SAN TELMO MUSEOA. ENRIQUE SOBEJANO ARKITEKTOA . «Naturarekin hiri gutxik gordetzen dute Donostiak bezalako harremana»

Ainara Gorostitzu.
2005eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Madrilgo Europako Unibertsitateko Arkitektura Fakultateko irakasleak dira Fuensanta Nieto de la Cierva eta Enrique Sobejano. Museoak zaharberritzen eskarmentu handia dute bi arkitektoek. San Telmoren kasuan, gune artifizialaren eta naturalaren, kalearen eta mendiaren arteko talka saihesteko edo leuntzeko ideia izan dute buruan proiektua diseinatzeko garaian.

Donostian, eta bereziki San Telmon paisaia naturalaren eta artifizialaren arteko muga definiezina izatea arazo moduan ikusi duzue. Ohikoa al da arazo hori beste lekuetan?

Beste hiri batzuetan antzeko kasuak izan daitezkeen arren, ezaugarri hori Donostiaren berezitasuna da. Paisaia naturalak (itsaso, edo mendia kasu honetan) azpiegitura naturalarekin bere ibilbideko puntu askotan egiten du bat.

Lehiaketako beste proiektuek ez dute naturaren eta paisaia urbanoaren arteko talka hori aipatzen. Zuen kasuan berriz, proiektuaren gako bilakatu duzue.

Proiektu bakoitzak toki bateko arazo zehatz bat islatzen du, historia bat. Aurkezten garen lehiaketa bakoitzean, guretzat erronka da proiektua garatzeko giltza aurkitzea eta interpretatzea. Kasu honetan eraikina ezagutzen genuen, bertan izanak ginen. Baina beste ikuspegi batekin begiratzean, ohartu ginen zailtasun handiena ez zegoela XVI. mendeko komentu zaharraren zabalkuntzan, baizik eta Ugull mendiarekin, espazio naturalarekin zuen errematean zegoela gakoa. Hiri gutxik gordetzen dute Donostiak bezalako harreman zuzen eta konstantea naturarekin.

Bestela, zein egoeratan aurkitu duzue museoa?

Eraikinak berrikuntza eta aldaketa asko izan ditu historian zehar. Esku-hartze guztiek utzitako arrastoetan islatzen da eraikinaren beraren bizitza. Zorionez edo txarragoz, izan dituen erabilera guztietara egokitu da: komentua, kuartel militarra, museoa. Gure ustez, eraikina ez da izoztu behar historiako une jakin batean, errespetatu eta azaldu egin behar da esku-hartze bakoitzak zein uneri erantzuten dion. Horregatik, 30eko hamarkadako adabaki batzuk kenduko ditugu, eliza, klaustroa eta kaperak nabarmentzeko. Gainerakoan, eraikinaren barrualdean zaharberritze lanak egingo dira.

Nola hasi zineten lanean, eraikina ulertzen?

Proiektua egiteko prozesua gure gogoan ezkutuan ditugun irudiekin elikatzen da nahi gabe.Kasu honetan, landarez hornitutako hormaren irudia urtaroekin aldatzen den eraikin baten ideiarekin loturik etorri zitzaigun; horrela, eraikinak bat egingo du oharkabean atzean duen Urgull mendiarekin. Ferran eta Otero artista gipuzkoarrek landuko dute kanpotik eraikin berria, eta hori izango da, duda gabe, eraikinaren alderdirik garrantzitsuena.

Zuen ustez, zer garrantzi du San Telmok Donostian? Eta zuen proiektuak zertan hobetuko du egoera?

Eraikin batzuk, dela kokapenagatik, dela beren historiagatik, hiriko ikur bihurtzen dira. Hau da, duda gabe, San Telmoren kasua. Haatik, ezin da ahaztu museo garaikide batek gero eta espazio eta zerbitzu gehiago eskatzen duela, ekitaldi aretoa, segurtasun guneak, instalazio bereziak, kafetegia, denda, etab. eta baita aldi bateko erakusketek eskatzen duten malgutasuna ere. Horregatik, beharrezkoa da handitzea. Espero dugu gure proposamenak lagunduko duela helburuhoriek lortzen.

Ingurunean eragin txikiena eragiten duen proiektua izan da zuena.

Arkitektura garaikidearen baliorik handiena ez da gauza nabarmenegiak, ikusgarriak egitea, baizik eta eraikina kokatua dagoen lekuak eskatzen duena ulertzea. Guretzat, San Telmon eraikinak ahalik eta eragin txikiena izan behar zuen bere inguruan.

Epaimahaiak aldaketa batzuk egitean proposatu dizue. Zein dira aldaketa horiek?

Oraindik ez dugu gaiaren gaineko lehen bilera egin.

Oraintxe arte, proiekturik gabe eta zuzendaritzarik gabe egon da San Telmo. Horrek eragin al du museoaren endekatzean?

Ez dugu egoera ezagutzen. Baina eraikinaren arazoa ez da endekatzea, baizik eta espazio aldetik txiki gelditu dela, etahanditzea behar duela.

Zuek egindako lanen artean, Madrilgo Latinako biltzar etxea, Bonngo kongresu eta erakusketa areto bat nahiz Santanderko Kantabriako museoa daude. Donostiako lana, oso desberdina da?

Eskuartean ditugun proiektu asko museoekin lotuta daude. Valladolideko Eskultura Museoa eraikitzen hasi gara, Kordobako Medina Zaharako arkeologia guneko Museoa hastear dago. Alemanian Moritzburgeko museoarekin ari gara lanean, eta hura ere XV. mendeko eraikin zahar baten berritzea da, Alemaniako pintura espresionistaren erakusketa bikain bat hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.