LIBURU AURRERAPENA

Rosa itzuli da

25 urte kartzelan eman ondoren, Rosa herrira itzuli da, eta, han, bakarrik egin beharko die aurre euskal gizarteko aldaketa sakonei. Hori da Pako Aristiren (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1963) bosgarren eleberriaren abiapuntua. Datorren astean aurkeztuko du.

2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Badirudi gaur amaituko dela dena. Hala esan dit preso sozial batek goizean, gosaldu ondoren patioan nengoela: «Óyeme, ¿Tú eres la asesina de Maldonado Tuy? Han dicho tu nombre completo, Rosa Ugarteme… no sé qué… ¡Vaya apellidos que tu tienes, mi niña!». Bai, ni naiz, erantzun diot lotsati, hedabideek gure curriculumak aireratzeko daukaten ohitura, edo, zergatik engaina, «planifikazio politikoa» madarikatuz. Goizeko seietan entzun duela irratian, aterako zirela hamar preso, entre ellos la asesina de... Bai, bale, ni naiz, nahikoa da. «Óyeme, tremenda condena tu tienes, 560 años dijeron, calladico lo tenías, tan bonita y modosita como tú eres, con tu chándal, moviéndote...». Ihes egin behar izan diot, inora ihes egiterik ez dagoen espazioan nagoela ohartu gabe, hain urduri jarri naiz!

Preso honek maiz eskatu izan dit Monoi de Tahiti olioa bisean bisekoetarako, gorputza usain gozatsuz eskaintzeko maitaleari. Luxu gutxi dauden lekuan, usaimenak urrezko balioa dauka, kanpotik datozenak barruan daudenekin lotzen dituen zubia, gehienetan sexurako autobidea. Ikusiak ditut hortzordeak ere bisean bisekoetarako alokatzen zituzten presoak. Hortz zuriek asko edertzen dute begiradak argitu ezin duen irribarrea. Gaixoak, sozialak. Urte bat edo bi ematen dituzte kartzelan, droga kontuengatik, normalean. Askok ez dakite irakurtzen ere, funtzionarioen mende egoten dira edozer gauza lortzeko, haien trikimailuen sarean zapuztuta, xantaia asko irentsi beharrean. Preso politikoek laguntzen diegu edozer instantzia betetzen, gutunak idazten… Hargatik estimatzen gaituzte. Haien bizi-gogo gazteetan ez da sartzen espetxean 25 urte pasa litezkeenik, burua galdu gabe. Eta gutxiago helburu politikoengatik, zeuretzat onura propiorik lortu gabe. Zer pertsona mota izan behar den halako zerbait egiteko, hori ez dute ulertzen, besteengatik entregatzea zure bizitzaren onena, edo okerragoa dena haientzat, herri batengatik, nazio batengatik, «¡Qué nación y qué ostias!», abstraktuegia zaie. Baina hor dago koska, kartzelatik psikologikoki onik atera ala lur jota. Bazekiten aspalditik nengoela espetxe hartan, aurretik beste batzuetan ere egona nintzela; ez zekitena zen haietako asko jaio baino lehenagotik eraman nindutela barrura. «Zu jaio zinenean ni hemen nengoen», eta mamu bati bezala begiratzen dizute. Agian kanpoan begiratuko diguten bezala.

Atun bokata bat afaldu nuen atzo, tea egin nuen ondoren. Lo, normal. Hotz nengoen ateratzeko aukeraren aurrean, «noizbait» hori beti «inoiz ez» bihurtzen zela etsita, «hobe ez sinestea» esanda neure buruari. Duela hiru urte ere, bazirudien dena amaituko zela, baina kondenarik krudelena ezarri ziguten espetxeko ateak geure aurrean zabaltzeko itxaropena egina genuenean, legea bihurrituz egonaldia beste hiru urtez luzatu zigutenean, atea gure gibelean beste mila bider ixten entzun beharra, propina ilegala, ilegala zela jakinda, baina Europak «ilegal» definitu artean indarrean egongo zela ziurtaturik. Europako epaitegien erloju motelak hiru urte haien pisua aurreko 22rena baino astunago bilakatu zuen, eta ez nuen zama berririk erantsi nahi izan itxaropen ergelen bizkarrean. Isolamenduko urte haietan, kondenako guztietan, alegia, gogoa hezia neukan etorkizunaz gogoetarik ez egitera, gauzak benetan gertatu arte; gertatu ziren gauzetara enfokatua, ez gerta zitezkeenetara. Etorkizuna zure esku ez dagoenez, pentsamenduak ez dezake deus erdietsi. Nire akatsa izan zen, portzentaje oso ñimiño batean bada ere, sinestea Espainiako legeen arabera atera behar nuenean aterako nintzela; oso arriskutsua da errealitatetik aldentzea errealitate hori besteek antolatzen dutenean.

Goizeko 7:30ean altxatu nintzen, beti bezala. Hogeita bost urtez ordu berbera, hutsik egin gabe. Poltsarekin jaitsi nintzen, beti bezala. Zer daramat poltsan: liburu bat, komuneko papera, kiroleko gauzak, txankletak, galtza motzak eta krema, eta mahai-tresnak. Bederatzietan ireki ziguten jangela. Han utziko dut poltsa, bazkalondoren ziegara jasotzeko berriro. Lau ordu ditugu goizean, gero ez gara gehiago aterako hurrengo egunera arte.

Belarrietan kaskoak jarri eta patioan ibili nintzen paseoan, musika entzuten, berriak entzuten, eta hamaiketako berrietan eman zuten albistea, baietz, Parot doktrina baliogabetu ondoren, bigarren talde bat aterako zela egun horretan bertan.

Bihotza taupadaka hasi zitzaidan, bun-bun, tunba-tunba, eta hainbestetan neure buruari esandakoa errepikatu nion eguzki gozotan: «Lasai, Rosa, lasai!». Telefonora jo nuen arrapaladan etxera deitzeko: bazetozen, abokatuak abisaturik, anaia, lagunak. Pozik zeuden denak, urduri zeuden denak, bun-bun, tunba-tunba: 25 urteko epe bat amaitzera zihoan.

Espetxera sartu ziren monitoreek, ile-apainketa ikastaroak ematen zituztenek esan zuten kanpoa kazetariz beteta zegoela: kamerak, mikroak, zuzeneko unitateak. Gogor jarri zitzaizkidan: «Zu ez zara kanpora horrela aterako, makillatu gabe. Guapa joan behar duzu». Ezetz, ez nintzela starlette bat, baina ez nuen eztabaidari eusteko indarrik ez kontzentraziorik aurkitu. Makillatu ez, gehitxo zen, baina mototsik dotoreena egin zidaten, musu polita nuela eta ikus zedin, kameren argia baino distiratsuagoa omen nuen irribarrea, Ana Rosa Quintanaren programan botako zuten berbera. «Salió con gesto arrogante», halaxe esan zuten: «La mirada altiva, orgullosa de sus crímenes». Nik, aldiz, ikarak bustitako poz bizi bat besterik ez nuen sentitzen.

Badirudi gaur amaituko dela dena; beraz, gaur hasiko da dena, hain ezezagun zaidan askatasunera ohitu beharra. Oroitzapenak ezabatuak dauzkat, zer zen hura, eta nola. Beldur baten zirrara mingotsa-edo izango da diafragmaren azpi-azpian; ez dut ezer bazkaldu, ezin ezer irentsi. Ordu bietan ziegara igo naiz, baina inork ez dit ofizialki ezer esan, «Â¿Te vas?» soil bat funtzionarioek, gauzak jasotzen eta kideen artean banatzen ikusi nautenean. «He dado hasta el colchón, espero no pasar una noche más aquí». Ez dira nekatzen: jolasak azken minutura arte dirau.

Zazpiak arte ziegan, afaltzera jaitsi gara, ezer ez jateko, ezin ezer sartu guztiaz gainezka dagoen gorputz baten barnera. Bederatzietan baieztatu dit zerbitzuburuak: «Tranquila, todavía no ha llegado nada oficial, pero sabemos que se va». Preso-jende guztia ziegetan itxia zuten ordurako, «txapatuta». Bederatziak eta laurdenetan itzuli zen zerbitzuburua hiru funtzionariorekin. Oihua atera zitzaidan, korridore osoa zeharkatuko zuen aire-eztanda bat sarraila deblauki kendu zioten eztarri batetik: «Banoa!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.