Musika. A cappella

San Isidoro 'revisited'

2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Bigarrengoz nagoela margo erromanikoei begira, zerk lotzen nauen hiri honetara galdetzen diot nire buruari. Ezerk ez, ia ezerk ez; Plaza Nagusian, ezustekoa izan da bertako abertzaleen ekitaldia; Gaztela gorrotatzen dute, itxuraz, guk baino gehiago.

Alex Cooper eta Javier Sun; beste lotura posible bat. Lehenak, Los Flechazos mod taldea sortu zuen. Bigarrenak, Los Scooters. Mod taldea ere, donostiarra. Gogoan daukat, gerora, kantu kriptiko samar bat idatzi zuela Cooperrek. Tira; ez zen kriptikoa, ETAri buruzkoa baizik. Egia esan, ez nago seguru. Ulertzen nionaren arabera, Alejandro Javierrekin ari da —Cooper Sunekin— eta ETAz ari zaio. Modengandik modengana. Defendaezina dela esaten dio kantuan. Garaia bada, behintzat —kantuaren garaia—, Javier Sun «ezker abertzalekoa bilakatu zela» zabaldu zen garaia.

Hori zabaldu zen, niri ailegatu zitzaidan, gauzek horrela funtzionatzen dute.

Scooter bakarra ikusi dugu alde zaharrean, Humedo kale multzo ezagunean barna. Scooter zaharra, LE- matrikularekin, egokiro apaindua mod estilora. Kantu hori dagoen diskoa Retrovisor deitzen da, 2004koa.

Ornamentutik delitura; «ahapeka hitz egiten jarraitzen baldin baduzue… isilduz, protesta egin beharrean… laster, ez da argirik geldituko Boulevarden». Donostiako bulebarraz ari da Cooper. Ari zaio Suni, nago.

Oxidado kantuaren beste pasarte bat: «Ez nire isiltasunik espero… inoiz ez duzue izango… hemen nago, ez direnen izenean».

Zein hitz ulergarriak, Jesusen bizitzari bigarrengoz so nagoela, erromanikoaren Kapera Sixtino honetan.

Zein hitz ulergarriak, zazpi urteren ondoren. Ahapeka hitz egiteari utzi zaio, utzi diogu. Inpugnazioa, halere, laster etor liteke. Ilegalizazio berri bat. Dena dago margotuta, duela mila urte, nire buru gaineko sabaian. Pilatosek eskuak nola garbitzen dituen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.