Denerako tartea hartu izan duten pertsona horietakoen biografia da Luis Iriondo Etxanizena (Azkoitia, Gipuzkoa, 1931). 13 urte zituenean, jaioterriko Banco de Vizcayan hasi zen lanean, musu truk. Herritik irten gabe, Forjas fabrikako idazkariere izan zen, besteak beste; gero, Laboral Kutxako Marketin eta Publizitate zuzendari bilakatu zen. Azken lan horretan ari zela, iragarkiak euskaraz egiteari ekin zion. Aitzindarietako bat izan zen horretan. Lanongatik baino gehiago, baina, kultur eta komunikazio arloan egindako ekarpenagatik egin da ezaguna.
«Gu astalapiko handi batzuk izatea nahi zuten: ez libururik, ez musikarik eta ez ezer», zioen gazte garaiaz 2009an BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketan.Astalapiko ez izatea erabaki zuen, beraz. 1950eko eta 1960ko urteetan, literaturaz eta musikaz idatzi zuen astero La Voz de España egunkarian. Loiola Irratian ere, sorreratik eta hamalau urtez, musika saio bat egin zuen.
1958an, Londresera egin zuen bidaian, My Fair Lady musikala ikusi izanak markatu egin zuen. Marka haren ondorioz sortu omen zuen Kontrapuntoak boskotea, 1961ean. Frantsesez, gaztelaniaz, ingelesez, italianoz kantatzen zituzten Gershwin, Kern, Porter, Modugno eta Aznavourren piezak, besteak beste. Baita euskarazko kanta asko ere. 30 disko eta 150 kantu inguru eman zituen proiektu horrek, 1962tik 1969ra bitartean.
Disko ekoizle ere aritu zen Iriondo. Lourdes Iriondoren lehendabiziko bi diskoak ekoitzi zituen, esaterako. «Hark piztu zuen Ez Dok Amairu», zioen geroago. Unai Hirukoaren, Enrike Zelaiaren, Xabier Madinaren eta beste hainbaten lehen lanak ere ekoitzi zituen. Eta zinemara jauzi egin ere bai.
«Laboral Kutxarentzat Ikuska saileko lanak martxan jartzea» izan zuen lehen lana zinemaren arloan. 20 atal zituen sailak, eta guztien koordinatzaile nagusia izan zen, 1970eko hamarraldi hasieran. 1979an, Lluis Companysen rola jokatu zuen Companys, procés a Catalunya filmean, Jose Maria Forneren zuzendaritzapean. Ez zuen kameren aurreko azken lana izan. Eloy de la Iglesiaren El pico (1983), Anjel Lertxundiren Kareletik (1984), Jose Julian Bakedanoren Oraingoz izen gabe (1986) eta Ferran Llagosteraren Gran Sol (1989) dira horren lekukoetako zenbait. «Inork baino tentazio gehiago izan nuen, baina ez nuen une batez ere pentsatu zinemara dedikatzea». Gidoilari eta musika konpositore lanak ere egin zituen zinemarako.
ETBren lehen zuzendaria
Euskal Telebistaren lehen zuzendaria ere izan zen Luis Iriondo, 1982tik 1984ra bitartean. Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakariak, Carlos Garaikoetxeak, hala eskatuta onartu zuen lan hori. Garaikoetxearen aholkularia zelako 1980tik, komunikazio, harreman publiko eta protokolo arloan. Euskal telebista publikoaren hastapenetakoak ez ziren garai samurrak izan Iriondorentzat: «Urdailean ez dut inoiz arazorik izan, baina ETBko zuzendari kargutik ultzera batekin irten nintzen».
ETB utzi zuenean, Laboral Kutxako lanera bueltatu zen. Eugenio Ibarzabalek deitu zion arte. Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari karguan ordezkatu zuen Jose Antonio Ardanzaren aholkulari izatea eskaini zion. Baita onartu ere Iriondok. Aipatutakoetan eta beste hamaika proiektutan ere aritu zen. Saltsa bakarrean bustitzeko burruntzalia ez zen, izan ere. Larunbatean hil zen, jaioterrian.
Luis Iriondo
Saltsa askotako burruntzalia
Fabrikako idazkari, kantari, musikagile, musika ekoizle, kazetari, aktore, politikarien aholkulari, ETBren zuzendari... Luis Iriondo lan askotan aritu zen. Larunbatean hil zen, 86 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu