Eguna liburu artean pasatzen dutenek ematen dituzte Zilarrezko Euskadi sariak, eta horrek ere egiten ditu berezi. Eta dendetan esku artean izan dituzten lan guztien artean, Eider Rodriguez idazlearen Bihotz handiegia ipuin liburua nabarmentzea erabaki du aurten Euskadiko Liburu Denden Elkarteak. Sei kontakizunek duten kutsu "kafkiarra" aipatu du elkarteak sariaren berri emateko zabaldutako oharrean, baina pertsonaietan jarri nahi izan du fokua. "Pertsonaiek ematen dioten indarraz beteriko istorioak dira. Aurrera nolanahi egiten duten pertsonaiak. Ez gaituzte indiferente utziko".
Laugarren ipuin liburua du Rodriguezek Bihotz handiegia, eta sei kontakizunek osatzen dute, eta, Euskadiko Liburuzainen Elkartearen oharrak nabarmentzen duenez, emakumezkoak dira ipuin guztietako protagonistak. Susa argitaletxeak iazko udazkenean eman zuen argitara liburua, eta idazketa prozesuan gozatu egin zuela aitortu zion egileak Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan. Kritika onak bildu ditu ordutik hona. Distira aipatzen zuen, esaterako, Joannes JauregikBERRIA egunkarian egindako kritikan. "Funtsean, esku artean dugun hau egilearen ipuingintzaren alerik finena da, bere ibilbidearen kateari tinko eutsi eta distira ateratzen diona".
Gazteleraz, Vivian Gornick idazle iparramerikarraren Apegos ferocesliburua nabarmendu dute dendariek. "Obra klasiko eta eredugarri izateko ezaugarri guztiak ditu".