Musika

Roger Eno, zeruen joana akordeetan

Musikari eta konpositore britainiarrak iheskortasunari idatzitako hamabi kantu bildu ditu ‘The Skies, They Shift Like Chords’ bere bakarkako bigarren diskoan.

Roger Eno
Roger Eno musikari eta konpositorea. ROGER ENO
itziar ugarte irizar
2024ko otsailaren 18a
05:25
Entzun

«Nola deskriba dezakezu mundua, non ez den istant batean? Ezer ezin da atzeman, dena baitoa joanean, dena baita aldakorra». Egunero-egunero, goiz eta gau, zeharkaldi etengabean doazen zeru iheskorrak bezala. Irudi mugikor horri begira osatu du Roger Eno musikariak bere bigarren bakarkako lana, The Skies, They Shift Like Chords, eta «urmargo musikalekin» alderatu ditu bertan bildutako hamabi kantuak, «zirriborro espontaneoetan» oinarrituta idatzi dituenak, joanaldi ireki bat marraztuz soinuaren eta isiltasunaren artetik.

Bere anaia Brian Enorekin batera, ambient musika esperimentalaren aitzindari eta izen entzutetsuenetako bat da Roger Eno (Woodbridge, Erresuma Batua, 1959). Elkarren gertuan egin dute ibilbidea —zinemarako musika sortzen eta ekoizpen bideak zabaltzen, besteak beste—, eta 2020an bildu zuten, lehen aldiz bien izenean, urteetako soinu konposizio lanaren antologia bat Mixing Colours diskoan. Bero hartu zuen lana kritikak, eta berdin egin zuen bi urte geroago ere Roger Enok bakarkako estreinako lana plazaratu zuenean: The Turning Year.

Pianoaren soinuan eta soketan oinarritutako mundu bat eraiki zuen hartan musikariak, hitzik gabe beti, eta, nolabait, haren jarraipen modura heldu da urtebete eskasera The Skies, They Shift Like Chords —udazkenean kaleratu zuen—. Piano hutsekoak dira zenbait pieza, eta instrumentu gehiagoz osatutakoak besteak, elektronika ukituekin tarteka. Baita gitarra elektrikoarentzat, klarinetearentzat, klarinete baxuarentzat, bibrafonoarentzat eta flauta organoarenzat irekitako zirrikituekin ere. Gehienak inprobisazioetatik sortutakoak dira, eta «bat-bateko argazki musikalak» izenpetzen ditu horregatik egileak. «Askotan, horiek finkatzeko modurik onena apenas detailerik ez erabiltzea da». 

Diskoa Alemaniako Deutsche Grammophon etxearekin argitaratu du Enok, zeina musika klasikoaren zigilu antzinakoenetako bat den. Eta badu beste elementu deigarri bat, gainontzeko piezen artetik nabarmentzen dena: Cecily Eno alabaren kantua Strangely, I Dreamt piezan. 

Egun, landa eremuko herrixka batean bizi da Eno, eta, dioenez, hango paisaia isilak eman dio «intentsitatea» haren musika sorkuntzari; hango ur bideek, Erdi Aroko elizek, errepide estuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.