Sakonena mendia da

Txillidak nahi zuen proiektuaren inguruko zalantzak gero eta handiagoak dira, baina Fuerteventuran askok uste dute irla ahanztura historikotik ateratzeko bide bakarra dela.

ALBERTO BARANDIARAN TINDAYA
2008ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Fuerteventurako uhartea, majoreroek zaintzen dute», kantatzen du Fabiola Socasek, Valles de Ortegako kultur etxearen aurrean, herriko kantari zaharraren omenez antolatutako ekitaldian. Domingo El Colorado tinplista trebeak begiak ixten ditu gitarra txikiarekin laguntzen dion bitartean. Jendeak gogoz txalotzen ditu Kanarietako herri musikari ezagunen koplak.

Jendeak txalotzen ditu, nahiz eta kontzertua ia bi ordu berandu hasi den; nahiz eta, hotza gorabehera, pazientzia handiz plazan itxaron behar izan duten musikariek ondoko tabernan azken zerbeza amaitzen zuten bitartean. Fuerteventurako biztanleen dohainak kantatzen dituzte Socasek eta El Coloradok. Jandiako hondartzak direla lur honetako altxorrik handiena. Eta majoreroek zaintzen dituztela.

Duela gutxi arte, turismotik salbu zen Fuerteventura, ez zuelako Teneriferen edo Lanzaroteren erakargarritasuna. Inguruko uharteekin alderatuta, lur lehor, mortu eta azpiegiturarik gabea zen hau. Basamortu okre bat. Haizea lagun bakarra. Azken urteetan, ordea, urbanizazio eta hotelentzako gune handiak prestatu dituzte iparraldean, Corralejon, eta hegoaldean, Jandiako hondartzen inguruan. Fuerteventurako politikari eta enpresariek gogoz hartu dituzte turismoaren sarrera berriak, eta gero eta gehiago dira lugorri hau alderik alde zeharkatzen duten errepideak. Gero eta gehiago, luxuzko kontzentrazio eremuen antzera, desertuaren ertzean han eta hemen eraikitzen ari diren etxe saldoak.

Baina majoreroek zaintzen dute lur hau? Egia esanda, Tindayako proiektuak proba aparta jarri die uharte honetako biztanleei. Eduardo Txillidaren egitasmoaren gainean jarri dute esperantza guztia turismoa kosta ahala kosta bultzatu nahi dutenek, baina ez haiek bakarrik. Fuerteventuran, jende askok uste du euskal eskultoreak amestu zuen proiektu erraldoia, hots, mendi osoa eskultura bilakatzea, hori uhartearentzat aukera paregabea dela ahanztura historikotik ateratzeko. Txillidaren markak, Cesar Manriquek Lanzaroten egin zuenaren antzera, izena eta izana emango diola lurralde honi. Arazoa da arkeologoak, historialariak eta ekologistak sinetsita daudela ezinezkoa dela mendia babestea eta Txillidaren proiektua aurrera eramatea.

Ingurune babestuena

Tindayako mendia Kanariar Uharteetako inguru babestuena da. Monumentu naturala, landare baten erreserba, interes botanikoko gunea, mehatze gune berezia, monumentu historiko-artistikoa, eta interes kulturaleko ondarea. Baina Txillidak nahi zuen mendia hori zela erabaki zuenean, uharteetako egitura ofizialak martxan jarri ziren. Eta Tindayako mendia babesteko arauetan artikulu bat erantsi zuten: 7.3a. Haren arabera, mendian ezin da ezer egin, salbu eta barruan aisialdirako gune bat. Txillidaren monumentuarentzako ad hoc sortutako artikulua, bistan da.

Artistak baldintza batzuk jarri zituen, aurrera egitekotan. Adostasuna nahi zuen, eta mendia bera ez hondatzea. Adostasun politikoa behintzat badu. Kanarietako Parlamentuan dauden hiru alderdiek -Coalicion Canaria (CC), PSOE eta PP-, babesa eman diote, orain arte, proiektuari. Mendia ez hondatzea... dudak.

