Aurtengo San Jose trikiti jaialdia «Urolako katea osatzen» saiatuko da, hala azaldu du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakariorde Josu Arrizabalaga Izer-ek. Juan Ezenarro Berastegi, Luis Alberdi Zabale eta Manuel Arrizabalaga Izer omenduko dituzte jaialdian, eta han parte hartuko duten ia denak ere Urola eskualdekoak (Gipuzkoa) izango dira. Martxoaren 17an da jaialdia, 17:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian. Edukia ez ezik, tokia ere estreinatuko du jaiak; azken urteetan Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan antolatu izan dute.
Pandero jotzaileak eta Urolakoak dira omenduko dituzten hirurak. Jaialdian parte hartu, eta parte hartzaileen katea osatzen lagun izango dira omenduak, «hirurak gora igotzea eta haiek jaialdiko parte izatea da gure asmoa; hirurak sasoiko baitaude».
Berastegi da omenduetako bat. 70 urte ditu, erromerietara joaten aitarekin hasi zen, eta 12 urte zituela, Marixa Txikiarekin batera astindu zuen aurreneko aldiz panderoa; harrezkero, han eta hemen dabil panderoa eta bateria jotzen. «Joan deneko hiru urte hauetan omenaldia egin behar zidatela esaten zidaten, baina nik ezetz esaten nien beti. Aurten, behintzat, ailegatu da omenaldia», esan du Berastegik.
Zabale da omenduko duten bestea. 14-15 urte zituela hasi zen panderoa astintzen. Txapelketaren batean parte hartutakoa da, eta orain hamar urte trikiti irakasle izateari utzi zion. Omenaldia oso gustura hartu duela esan du Zabalek ere.
Garai batean Izer baserrian igandero izaten zen erromeria, eta hangoxea da Manuel Arrizabalaga Izer, hirugarren omendua. 61 urte ditu. 8 urterekin hasi zen panderoa jotzen, eta 18 urterekin jo zuen bere lehen erromeria. «Ni txikia nintzela, Zabalek jarduten zuen gure jaiotetxean panderoa jotzen, eta hari ikusita ikasi nuen nik», esan du Izerrek.
Aurtengoak eduki berria izango du. «Urolan sarri ibiltzen garenok elkartu eta jaialdi bat osatzea erabaki dugulako», esan du Arrizabalagak. Aurtengo parte hartzaileak hauek izango dira: Astiazaran II.a eta Izer, Laja II.a eta Narbaiza, Epelde eta Iturbide, Laja eta Landakanda, Zabale anaiak, Lutxurdio eta Aitziber, Izer eta Alabier eta Elortza anaiak.
San Jose trikiti jaialdian «Urolako katea» egingo dute
Urola eskualdeko hiru pandero jotzaile omenduko dituzte aurten, eta Azpeitian izango da jaialdia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu