SAN TELMO MUSEOA. Nieto eta Sobejano arkitektoek Urgullekin batuko dute San Telmo

Museoa eraberritzeko aukeratu duten proiektuak landarez hornitutako horma baten atzean bi eraikin egitea proposatzen du

Ainara Gorostitzu.
DONOSTIA
2005eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Donostiako San Telmo museoa gune urbanoak eta Urgull mendiak muga egiten duen lekuan dago. Paisaia naturalaren eta paisaia artifizialaren mugak erabat bereizten ez diren gunean. Horregatik, Nieto Sobejano Madrilgo arkitekto taldeak Donostiako San Telmo museoa eraberritzeko egin duen proiektuak mendia eta museoa bat eginez eman nahi izan dio irtenbidea museoa handitzeko zailtasunari.

Nieto Sobejano arkitekto taldearen proiektua aukeratu du Donostiako Udaleko, Gipuzkoako Diputazioko eta Espainiako Kultura Ministerioko ordezkariek, eta Euskal Herriko Arkitektoen Kolegioko eta Euskal Herriko Unibertsitateko arkitektoek osatutako epaimahaiak. Eta iragan astean berretsi zuen Donostiako Udal Gobernuko Batzordeak epaimahaiaren erabakia. Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotziak jakinarazi duenez, gaur egingo da proiektua arktitektoei esleitzeko sinadura.Komentua eraberritzeko sailkatu ziren beste proiektuak Joaquin Lizasoain eta Pau Soler arkitekto taldearena, Alejandro Zaera Polo eta Farshid Moussanirena, Luis Peña Gantxegirena eta Jon Muniategiandikoetxearena ziren.

Urtaroen arabera itxura aldatuko duen eraikina

Inguruan eragin estetiko txikiena eragiten duen proiektua da Fuensanta Nieto de la Cierva eta Enrique Sobejanorena. Landarez hornitutako horma bat egitera mugatuko dira arkitektoak, barruan bi pabiloi izango dituen horma, proposamenaren memorian adierazi dutenez. Landarezko hormak naturaren eta gune artifizialaren arteko orekari erantzungo dio, proposamen osoari zentzua emanez. Eraikin berria metalezko sare batek inguratuko du, eta han landare igokariak jarriko dituzte. Era horretan, horma urtaroen arabera itxuraldatu egingo da, natura bezala.

Landarez hornitutako horma hori Leopoldo Ferran eta Agustina Otero artistek diseinatuko dute. Oinarrian fundizioko piezak izango ditu, eta instalazio artistiko baten tankera izango du.Bi pabiloiko eraikin berri hau Urgull mendiaren magalean eraikiko dute. Eta eraikinaren sarrera Zuloaga plazan egongo da. Aurreneko pabiloia harrera gela izango da. Bertatik joan ahal izango da eraikin zaharrera, erakusketa iraunkorrak ikusi ahal izateko, eta baita bigarren pabiloi berrira ere, aldi baterako erakusketak ikusi ahal izateko. Lehen pabiloi horretan arropazaindegia, denda, 200 lagunentzako tokia izango duen ekitaldi aretoa, 225 metro koadroko mediateka, didaktika aretoa eta kafetegia egingo dituzte. Pabiloi horretako goiko solairuan administrazioaren eta zuzendaritzaren bulegoak egingo dituzte. Bigarren pabiloiak Aranzadi pabiloia ordezkatuko du, bota egingo baitute eraikin hura, eta Trinitate plazarekin lotuko litzateke. Aldi baterako erakusketak bi solairutan jarriko dira pabiloi berri horretan. Beheko solairuan tamaina handiko obrak hartzeko bederatzi metroko zabalerako eta sei metroko altuerako galeria bat egongo da. Nieto Sobejano taldeak egin duen memoriaren arabera, galeria horrek erakusketa oso desberdinak hartzeko malgutasun handia izango du. Lehen solairuak ez ditu azpikoak bezain neurri handiak izango, eta pintura nahiz obra grafikoa erakusteko diseinatu dute.

Erakusketa iraunkorra eraikin historikoan jarriko da. Erakusketa hau Gipuzkoako tradizioaren erakusgarri izango da, eta hiru atal izango ditu, aurrez onarturik dagoen moduan. Beheko solairuan Nortasun zeinuak izeneko erakusketa jartzea proposatu du Nieto Sobejano taldeak; han funts etnografiko, historiko eta arkeologikoak erakutsiko dira. Lehen solairua Elkarrizketak izeneko atalari eskainiko zaio; funts piktorikoak ikusi ahal izango dira han, gaika antolaturik. Memoriaren arrastoak izeneko erakusketa, ostera, bigarren solairuan jarriko dute; Gipuzkoako tradizioetan barrena bidaia bat egitea proposatuko du erakusketa multimedia honek. Era honetara, behin San Telmo eraberritutakoan, antzeko funtsak dituzten Europako museoen sarean sartuko da Donostiakoa, eta atzerriko erakusketak ekarri ahal izango dira.

Jatorrizko eraikinaren bila, adabakiak kenduz

Eraikin historikoa ere eraberrituko dute arkitektoek. Parte-hartze honetan, jatorrizko eraikina errespetatzea izango dute helburu. Horretarako, 30eko hamarkadan ezarri ziren adabakiak kenduko dira, komentuak jatorrizko itxura izan dezan eta klaustroa, eliza, dorrea, kaperak eta eliza nabarmenaraziz. Behin adabakiak kendutakoan, Trinitate plazatik jatorrizko elizaren atzealdea ikusi ahal izango da.

Eraikin historikoa eraberritzean, adabakiak kentzeaz gain, harrizko egituren azterketa egingo dute, porositatea, dentsitatea, hezetasuna, erresistentzia eta harriaren osagaiak aztertzeko. Halaber, egurrezko egitura zaharberrituko da, eta baita estaldurak ere. Argi, elektrizitate, iturgintza, klimatizazio eta suteen kontrako instalazioak ere berrituko dituzte, eta kaltetuta dauden gainerako gune guztiak ere eraberrituko dira. Nieto Sobejano arkitekto estudioak diseinaturik San Telmo eraberritua zabaltzerako lau urte itxaron beharko dira gutxienez.

-

DONOSTIAKO UDALA



Proiektu bideragarriena aukeratu dute



Sailkaturiko bost proiektuen artean Nieto Sobejano estudioaren proiektua «bideragarriena» delako aukeratu du epaimahaiak, Ramon Etxezarreta Donostiako Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez. «Museo bati dagokion proiektua ongien ulertzen duen proposamena da, eta San Telmora hobekien egokitzen dena. Beste proiektuak ere politak eta erakargarriak izan arren, handiegiak ziren». Kontuan izan dute, halaber, Enrique Sobejanok eta Fuensanta Nietok museoak diseinatzen duten eskarmentua.

Proiektua, hala ere, ez dago oraindik erabat itxita, hilaren 28an elkartuko baita epaimahaia arkitektoekin.Arkitektoek proiektua ontzen duten bitartean, Donostiako Udala Eusko Jaurlaritzatik eta Espainiako Kultura Ministeriotik egingo dituzten diru ekarpenen zain dago une honetan. «Gestioak eginak daude, eta oraindik proiektuan ez dauden arren, baiezkoa emanda daude, eta proiektuko partaide izango dira».Finantzabidea osaturik, eraberritze proiektua aukeraturik eta Susana Sotoren zuzendari izendapena Donostiako Udal Batzordeak onartzen duenean (hilaren 27an egingo dute ziurrenik), San Telmo museoa «sendotu» egingo da Ramon Etxezarretaren iritziko. Eta museo berrituaren helburua «dauzkan funtsetatik Euskal Herrian diskurtso koherente bat egitea» izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.