiona eman behar zion literaturak. Bere barruetan bizi zuena idatziz berregin, fantasia poetiko zoragarri haiek, ingenuitate ziur hura, ederrarekiko maitasuna. Sinetsita zegoen nork, bere baitan, artista sena zeramala eta jendarteak ez zuela artistarik behar, haiek, gainerako jendeari, edertasunarekiko izan zezaketen jarrera oro kamusten eta ebasten baitzieten.

Balio bakar

Edertasuna nahi zuen eta bide horretan oztoporik ez zuen topatuko. Canettik adieraziko zuenez, motibazio edo zergatirik ez dago Walserren literaturan. Iluna da, barnerakoia da, opakoa da asmoetan Walser. Zoritxar bakoitza pozerako arrazoi da beretzat, ez irabaztea zorte bat balitz bezala. Zoriona triku bat bezalakoa dela zioen, autosufizientea. Bere zoritxarraren kronikarik ez dago liburuan, apenas dagoen bere lantururik. Walserren edozein lanetan etika oro gainditzen du eta kontzientzia, Jainkoa, pentsamendua eta bere burua txiki uzten ditu, desagerraraziz.

Ikusezintasuna

Vila-Matasek maite badu, Doctor Pasavento-n horrenbestetan aipatu zen ikusezintasun edo desagerpenaren ideiarengatik da. Herrari bizi izan zela aipatu dut: ez ote zen arrastorik ez uzteko bizi horrela? Hitza galdu zuela, mikrogramak idazten amaitu zuela, afasiak jo izan balu bezala: ez ote da arrastorik ez uzteko baliabide literario bat izan? Jainko, kontzientzia eta pentsamendu guztiez landa idatzi zuela aipatu dut lehen, munduari bizkar emanez egon zela Herisauko zentro psikiatrikoan. Hori jakinik, zenbat ote du pertsonaiatik, mamu literariotik Robert Walserrek?

Historiak

1914an idatzia, artean Herisau zapaldu gabe. Siruela argitaletxeak argitaratu berri duen Historias honek bere narrazio garrantzitsuenak biltzen ditu. Baina, beren beregiz, eta teorizazio lanik gabe, Walserren izaera bereziaren, bere sorkuntza prozesuaren xehetasun eta galderak oro ere erantzuten ditu. Kleisten paperean sartua, galdera eta funtsa, etorkizun eta handinahikeriarik eza atzematen zaizkio, oraindik mikrogrametan sartu gabe, egingo zuen meandroak ezagutzeke. Walser gazte bat, idazlea, mundua eta jendea ikusteko modu batekin.

Sekretuaren lilura

Bizitza xehea zer den deskubrituko du. Poeta ez da jenio bat, ez du edertasuna sortzen. Berak beretzat ere ez zuen loriarik nahi. Poeta, idazlea, izatekotan, nekazari bat gehiago zen: erein egiten du, belar txarrak kentzen ditu, txertatu egiten du eta lurrari ongarria eman behar dio.Txikiaren laudorio egiten zuen, eta literaturak, idatziak, poesiak, ezgauzaren eta garrantzirik gabekoari heldu behar ziola uste zuen. Baina ez ziren misterio handienak askatu behar: huntzezko harresiak sortzen zuen lilura deskribatu ezina baldin bazen, atzean begiratuta, misterioa desagertu egiten zela, eta berarekin lilura hura zioen. Uzteko gauzak bere horretan beraz, jartzeko baratzeko landareetara.

Elurretan

Liburu txiki bat da, haren ondoren beste batzuk idatziko zituen. Atzera bueltarik gabeko bidaia hasia zuen. Eguneroko bizimodua paseatzea zen, idaztea. Idaztea elur gainean paseatzea bezala zen, kiribilka edota zuzen. Idaztea isiltasunerako bide bat zen, hitzen agortzea, niaren heriotza, jainkoen eta konbikzioen apokalipsia. Bizitza gauza ederra zen, baina hitzik eta justifikaziorik gabe. Zoritxarra pizgarri zuen eta zoriona dastatu egin behar zen, galeran zetorrenerako. Ihes besterik ezin zen egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.