Hain sinplea dirudien gauza ez zen hain ohikoa duela ez askora arte; musika talde katalanek katalanez kantatzea ez da izan jarrera ohikoena duela gutxira arte, salbuespenak salbuespen eta aldarri musika albo batera utzita. Azken urteetan sinplea dirudien hori hezurmamitu egin da, ordea, eta katalana pop nahiz rock musikan modu naturalean darabilten taldeak ugaritu egin dira. Hor dira, Refree, Mishima, Els Amics de les Arts, bigarren diskoa kaleratu berri duen Manel, Sanpedro... Eta Fred i Son, besteak beste. Bartzelonako taldeak Hotza eta logurea esan nahi du katalanez, baina bi gauza horiek ez, beste batzuk sortzen eta iradokitzen ditu bere musikak.
Diu que no sap què vol (Zer nahi duen ez dakiela dio) izenburua dauka Bartzelonako laukoteak orain artean kaleratu duen lan bakarrak —aurrez, hiru maketa grabatu zituzten 2009an: En pijama, Instrumentals eta L'ull entorn—. Sones diskoetxearekin argitaratu zuen iaz, eta sinplea dirudien arren, benetan zaila dena lortu zuen; guztiek goraipatu zuten euren lana. Hainbat ezaugarri biltzen ditu Fred i Sonen musikak, hainbat ezaugarri hunkigarri eta gozagarri egiten dutenak.
Elisenda Daura (bateria, ahotsa) eta Xavi Roses (gitarra, ahotsa) bikote modura hasi ziren haurrentzako musika egiten. Xesc Cabot gitarra eta baxu jotzaileak helduentzako musika egiteko gomendioa egin zien, eta bera ere taldeko kide bihurtu zen. Cristian Palleja ekoizlea ere batu zitzaien iaz. 80ko eta 90eko hamarkadetan Donostiako hainbat taldek egindako pop samur eta ederraren oihartzunak ekar ditzake zenbaitetan Fred i Sonen musikak (Le Mans eta Familyren ukitua, adibidez). Era berean, Erresuma Batuan eta Australian sortutako pop apartaren eraginak bere egin dituzte (Prefab Sprout, Lloyd Cole, Aztec Camera, The Go-Betweens...), baina euren nortasunari eta jatorriari ere eutsiz eta, bide batez, katalanez egindako pop eszena berriaren ikurretako bat bilakatuz.
Madrilen eta Bartzelonan (Primavera Club programazioaren barruan) aritu ondoren, Bilbon ariko dira gaur, Hilean Behin egitasmoaren barruan, Berreginen Museoan (20:30). Sarrerak 8 euro balio ditu.
Samur, katalanez
Fred i Son talde katalanak pop jostaria agertuko du gaur Bilboko Berreginen Museoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu