Saileko hiltzaile zahar bati buruzko kontakizun humanoa

Juan Diaz de Garaio arabarraren bizitzaz aritu da Aitor Arana 'Sacamantecas nuen aita' nobela berrian

Aitor Aranak Juan Diaz de Garaio hiltzaile historikoa berreskuratu du bere nobela berrirako. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Kepa Matxain Donostia
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Sei emakume bortxatu eta erail zituen Arabako bide bazterretan 1870 eta 1879 bitartean, eta, horrenbestez, bera da oraino ezagutzen den lehendabiziko euskal serial killer-a. Juan Diaz de Garaio Sacamantecas-ek, Aitor Aranaren (Legazpi, 1963) Sacamantecas nuen aita eleberriko protagonistak, zinez behar zuen izan gizon beldurgarria. Hainbeste, ezen gerora haren izengoitia maiz erabili baita bihurrikeriaren bat egiten zuten haurrak mehatxatzeko. Aranak, ordea, Diaz de Garaioren «alderdi humanoa» erretratatu du, haren alabaren ahotsetik.

Mikel Soto Txalapartako editoreak nabarmendu duenez, «liburu berezia» da Aranarena. «Eleberri historiko bat izan zitekeen, baina biografia bat ere bada, eta gehiago sakonduz gero, liburu beltz bat, poliziakoa». Haren ustetan, idazleak «oso ongi» jakin du «gaiaren bistadizo orokor bat ematen», eta egokitzat jo du horretarako alabaren pertsonaia hautatzea.

«Sacamantecas-ek bi seme eta alaba bat zituen —azaldu du Aranak—, baina semeak ez zitzaizkidan baliagarriak istorioa kontatzeko: batak Kubara egin zuen ihes, han galdu zen haren arrastoa; bestea, berriz, eskale ibili zen Gasteiz inguruan. Idazten zekien norbait behar nuen, eta ikusirik alabaren inguruko informazio askorik ez zegoela, erabaki nuen moja sartzea, eta istorioa berak kontatzea».

Historiak oker bataiatua

Nahiz eta historiak «euskal Jack Tripa-urratzailearen titulua» jarri, Diaz de Garaio, izatez, ez zen benetako sacamantecas bat, Aranaren esanetan. «1850 inguruan, dirudunek bidelapurrei zein behartsuei ordaintzen zieten, neska-mutikoak hil, eta haien odola eta gantza eskuratuz, tuberkulosia eta gisako gaitzak sendatzeko. Uste hori zen urte haietan». Gauzak horrela, garai bertsuan sarraskiak egiten ari zen benetako sacamantecas baten ezizena hartu zuen arabarrak, eta horrela igaro da historiara. Baina bera, hasiera batean behintzat, ez zen jendeari barrenak ateratzen ibiltzen. Bide ertzetara joan ohi zen, eta sexu harremanak eskatzen zizkien prostitutei, ia ezerezaren truke. Horiek ezezkoa ematean, haserretu, eta hil egiten zituen, zoroaldi batean.

«Beste lan batzuetan ari nintzela, topatu nuen prostitutei bideetako mari ere deitu izan ohi zitzaiela Euskal Herrian», oroitu du Aranak. «Hasieran zergatirik ez banekien ere, liburu honetarako dokumentazio lanetan ari nintzela jakin nuen. Nonbait, XIX. mendeko gerra karlista medio, emazte asko alargun gelditu ziren, eta askotan ez zuten bideetara irten beste erremediorik izaten txanpon batzuk eskuratzeko».

Diaz de Garaioren istorioaren akaberari arketipo nobeleskoa antzematen dio Sotok. «Gero eta ausartagoa da, gero eta hankasartze gehiago egiten ditu, baina hankasartze horiek kalterik eragiten ez dioten neurrian, aurrera segitzen du». Aranak jarraitu du: «Emakume batek ihes egin zion erasoaldi batean, eta haren atzetik ibili zen, isil zedin bost pezeta eskainiaz. Azkenerako, ordea, hildakoei giltzurrunak-eta ateratzen hasi zen, eta harrapatu egin zuten». Garrotean hil zen, 1881ean, Gasteizko Polvorin Viejo kartzelan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.