Durangoko 48. Azoka

Ruby Rayri egindako elkarrizketa jaso du 'Entzun!'-ek

Los Angelesen, punk mugimenduko taldeen argazkiak egin zituen 70eko hamarkadan, eta liburu batean jaso ditu

Darby Crash, Germs taldeko kantaria, Entzun!-ek jasotako argazki batean, 1978an. RUBY RAY.
Juan Luis Zabala
Durango
2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Durangoko Azokan duen urteroko hitzorduari ez dio huts egin Entzun!-ek, bere aurtengo disko-liburuarekin; edo, nahiago bada, Entzun! aldizkariaren 63. zenbakiarekin, horrela definitzerik ere badago-eta azokaren aurtengo ekitaldira ekarri duen produktua. Aurtengo CDaren berezitasun nagusia da aurreneko aldiz jasotako kanta guztiak euskaraz kantatuak direla. Diskoko hogei kantuak grabatu dituzten artista eta taldeen artean daude Ruper Ordorika, Bide Ertzean, Saioa, Audience, Napoka Iria, Mursego, Belako, EH Sukarra eta Zea Mays, besteak beste. «Gure esparrua, berez, Euskal Herriko musika da, ez soilik euskaraz kantatutakoa», adierazi du Xabier Sagardia Entzun!-eko zuzendariak. «Baina aurten soilik euskarazko kantak sartu ditugu, aldarrikatzeko beste hizkuntzetan egiten denaren parekoa dela euskaraz egiten dena».

Liburuaren edukiari dagokionez, lau elkarrizketa sakon dira ezer baino lehen nabarmendu beharrekoak: Bide Ertzean, Enrique Villareal Drogas, Mursego eta Ruby Ray. Julen Azpitartek elkarrizketatu du Ruby Ray, Los Angelesko argazkilaria. 70eko hamarkadako Los Angelesko punk taldeen mugimendua bere argazki kamerarekin jaso zuen Ruby Rayk, eta garai hartako argazkiak From The Edge of The World: California Punk, 1977-1981 liburuan (Superior Viaduct) jaso berri ditu. Germs, The Zeros, Chrome, The Screamers, The Offs eta The Avengers dira, besteak beste, garai hartan eta paraje haietan punk mugimendua hauspotu zuten taldeetako batzuk, eta haien lekuko zuzena izan zen Ruby Ray bere argazki kamerarekin.

Txostena irrati libreei buruz

Ion Etxebarriak irrati libreei buruz egin duen txosten zabala da Entzun! berriaren beste ekarpen nabarmenenetako bat. «Txostenak irrati libreek zirkuitu handietatik kanpoko musika taldeen berri emateko eta musikazaletasuna zabaltzeko egin duten lanaren berri ematen du», Sagardiak azaldu duenez. Eta hauxe gaineratu du: «Irrati libreen egungo egoera ere azaltzen da, eta nik uste dut oso txosten interesgarria dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.