Egin duten azken txostenak dio proiektua teknikoki oso konplexua dela, benetako erronka teknologikoa. Harriak ez omen dauka espero zuten sendotasuna eta egonkortasuna, eta 50x50 metroko kuboaren gainean bobeda erraldoi bat egin beharko litzateke, tentsiozko kableen arteko amarauna. Bideragarritasun teknikoa bera, obra egin ahala frogatuko dutela diote ingeniariek.

Tartean, Kanarietako Uharteetan izan den iruzur ekonomikorik handiena gertatu da proiektuaren itzalpean, 11,7 milioi euro ordaindu direlako egin gabeko bideragarritasun egitasmoetan. Gobernuak, aurtengo udaberrian, 25,7 milioi euro gastatuak dituela onartu du. Eta oraindik ez da harri bakar bat ere mugitu.

Jesus Giraldez idazlearentzat, proiektua bera zentzugabekeria da. «Une honetan, unibertsitateetako irakasleen artean, Historia eta Arkeologia departamentuetan, ez dago inor Tindayaren aldeko manifestu bat sinatuko duena». Giraldezek Tindaya: boterea mitoaren kontra liburua argitaratu zuen iaz, eta hor proiektuaren hasierak, eta argi-ilunak aletu zituen. Alde ilunetako bat, asmo kultural jasoarena. «Nik defenditu nahi dut hor badugula nortasun ikurra, eta behin nortasun ikurra daukagula, arte modernoaren mito berriarekin ordezkatu nahi digutela».

Protesta ugari izan dira 1996an proiektua iragarri zutenetik. Kanarietako Berdeak talde ekologistako Montse Martin hasieratik egon da borroka horretan, Tindayako mendiaren aldeko plataforma osatu zenetik. Eta proiektua «bideraezina, lotsagarria eta inmorala» dela dio, ozen.

«Ingeniariek esan dute monumentua, Txillidak pentsatu zuen bezala, ez dela teknikoki bideragarria, eta Kabildoak berak enkargatu zuen ikerketak ondorioztatu du bateraezina dela ingurugiroaren babesarekin. Orain badakigu eguzkia eta ilargiaren argia ez dela ikusiko barrutik, eskultoreak nahi zuen bezala, eta 50x50 metroko kuboa ez, 40x40koa izango dela. Burugogorkeria da».

Agintarien utzikeria

Proiektuaren alde daudenek askotan azpimarratu dituzte onurak, eta ukatu egin dute zundaketek, edo lanak berak, mendia eta podomorfoak hondatuko dituztela. Jose De Leon Gran Canariako Kabildoko ondare teknikariak inork baino hobeto ezagutzen ditu grabatuak, besteak beste, berak bultzatu zuelako ikerketa arkeologiko serio bakarra, hainbat aditurekin batera. Kanarietako Gobernuak Guardia Zibila bidali zuen ikerlarien aurka, baina jaso ahal izan zituzten frogek argi eta garbi hitz egiten dutegrabatuen garrantziaz.

«Txillidaren lanak podomorfoak hondatuko ez dituela dioenik bada, bai. Baina horrela pentsatzen dutenak politikariak eta enpresariak dira, eta ez dute sinesgarritasunik, haiek direlako Fuerteventurako uhartea hondatzen ari direnak. Grabatuak desagertu egin dira, batzuk kaltetu dira, eta agintariek ez dute babes neurri bakar bat ere hartu. Ez dute ezta babes eremua ere finkatu. Ez dira fidagarriak».

Pedro Carreño ere ondare historikoko teknikaria da Fuerteventuran, eta berak ere mendiarekiko axolagabekeria leporatzen die politikoei. «Diru asko gastatu bai, baina oso gutxi egin da. Jendea hil egiten zen hemen, toki guztietan bezala, baina ez da garai hartako hilerriei buruz ezer aurkitu, ez delako bilatu». Bere inguruan antzematen dituen sentiberatasunik falta azpimarratu du. «Kultur ondareak daukan garrantzia ulertu behar dugu. Hemen, La Olivan, Koronelen etxea dugu, Kanarietako inguru zibiko-militarrik garrantzitsuena, eta hondoak jota dago. La Oliva bera Fuerteventurako eraikin multzorik interesgarriena da, eta hondoak jota dago. Ez dago ardurarik».

Giraldezek garbi du proiektuarekin ate oso arriskutsua zabal daitekeela. «Kontuan hartu behar dugu oso ondare arkeologiko baliotsua dagoela hor, kalitatez eta kantitatez. Ez dago horrelakorik ezer. Eta Txillidaren proiektua egiten badute, benetako parke tematikoa izango da. Eta, batez ere, arriskurik handiena da hori hor egiten baldin badute, orduan garbi dagoela edozein tokitan edozer gauza egin dezaketela».

Majoreroen iritzia

Foliak, malagueñak eta polken artean, Domingo El Coloradok timplearekin berotu ditu Valles de Ortegako ikusleak. Herri musikariak behin baino gehiagotan hitz egin du Tindaya zulatzearen aurka. «Ze beste monumentua, mendia bera baino hobea?».

Monumentu hark erakarri zuen Pedro Carreño 1973an tontorreraino igo zenean, hotzetatik babes bila ari zela podomorfoak ikusi zituenean. Gaur egun, La Olivako bere etxean, Fimbapaire izeneko ibarraren gau itxiaren babesean, haizea lagun, proiektuaren alde dagoela aitortu du.

«Badakit bestela pentsa nezakeela baina une honetan, Txillidaren monumentuaren alde nago. Ez naiz arkitekto edo ingeniaria, baina susmatzen dut, eta badakit, mendiari ez diotela kalterik egingo. Tindaya ez da Txillidaren monumentua izango, Tindaya izango da Txillidak bere monumentua egiteko erabiliko duen tokia. Arriskutsua izan daiteke, baina erabaki arriskutsu asko hartu izan dira historian. Horiek gabe, gaur egun ez genituzkeen Petra, Eiffel dorrea edo Egiptoko piramideak. Eta aukera aprobetxatzen badugu, mendiaren salbazioa izango da». Hondarrean, duda bat. «Baina ez nuke horretan ezer gastatuko, lehenago Fuerteventurak dituen arazo larriak konponduko ez balira».

Ingurumen kontseilari Domingo Berrielek, joan den maiatzean, Parlamentuan, onartu zituen proiektuak dituen zailtasun ekonomiko eta judizialak, baina aurrera jarraituko dutela azpimarratu zuen. «Epaiak ez dira traba izango», ziurtatu zuen. Majoreroa da bera.



'Tolerantziaren monumentua'-ren zalantzak

Zalantza ekonomikoak. Obrak 49 milioi euroko aurrekontua du. Horri eransten bazaizkio mendi inguruan egin nahi dituzten obrak, harrobien konponketak eta abar, eta zergak, 76,4 milioi euroko aurrekontua izango luke. 4,6 milioi euroko aurrekontua daukate Esquinzoko lautadan egin behar dituzten lanek. Denera, 81 milioi euro, gehi orain arte gastatu diren 12 milioiak. 93 milioi euroko aurrekontua, hasteko. 2008. urterako Fuerteventurako kabildoak duen aurrekontua, gutxi gorabehera. Kanarietako ondare arkeologikoan historia osoan gastatu dutena baino gehiago.

Zalantza teknikoak. Egitasmo teknikoak dio proiektuaren izaerak «egungo ingeniaritza mugaraino» eramango duela, eta bideragarritasunaren inguruko gutxieneko garantiak proiektuak aurrera egin ahala lortuko direla. Halaber, hainbat zalantza geotekniko daudela onartu dute teknikariek.

Zalantza juridikoak. Lanak berak talka egiten du Tindayako mendiak duen babes izaerarekin, monumentu naturala izatea eta harrobia sortzea ez baitira bateragarriak. Halaber, podomorfoen gaineko ikerketa seriorik ez da egin, eta ez daude ondo sailkatuta eta katalogatuta. Zundaketa lanak podomorfoen 100 metrora egingo lirateke.

Bideragarritasun kulturalari buruzko zalantzak. Mendiak berak gaur egun dituen balio kulturalak bigarren mailan geratuko lirateke, eta bisitarien gaineko datuak ez dira bateratu. Halaber, bisitari berrien joan-etorriak, eta obrak berak, atari zabaleko aztarnategi hau ezinbestez desitxuratu eta testuingurutik aterako luketela uste dute proiektuaren aurka daudenek.





Monumentua azkenean egiten badute, garbi dago edozein tokitan edozer gauza egin dezaketela»

jesus giraldez
Idazlea
«Orain diote eguzki eta ilargiaren argia ez dela zulo barruan sartuko; burugogorkeria da»

montse martin
Ekologista




Aukera ondo aprobetxatzen badugu, mendiaren salbazioa izango da»

Pedro carreño
Ondare historikoko teknikaria
«Grabatuak desagertu egin dira, hodatu dituzte, baina ez dituzte babes neurriak hartu»

jose de leon
Arkeologoa




«Mendia larrutuko duzue»

Fuerteventurako Berdeaktaldeak eskutitz irekia bidali zien duela hiru urte Txillidatarrei.



«Luis Txillida jauna:

Jakinarazi nahi dizugu, zure aitak jarri zituen baldintzak [Tindayako proiektua egiteko] ez direla, tamalez, beteko. Eta zuk ondo asko dakizu jakin. Obra ez da inoiz egingo zure aitak amestu zuen bezala. Jada iragarri dute txikiagoa izango dela, nahiz eta obraren aurrekontua, hori bai, gora eta gora ari den, eta diru hori kanariar guztien patriketatik obra bultzatzen ari direnen patriketara pasatzen ari den. Zuk edo zure senideek jaso duzue guri kentzen diguten diru horren zatiren bat? Fuerteventuran, aurrez fabrikatutako geletan ari dira ikasten haurrak; sotoetan, gimnasioetan, haurrak eta aulkiak jarri ahal izateko jada liburutegiak ez diren liburutegietan. Ez zaizu zuzenago iruditzen gure dirua gure seme-alabak hezteko erabiltzea, eta erakustea, esaterako, euskal eskultore handi batek naturak eta herriak errespetatu zituela beti?

Kanariar Uharteetako komunikabideak irakurtzeko lana hartu baldin baduzu, ikusiko zenuen hemengo jendeak ez duela lana onartzen. Ez behintzat herri honen parte handi batek, tartean aditu asko eta asko, proiektu horren aurka hasieratik agertu direnak; aurka daude zure aitaren ametsa Tindayan egin dadin, zure aitaren ametsak Mendiaren ametsak amai ditzan.

Azkenik, egunen batean azaldu beharko diguzu nola hustu daitekeen mendi bat kalterik eragin gabe. Baliteke posible izatea Guadiana Ikerketak enpresak, gure diruari esker, aurkeztu dituen ikus-entzunezko asmaketetan. Baina errealitatearen kontra ez dago joaterik, eta Tindayako Mendi Sakratuaren erraietan sartu ahal izateko, larrutu beharko duzue, haragi bizian utzi, eta, gutxika, odolustu, bihotza erauzteko. Agonia txiki bat, milaka urtetako bizitza amaituko duena. Eta, dena, madarikaziozko amesgaizto bilakatu den amets batengatik. Gizatasunik baldin baduzu, eten basakeria hau.

Adeitasunez, eta betiko eskertuta, milaka ahots, ehunka oinatz, sorgin ikusezinak eta herri baten memoria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.