Saihestu ezin den ezinegona

Alaine Agirrek pederastia kasu bat kontatu du 'Kamisoi zuri zetazkoa' kontakizunean

Alaine Agirre, atzo, Kamisoi zuri zetazkoa lanaren aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Garate.
Donostia
2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun

Hamaika urteko ume bat da Alaine Agirreren (Bermeo, Bizkaia, 1990) Kamisoi zuri zetazkoa (Erein) kontakizun ilustratuko protagonista. Eta harekin batera, gizonezko heldu bat, udalekuetako begiralea, abusatzailea, pederastia kasu bati buruzkoa baita istorioa. «Beharbada, baten batek pentsatuko du zergatik aukeratzen ditudan horrelako gaiak idazteko, baina bizitzak min ematen du, eta literaturak min hori jasotzen du; literatura mota horretan sinesten dut nik», kontatu du idazleak.

Ingelesa ikasteko udalekuetan, «ikusia» sentitzen da hasieran neskatila, onerako. «Abusatzailearen modus operandi-a ezaguna da: behatu egiten ditu haurrak, biktima posibleak aztertzen ditu, eta bat aukeratzen du, normalean arreta beharrean dagoen haur bat, esandakoari errazago men egingo diona». Armiarmaren amarauna ari da josten pixkanaka-pixkanaka begiralea. Protagonistak ez daki harrapakina dela, galduta dago, baina irakurleak ikusi egiten du nola ari zaion gerturatzen. «Gertatu behar ez litzatekeen hori ezinbestean gertatuko dela badaki, eta amildegirantz joate horrek egonezina sortzen du, bai niri idazterakoan, bai irakurleari irakurtzerakoan». Izan ere, begiraleak haurraren konfiantza eskuratzen du, hura lagunengandik isolatzea lortzen du, eta babes mekanismorik gabe dagoenean, bidea zabalik geratzen zaio.

Liburua idazten denbora asko pasatu duela kontatu du Agirrek. «Lehen bertsioa orain bi urte idatzi nuen. Zirrimarra hartan, ez nuen testua izango zena argi ikusi, baina antzeman nuen zer izan zitekeen». Geroztik, askotan itzuli da testu hartara, eta bertsio bat baino gehiago prestatu ditu. Eusko Jaurlaritzaren sormen beka bat ere izan du, «bidea egiten jarraitu ahal izateko». Besteak beste, plano gehiago zeuden zirrimarran, istorioa denbora ezberdinetan kokatzen zen, atal batetik bestera estiloa aldatzen zen, eta abar. «Adarrak kendu dizkiot testuari, eta udazkena ekarri diot, hostoak kendu eta neguko zuhaitz baten pare utzi dut, baina hala ere, bizirik dago, eta esan dezaket nahi nuen lekuan dagoela».

Istorioak berez duen dramatismoari ez diola dramatismo gehiago erantsi nahi izan azaldu du, eta, horregatik, «idazkera soila eta lehorra» erabili du. «Beti bezala, edertasunaren bila ibili naiz, baina beste batzuetan oparotasunaren bidetik egindakoa oraingoan soiltasunaren bidetik egin dut». Esaldi laburrekin dago idatzita kontakizuna. «Hitz bakoitzaren pisua neurtu nahi izan dut, eta doitasunez jarri bere tokian». Horrez gain, elipsiak erabili ditu, «askotan hutsak bete egiten duelako».

Hala, idatzaldiz idatzaldi, finago eta estilizatuago geratu da istorioa. «Destilazio moduko bat erabiliz, azkenean kontatu nahi nuenaren esentzia gelditu da». Laburra da liburua, 64 orrikoa, «hala ere, nobela izaera du, bai tonuz, bai erritmoz». Lau atalek osatzen dute: erdiko biak udalekuetan gertatzen dira, eta beste biak etxean.

Moranteren ilustrazioak

Sara Moranteren ilustrazioek eta interpretazioek osatzen dute testua. «Maisulan txiki bat egin du Alainek, txikia, hala delako luzeran, eta gu saiatu gara maisulan hori ontzi polit batean ateratzen», esan du Inazio Mujika Ereineko editoreak. Azal gogorra du, eta papera ere ohi baino lodiagoa. «Helduentzako lanak ez dira askotan agertzen horrela ilustratuta, baina ez nuke nahi nahastea helburua: helduentzako liburu bat da, noski, gazteek ere irakur dezaketena».

Istorioak irakurleengan eragiten duen ezinegon sentsazioa nabarmendu du editoreak. «Ondoeza sentitzerainoko ezinegona eragiten du, nik liburua gorputzaldi txarrarekin bukatu nuen». Mujikaren esanetan, irakurleak badakielako zer gertatuko den sentitzen du halako egonezina. «Putzuzulo lehor bat eta putzu horretan bildots bat ikusiko bazenu bezala da, eta ondoan sugea dago, eta sugearen mugimenduak ikusten dituzu, eta igarri egiten duzu zer egingo duen, eta, gainera, hil egiten du».

Agirreren laugarren nobela da atzo Donostian aurkeztutako Kamisoi zuri zetazkoa —Odol mamituak (2014), X hil da (2015) eta Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (2017) argitaratu ditu aurretik—. Haur eta gazte literaturan ere liburu ugari ditu argitaratuta, eta poesia liburu bat ere idatzi zuen iaz —Txoriak etortzen ez diren lekua—. Hala ere, aitortu du argitaratu berri duena berezia dela beretzat, «mugarri-edo delako nire obran idazkera aldetik. Baina ez bakarrik forman; beste modu batera sentitzen dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.