Literatura

Russel, jakintza eta ekintzailetza

Iragan mendeko filosofo entzutetsuenetako bat izan zen Bertrand Russel. Askotariko gaiak landu, Literaturako Nobel saria irabazi, eta aktibista modura ere sona hartu zuen. Gaur dira 50 urte hil zela.

Bertrand Russel matematikari, filosofo eta aktibista, 1957ko azaroan. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikuspegi sozial eta pertsonal baten bila bizi izan naiz. Soziala, irudikatzeagatik norbanakoak aske haziko diren gizarte bat, non gorrotoa, diru gosea eta inbidia desagertuko diren, ez delako egongo haiek elikatuko dituen ezer. Pertsonala, noblea dena baloratzeagatik, ona dena, ederra dena. Argialdiek une arruntak jakinduriaz blaitzen uzteagatik. Gauza horietan guztietan sinesten dut, eta munduak, bere horrore guztiekin, ez dizkit ideiak aldarazi». XX. mendeko pentsamenduan izen handietako bat da Bertrand Russellena (1872-1970). Hainbat arlo ikertzeari eskaini zion bizitza profesionala, matematiketatik hasi eta filosofiaraino. Haietako eremu asko irauli zituen bere teoria eta jarrerekin, eta azken urteetan ekintzailetza politikoan hartu zuen sona haren figurak. Autobiografian idatzi zuen eran, «mundu baketsu eta jantziago baten alde» jardun zuen, jakintza jarrita mundu horren ardatzean.

Galesen jaio zen. Gazte hil zitzaizkion guraso biak, eta aitona-amonek hazi zuten, diziplina zorrotzez, gerora idatziko zuenez. Diziplina horrek ireki zion, ordea, obra luze eta oparo baterako atea. Anaiarengandik jaso zuen geometriarako lilura, 11 urte zituela. Ume lotsati eta bakartia izan zen, berak esan zuenez, eta unibertsitatean hasi zen jendartera irekitzen. Matematiketan graduatu zen aurrena, Zientzia Moraletan ondoren, eta Filosofian azkena. «Nire bizitzako garairik onena», idatzi zuen Autobiografia-n (1969).

Askotariko gaiak landu zituen, baina matematika izan zuen abiapuntua, ondoren ia erabat alboratuta utziko bazuen ere. Hiru liburukiz osatutako Principia Mathematica (1910-1913) da arlo horretako haren lanik ezagunena, Alfred North Whiteheadekin batera ondu zuena. Ezagutza matematikoaren oinarriak finkatzen saiatu ziren bertan, eta logika matematikoari lotutako izen nabarmenena da harena hargatik. Hilabeteetan, egunean hamabi orduko erritmoan aritu ziren lanean, eta, hain geratu zen akituta, gaian interesa galdu baitzuen.

Lehen Mundu Gerra piztea inflexio puntu bat izan zen Russellen bizitzan. Haren aurreko aldia ezagutzan zentratu zuen, baina hurrengo urteetan mundu baketsu baten aldeko kausara egin zuen jauzia. Aurretik ere bakezalea zen, eta are eta sutsuago hasiko zen horren gainean idazten eta hitzaldiak ematen. Ingelesak gerran sartzearen kontra aritu zen irmo, eta sei hileko kartzela zigorrera ere kondenatu zuten horregatik: gazteei bakartze behartuari nola izkin egin aholkatzeagatik. Lanpostua ere galdu zuen, harik eta gerra amaitu zenean filosofia irakasle hasi zen arte berriz, Londresen. Jakintzan murgil egiten baino, kausa sozialetan sartuago zebilen ordurako.

Idealismoaren aurkari

Paradoxikoa da Russellen jardunaren aurpegi bikoitza: aktibismo sozialean oihartzun handia lortu bazuen ere, telebistan azalduz, protesta ekintzen lehen lerroak hartuz, bere obra akademikoarekin jende gutxirengana heldu zen, exijentzia handiko emaria baitzen harena. Gai etiko, moral, politiko eta filosofikoen inguruan idatzi zuen, eta filosofia analitikoaren sortzailetzat hartua da. Hegelen idealismoarekin hautsi zuen: batetik, filosofia hark ez ziolako uzten aurrera egiten matematikei oinarria jartzeko lanean; eta, bestetik, Hegelek zioenaren aurka, uste zuelako mundua hainbat norbanako bakanez baina euren artean erlazionatuta daudenez osatuta dagoela. Konplexua elementu sinpleagoez osatuta dagoela zioen, eta ez dagoela bestea baino garrantzitsuagoa den elementurik. Sineskerien aurka egin zuen, lengoaia zehatza eta arrazoiketa defendatuz.

Lau bider ezkondu zen, eta ezkontzari eta sexualitateari buruzko bere teoriengatik «immoraltzat» hartu zuten maiz. Harremanak norbanakoen arteko akordio gisa ulertzen zituen, zeinetan masek eta tradizioek ez duten zertan eragin. Ikuspegi liberal horrek, baina, arazoak ekarri zizkion bai auzitegietan, bai unibertsitateko bide akademikoan ere.

Bizitzaren azken urteetan nabarmendu zen ekintzailetza politikoan. Gizakien eta nazioen arteko elkarbizitzaren alde egin zuen, eta bereziki arma nuklearren auzian inplikatu zen azken urteetan. Nazioz gaindiko erakunde bat sortzeko ere egin zuen lan.

Erlijiosoa zen, eta horrek gatazkak sortu zizkion arrazoiaren eta zehaztasunaren aldeko obsesioan. Horren gainean ere utzi zuen zer irakurria. Horregatik, hamaika gairen inguruan idatzi eta balio humanitarioak eta pentsamendu askearen aldekoak sustatzeagatik Literaturako Nobel saria eman zioten 1950ean. Euskarara obra oparo horretako bi testu heldu dira gaurdaino: Jone Forkadak itzulitako Bertrand Russellen azken iritziak ( 1970) eta Agustin Arrietaren Filosofiaren arazoak (2002).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.