Bertsolari Txapelketa Nagusia

Saioa ertz bitan banaturik

Agin Laburu irabazleak eta Jone Uria bigarrenak puntu askoren aldea kendu diete bigarren kanporaketako gainerakoeiBetelanean izan dituzte arazorik handienak sailkapenaren behealdean sailkatutakoek

Agin Laburu, atzoko saioko une batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Markina-Xemein
2013ko urriaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Agin Laburu eta Jone Uria ertz batean aritu ziren; eta beste ertzean Onintza Enbeita, Eneko Abasolo, Eneko Fernandez eta Beñat Ugartetxea. Bi ertzen aldeko aldea puntuetan zabala izan zen Markina-Xemeinen jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren kanporaketan. Puntuaketarik altuenak eta baxuenak ere ertzekoak izan ziren, lehen bi kanporaketetako puntuaketarik onenak eta baxuenak lortu baitzituzten. Alde zabala izan zen horretan ere. Puntuetan ez ezik, saioan zehar ere igarri zen ariketa batzuetan lehen bi sailkatuak ertz batera zihoazen bitartean, gainontzekoak beste aldera zihoazela; nahiz eta batzuetan hurbiltzeko pausoak eman. 880 bertsozalek jarraitu zuten saioa Udal Pilotalekuan.

Lehen puntua emandakoetan hasi zen Laburu aldentzen. «Ezagutzen al duzu / San Mames barria», jarri zion lehen puntua Idoia Beitia aurkezleak, eta honela osatu zuen bertsoa Laburuk bikain: «Bilbotarrentzat degu / ikaragarria / dirua gobernuak / propio jarria / ez dakit nun daukagun / batzutan neurria». Neurri bertsuan osatu zuen hirugarrena ere. «Bertso finala bertan / ospatu ezkero», jarritako puntuaren entzunda, «ni juango naizenik / ez zazu espero / Estiballesek gaur hau / egin eta gero / gauza normaltzat joko / dugu honezkero», bota zuen.

Lehen puntua emandakoetan abaila hartuta iritsi zen hamarreko txikikora eta kartzelara. Laburu eta Fernandez anaiak izan ziren txikikoan. Une horretan jakin zuten, hil berri zen amak beste seme bat zuela. Laburuk ezagutu nahi zuen anaia hura; Fernandezek, ez. «Hirugarren anaia / nahiz ta ez guk hauta / zilbor hesteek tira / ta bihotzek taupa; / bera ezagutzeak / txarrik ba al dauka?», galdetu zuen lehen bertsoan Laburuk artez. «Ez badigu kontatu / zerbaitengatik da», erantzun zion Fernandezek galderari. «Nahiz eta egoerak / Eneko, gogaitu / hasitako bidea / nahi nuke jarraitu / berak ere igual gu / ezautu nahi gaitu», argudiatuz bukatu zuen berari zegozkionak.

Lan berean hurreratu zen Uria Labururen ertzerantz. Jarrerak zitzaizkien gaian bertsolariei hamarreko txikikorako. Abasolo eta Uriak oraintxe bukatu berri zuten umea adoptatzeko prozesua. Umeak bi neba-arreba zituela jakin zuten, eta Abasolok hirurak adoptatu nahi zituen; Uriak, berriz, bakarra. «Baina baten lekuan / orain, hiru omen / ta zuk hirurak hartu / nahi dituzu hemen / badakigu gero nork / zainduko dituen», bota zuen aurrenekoan. «Ta umeei esker / beti poztuko gara / biok hiru bider», jarraitu zion Abasolok. Abasolok lehen puntua emandako lanean langabezian zegoela kantatu zuen. Uriak behin baino gehiagotan ekarri zituen ofizioetara gainontzekoek aurrez kantatutakoak, eta hamarreko txikian funtzionatu zion ondoen: «Aita gisa nahiz izan / zintezkeen maisu / gastuak ere bider / hiru dira, aizu! / Zure langabezia / ahaztu al zaizu?».

Kartzelan ere bakarka bertsoaldia goitik behera onenera bidean zuen, bertsoaldiko azken puntuan trakestu zitzaionean. Hankaluze nabarmena egin zuen azken puntu hartan. «Orain arte maiz ikusten zenuten elkar. Aste bi dira zu ikustera etorri ez dela», zuten bakarkakorako gaia. 90 urterekin zaharren egoitzara eramatea ebatzi zuen seme-alabekin, lehen bertsoan kontakizunaren kokapenean. Hala bukatu zuen kokapena: «Alabak hala aitortu zidan / hona ekarri berritan: / 'Lasaitu ama ahal dudan beste / etorriko naiz bisitan'». Eta hala kantatu zuen bigarrena:

Jone Uria:

Nik ulertzen dut beraiek ere

ez direla oso gazte

eta haurrekin badaukatela

horrenbeste buruhauste;

baina honaino behin etortzeko

ere ez al dira aske?

Ene alaba, ene semea

ze nolako bi desastre!

90 urte beteta

nahiz izan nahiko desgaste

sekula ez zitzaizkidan egin

horren luzeak bi aste.

Enbeitak ere kartzelan eman zuen gehien. Antzerako egoeran zegoen Enbeita amona ere. Bere kasuan, baina, ilobaren zain zen. «Nahiz ilobaren bisitak / jarri ninduken alai / saiatu nahi dut egoten / bere esperoan lasai. / Hau da hain da leku tristea / hau oso tristea da, bai / hemen dagoenez hainbat / heriotz eta hil usai; / ni ezin naiz joan eta / berak ez du etorri nahi», deskribatu zuen egoera bigarrenean.

 Beste ertzetik jardun zen Abasolori nabari zitzaion prestaketa falta, baina bertsokideari ideietan laguntzen ahalegina egin zuen, nahiz betelanean estu jardun.

Betelana izan zen ertz horretan jardun zirenen ezinik handiena, puntuak neurrian sartzen ezinean jardun ziren maiz. Fernandezek asmatu zuen kartzelan soiletik. Ariketa zuzena eginda bukatu zuen saioa. Ugartetxearen gaiaren ibilbideak nahasi zituen hainbatetan umore bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.