Zinema. Fantasien gatibu
Rock Hudson
Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela eta, La noche temática saioan Rock Hudson aktore ospetsuari buruzko dokumentala eman zuten: Rock Hudson: Dark and Handsome Stranger (Andrew Davies eta Andre Schafer, 2010). Hollywood klasikoko azkenetako izarrik distiratsuena izan zena 1985eko urriaren 2an hil zen GIB birusaren ondorioz. 1984an jakin zuen hiesa zuela, eta 1985eko uztailean jakinarazi zuen Doris Day lagunaren telebista saioan. Garai hartan misterio bat zen gaixotasun berri hura, eta Hudsonen kasuak hiesa ezagutarazteko balio izan zuen; bazterretik iritzi publikora eraman zuen hiesaren inguruko eztabaida, eta ikusezin izateari utzi zion. Ordura arte prentsak ez zion arretarik eskaini, eta gaixotasuna sektore baztertuekin lotzen zen. Drogazale eta homosexualen arazoa zela pentsatzen zen, eta ezjakintasuna ikaragarria zen. Gaixoa ukitzearekin bakarrik kutsatzeko arriskua zegoela uste zen; ezta erizainek ere ez zuten aktorea ukitu ere egin nahi. Hudson galai lerdena eta erakargarria izan zen lehenik, eta mespretxatua gero. Haren gertuko lagunek izan ezik, inork ez zekien Hudson homosexuala zenik, eta jendeak ezin zuen sinetsi egia zenik. Oso maskulinoa jotzen zuten, eta haren sexualitatea ez zuen inork zalantzan jartzen. Hollywooden bazekiten gizonak atsegin zituela, Beverly Hillseko etxeko igerilekura gonbidatzen baitzituen. Hollywooden arrakasta edukitzea ez zen nahikoa, eta prentsak izarrak presionatzen zituen etengabe. Ezkontzea eta haurrak edukitzea ezinbestekoa zen gizarte puritano hartan. Kazetariek ospetsuen bizitza pribatuan muturra sartzen zuten beti, eta lanean ez zegoenean ere antzezten jarraitu behar izaten zuen. Horregatik, Phyllis Gates idazkariarekin ezkondu zen 1955ean; oso gutxi iraun zuen, eta ez zuten seme-alabarik izan. Ez zen berriz ezkondu. Denbora igaro den arren, gaur egun ere aktore homosexual ugari daude Hollywooden. Baina ez dute publikoak horren berri jakitea nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu