Iruñean izan da egunotan Laszlo F. Foldenyi arte aditua eta saiakeragilea (Debrecen, Hungaria, 1952), Jorge Oteiza Katedrak antolatutako museoei buruzko sinposioetan parte hartzen. Egungo museoek intimitate premia dutela esan du hitzaldian, eta hori izan da tesi nagusia, honela aldarrikatu du: «Artelanekiko elkarrizketa eta eztabaida ekartzen duen harreman mota hori berreskuratzea». Apustu pertsonala da, ordea, dioenez, gizartearen jarrera orokorraren korrontearen aurkakoa. Kontsumismoa da nagusi, baita artean ere. «Jendea kontsumitzera joaten da museoetara. 'Izan dut nire Mona Lisa errazioa'; hori da egungo bisitarien jarrera nagusia».
Intimitatea berreskuratzearen alde izan da zure hitzaldiaren izenburua.
Arriskuan gaude. Populismoa da nagusi alor guztietan, baita arteetan eta museoetan ere. Zenbat eta bisitari gehiago, orduan eta museo hobea; hori da mezua. Faltsua da, baina hori da gehien entzuten dena. Nire ustez, ordea, artelanarekin harremanetan jarri ahal izateko beharrezkoa da nolabaiteko intimitatea izatea. Bestela, kantitate kontu soila bilakatzen da, kalitatearekin zer ikusirik ez duena.
Intimitatea esatean, zertaz ari zara?
Artelanarekin elkarrizketa batean sartzeko aukeraz, eta ez lan batetik bestera korrika ibiltzeaz. Elkarrizketan sartu ezean, begi osasuntsuak izanagatik ere, ez duzu artelana ikusi ahal izango. Elkarrizketarik ez bada, artelana gauza erabat neutrala bilakatzen da. Eztabaida behar da. Zuk koadroa beste jarzen zaitu zalantzan koadroak zu.
Veronika kendöjeliburuan (Veronicaren hil-oihala), adibidez, praktikan jarri duzu aipatzen duzun museoekiko harreman intimo hori. Europa osoko museoetan egindako bisiten eguneroko bat da lan hori.
Museo asko bisitatzen ditut; asko gustatzen zait, eta badut nire metodoa. Koaderno bat eramaten dut beti, eta margolanen aurrean ditudan nire gogoetak apuntatzen ditut han. Horrek elkarrizketa bat pizten laguntzen dit. Hurrengo koadrora aurrez piztutako galdera horiekin joaten naiz, eta, hala, harremanetan jar naiteke koadroekin. Praktikatu beharra dago. Zurbaran margolariak egindako hil-oihalari buruzko koadro bat da tituluaren jatorria. Arrazoia sinbolikoa da. Nire ustez, margolan orok erakutsi eta ezkutatzen du zerbait. Bilatu egin behar da ezkutuan dagoen hori. Intimitatea da galdera horiek entzuteko bidea. Bestela, eros guneetako musika bezalakoa da.
Ikustea ez da aski, egun, zenbait arte proposamenetan; parte hartzea ere hor dago.
Bai. 50eko hamarkada bukaera aldetik dator hori, ikuslearekin harreman hori sortzeko irrikatik. Badira artelanak ihes egiten uzten ez dizutenak. Marina Abramovich artista serbiar-amerikarrarena izan daiteke adibidea. New Yorkeko arte museoan eserita egon zen zenbait astez, aurrean mahai bat zuela. Aurrean esertzen zitzaizkion bisitari guztiei begira. 700.000 pertsonak ikusi zuten hori. Denak ez dira Abramovich, halere. Tiziano edo Zurbaranekin harremanetan jartzeko bestelakoa da hartu beharreko bidea.
Liburuko pasarte batean Madrilgo Reina Sofia museoari buruz ari zara. Parekotzat jotzen dituzu museoa ikusten egon ondoren sentitzen duzun nekea eta eguna saltoki handietan pasatu ondoren sentitzen duzuna.
Museo guztiek dituzte ehunka edo milaka artelan. Ezin da, fisikoki, dena ikusi. Ordubete edo bi ordu pasatzen dira gehienez ere. Hamar bat artelan ikus daitezke tarte horretan. Ikusi, ikusi. Bestela, museoan ibil zaitezke. Mundu osoko museo ezagunak artelan bakarrarekin identifikatzen dira. Ikono moduko batekin. Mona Lisa du Parisko Louvrek; Meninak Madrilgo Pradok, Picassoren Avignongo andereñoak New Yorkeko Arte Garaikideko museoak... Korrika joaten da jendea haiek ikustera. Ezin dira ikusi, jendez gainezka egoten direlako. Jendea ez da ohartzen kalitate bereko lanak badaudela alboko aretoan ere. Kontsumismoa da. Azken-azkena erosi behar da, berriena, markarik ezagunena. Eta koadro horiek markak dira. Denbora hartu behar du norberak horri aurre egiteko.
Korrontearen aurka aritu behar da, ordea, hori lortzeko. Museoek bilatu egiten dute ikono hori, baita esplotatu ere.
Oso zaila da. Museoak egun saltoki handien gisakoak dira. Louvrera joan, eta erabaki beharra duzu museoa ikustera joan nahi duzun edo saltoki handi batera joan nahi duzun. Benetako saltoki batera. San Frantziskon Arte Garaikideko Museora sartu aurretik denda bat gurutzatu behar duzu. Ardoa ere saltzen dute. Edozer. Eta hiriko jatetxerik onena ere bertan da. Museora sartzeko ordubete behar duzu, eta nekatuta heltzen zara.
Nola egin horren aurka?
Norberaren hautua da. Museo gehienak daude kontsumismoaren presiopean. Ez denak, baina gehienak. Badira laguntza eskaintzen duten museo zuzendaritzak, komisarioak eta arkitektoak. Renzo Pianok eraikitako Suitzako Beyeler Fundazioa da horren adibide. Jendea ez nahasteko eraiki zuten. Museo asko dirua ahalik eta gehiena egiteko eraiki dira. Nolanahi ere, zaila da beste bide hori hartzea.
Artelanak ikono bihurtzen dituzten museoez gain, museoak ikono bihurtzen dituzten hiriak ere badaude.
Hala da, bai. Bilbon, adibidez, hori gertatzen da. Baita New Yorken ere Guggenheim museoarekin. Oso eraikin ederra da, baina komisarioentzat beldurgarria da. Arkitektura oso indartsua da, eta gogor egin behar izaten dute borroka haren aurka erakusketa on bat egin ahal izateko. Badira arteaz ahazten diren arkitektoak. Eraikina artelanak erakusteko dela baztertu, eta eraikina bere artelan bihurtzen dutenak.
Soiltasunarena da, beraz, museoetan intimitatea lortzeko bidea?
Nik neronek nahiago ditut halako museoak, bai. Artelanekiko elkarrizketa horretara laguntzen zaituzten eraikinak.
Museoa bera, erakunde gisa, beti dago kritika pean.
Frantziako Iraultzan hasi zen joera kritiko hori; museoak hilerriak izan daitezkeela kritikatzen zen. Eta hemen nago ni neu ere, arrazoi beragatik kexaka. Nola itzuli lan horiek bizira?, hori da erronka. Museoak desastre bat dira; txarrak dira, baina, era berean, ezin haiek gabe bizi.
Zure testuetan askotan aipatzen duzu edertasunaren ideia. Oso eztabaidatutako kontzeptua da. Berdin erabiltzen duzu zuk, ordea, Zurbaranen margolanei buruz aritzeko edo gorputzarekin lan egiten duten artista bisualki bortitzagoez aritzeko.
Oso ideia zaila da edertasunarena. Harmonia batekin du zerikusia, egiturarekin... Bruce Nauman artista, adibidez. Oso kontzeptuala da, baina, haren lana begiratzeko denbora hartuz gero, ohartzen zara haren ederraz. Noski, egia da, oso ideia susmagarria dela edertasunarena. Kakotx artean bakarrik aipa daiteke edertasuna eta handitasuna egun. 50eko hamarkadan oso agerikoa zen, artea «handia» eta «ederra» izan zitekeela. Hala aipatzen zuten Jean Paul Sartre eta Albert Camusek ere. Gaur egun, inork ez du «artearen handitasunaz» hitzik egiten. Hala ere, berehala igartzen da Naumanen eta hirugarren mailako artisten arteko aldea. Eta handitasun kontu bat da hori. Hor dago oraindik.
Laszlo F. Foldenyi. Arte aditua eta saiakeragilea
«Saltoki handien antzekoak dira museoak gaur egun»
«Intimitatea» da egungo museoen gabezia nagusietako bat, Laszlo F. Foldenyiren iritziz. Artelanaren eta museoa bisitatzen duen ikuslearen arteko debatea zailtzen baitu gabezia horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu