Musika

Rufus Wainwright, Diana Krall eta John Zorn, Donostiako 2024ko Jazzaldiko artisten artean

Ordainpeko kontzertuen zerrenda jakinarazi dute, eta sarrerak salgai daude jada; aurrerago emango dute doakoen berri. Jaialdia 2024ko uztailaren 23tik 28ra izango da.

(ID_12074273) ESPAÑA JAZZ SAN SEBASTIÁN
Diana Krall aurtengo Jazzaldiko kontzertuan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko abenduaren 14a
16:00
Entzun

Urtero, jazzaren zaleen bilgune izan ohi da Donostiako Jazzaldia. Datorren urtean, uztailaren 23tik 28ra, hiriko hainbat areto zein txoko musikaz beteko ditu jaialdiak. Nahiz eta zazpi hilabete pasatxo falta diren hasteko, antolatzaileek dagoeneko jakinarazi dute zeintzuk izango diren ordainpeko kontzertuetan parte hartuko duten musikariak. Trinitate plazan, Kursaalean, San Telmo museoan eta Victoria Eugenia antzokian izango diren kontzertuetarako sarrerak salgai daude jada, baita abonamenduak ere. Leihatilan bertan eta  www.jazzaldia.eus eta www.donostiakultura.eus webguneetan eskuratu daitezke.

2024ko aldiak «punta-puntako izenak eta joera ugari» izango dituela aipatu dute antolatzaileek. Izan ere, ez dira nolanahiko artistak igoko oholtzara. Hala nola Rufus Wainwright abeslaria eta piano eta gitarra jotzailea izango da jaialdian, lehen aldiz. Uztailaren 24an emango du kontzertua, 18:30ean, Kursaalean. Kanadako artistak azaldu izan du hainbat estilo izaten dituela oinarri sortzeko orduan: folka, ganbera popa, Broadwayko urrezko aroko musikalak, musika klasikoa eta opera, besteak beste. Maitasunaz, familiaz, drogez eta alkoholaz... hitz egiten dute haren kantek. Kursaaleko bakarkako kontzertuan, bere ibilbideko piezarik arrakastatsuenen errepasoa egingo du.

Wainwrightek ez bezala, Diana Krallek ezagunak ditu bai Donostia bai eta Jazzaldia ere; 1997an izan zen lehen aldiz. Hura izango da jaialdia itxiko dutenetako bat datorren urtean, uztailaren 28an emango baitu kontzertua, Kursaalean, 17:30ean. 1993an lehen diskoa kaleratu zuenetik, hamabost milioi disko baino gehiago saldu ditu Krallek. Jazz munduan ez ezik, pop kulturan ere ezaguna da. Ahotsa eta pianoa dira haren tresnak, eta horiek berak uztartu izan dituzten artisten eragina jaso du: esaterako, Carmen McRae, Aretha Franklin eta Nat King Colerena.

Hiru saio Zornentzat

Silvia Perez Cruz seigarrenez arituko da jaialdian datorren uztailean. Toda una vida bere azken lana aurkezteko aukera izango du musikariak, Jazzaldiko lehen kontzertuan; Kursaalean izango da, uztailaren 23an, 20:00etan. Carlos Montfort, Marta Roma eta Bori Alberto izango ditu lagun auditoriumeko eszenatokian. Disko berrirako ideia konfinamendu garaian otu zitzaion, eta bizitza osoa disko bakar batean birsortu nahi izan du. Bost ataletan banatuta dago, existentziaren etapa bakoitzari erreferentzia eginez (haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa, zahartzaroa eta pizkundea) . Guztira 21 abesti ditu, eta 90 musikarik parte hartu dute: Natalia Lafourcade, Liliana Herrero, Juan Quintero eta Salavador Sobral dira horietako batzuk.

John Zornek Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen 2019an, eta jaialdian arrastoa utzi duten musikarietako bat da. Hori dela eta, hari eskainitako zikloa antolatu dute. Hiru saio eskainiko zaizkio, eta sei talde arituko dira horietan. Lehen bi saioak Kursaalean izango dira, uztailaren 26an eta 27an, hurrenez hurren. Azken emanaldiak jaialdia itxiko du; Trinitate plazan izango da kontzertua, uztailaren 28an, 20:00etan. Bere talde berriarekin ariko da Zorn; New Masada Quartetekin. Julian Lage da gitarra jotzailea, Jorge Roeder aritzen da baxuarekin, eta Kenny Wollesen baterian. Zorn zuzendaria eta saxofoi jotzailea da.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.