Rock eta punkaren espiritua marraztuz

80ko eta 90eko komikiak, fanzineak, liburuak eta diskoak bildu dituzte Donostian, Rockomikiak erakusketan.Rockaren, punkaren eta komikiaren arteko lotura aztertzea dute helburu

Koldo Almandoz eta David Zapirain komisarioak. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2014ko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pintaketaz bete dituzte Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko ganbarako paretak. Punk's not dead izkiriatu dute errotuladorez; ondoan, Intsumisioa! aldarria dago. Bazter batean, Gaztetxeak bizirik leloa. Eta izkinan, Kamelloak hormara. Ez. Ez da Euskal Herria 80ko eta 90eko hamarkadetan, baina garai hori irudikatu nahi izan dute kultur aretoko arduradunek. Dena Rockomikiak erakusketa behar bezala girotzeko. Izan ere, orduko herri kulturaren hamaika ale bildu dituzte: fanzineak, liburuak, komikiak, diskoak, bideoak... Denetarik dago mainstream kulturan islarik izan ez zuten obrei balioa emateko asmoz. Eta, bide horretan, aldarria ere bada erakusketa. Itzalpean geratu den orduko herri kultura omendu nahi izan dute.

«Erakusketek ezin dute izan soilik ikusteko tokia». Koldo Almandoz Rockomikiak-eko komisarioetako batek esan du; beste komisarioa David Zapirain da. Horregatik, haren hitzei men eginez, parte hartzeko erakusketa bat sortu dute. Sartu eta gela inguratuz, punk eta rock musika egin zuten taldeei buruzko bederatzi panel daude. Kortatu, Kojon Prieto y los Huajalotes, Tijuana in Blue, Zarama, La Polla Records... Horiek dira azaltzen direnetako batzuk. Ilustratzeko, Napartheid-en marrazkiak txertatu dituzte, Zakilixutenak eta TMEO-ko hainbat azal, besteak beste. Bat egin dute marrazketak eta musikak.

Bestalde, hiru mahai atondu dituzte, makina bat paperekin, errotuladoreekin, itsasgarriekin eta guraizeekin; hala, nahi duenak fanzine bat sor dezake momentuan bertan. Eta berri bat egitea ez ezik, bildumako antolatzaileek bertan bildu dituzten fanzineak fotokopiatzeko aukera ere eskaini dute. Inprimagailu bat jarri dute pilatutako aldizkarien alboan. Koldo Mitxelenan bertan euskaraz autoeditatutako fanzineak batu dituzte, eta Komikigunean, berriz, mundu osokoak, 3.500 bat ale. «Itsatsi eta ebaki espiritua errebindikatzen dugu», azaldu du Almandozek.

Punkaren eztanda

Zerorrek egin ezazu —ingelesezko Do It Yourself (DIY)— lelo ezagunaren mamiaz mintzatu da Zapirain. Behin, Iñaki Otamendik emandako azalpen bat izan du oinarritzat. «Zerorrek egin ezazu-ri gurean gutasuna gehitu zitzaion; ez zen zerbait soilik indibiduala, taldean izaten zen». Belaunaldi batzuen funtzionatzeko era biltzen du esaldiak, Zapirainen irudiko. Bide berari eutsi dio punkaren eta rockaren balio politikoa goresteko. «Ez zenpunk moda galerietan—La Pollak Muy punk kantan zioen bezala—; jendea joaten zen etikarengatik. Ez zen estetika kontu bat».

Almandozek eta Zapirainek goraipatu nahi izan dute hogei urte horietako herri sorkuntza. Zapirainek hauxe azpimarratu du: «Nagusitasuna lortu zuen. Bizi izan da kaos hutsa izan balitz bezala; eta hori ere izan zen, baina baita hori baino gehiago ere». Almandozek leherketa batekin alderatu du rock eta punk musikaren inguruan hazitako hori guztia: «Eztanda gertatu zen, baina nazioarteko eztanda bat izan zen; Euskal Herrikoa kate horren kate begi bat gehiago baino ez zen izan». Behin eta berriz azpimarratutako kontzeptua izan da: «Hemen ez zen ezer asmatu». Alegia, kanpokotik asko jaso zutela, inspirazio iturri izan zela. Hain justu, atzerrikoari so egitea goretsi du Almandozek. «Erreibindikatu nahi dugu sorkuntza ukituz bultzatzen dela, kopiatuz, transformatuz, eraldatuz...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.