Santimamiñe: Bisonteak, estalaktitak eta 'arrautza frijitua'

Milaka bisitari zituenez, 1997an mugatu egin zituzten Santimamiñeko bisitak, eta 2006an itxi egin zuten leizea. Bisitariak sarreran geratzen dira.

Irune Lasa.
2014ko apirilaren 6a
12:46
Entzun

Estalaktitak eta estalagmitak zer ziren hantxe ikasiak dira asko. Eskolako txangoak izan ziren bidea euskal herritarren belaunaldi oso batek bertatik bertara ikus zitzan Goi Paleolitoko (K.a. 13.000) gizakiek margotutako bisonte, zaldi eta ahuntzak. Eta bai, askoren memorian gelditu den arrautza frijitua ere hantxe zegoen.

1916an topatu zuten mutiko batzuek leizerako sarrera, eta hango margo eta grabatuak Bizkaiko ikur bilakatu ziren. Orduz geroztik, eta, batez ere, 60ko urteetatik aurrera, ia milioi bat bisitari inguru hartu zituen Santimamiñek. Orduan uste zena baino hauskorragoa zen, ordea, leizea. Eta 80ko hamarkadaren hasieran, atzemana zuten pinturekin zerbait gertatzen ari zela. Ez zen zaila ondorioztatzea jendearen bisitek mesede gutxi egiten ziotela kobak gordetzen zuen labar arteari. Horregatik erabaki zuen Bizkaiko Aldundiak 1997an pinturen ganbera ixtea eta leizearen gainerako txokoetarako bisitak eguneko 75 pertsonara mugatzea. Era berean, abian jarri zen ingurumenaren jarraipena egiteko sistema bat.

Eta 2006an iritsi zen kobazuloari buruzko adituen diagnostikoa: Santimamiñe ondare "oso kaltebera eta hauskorra" zela zioten. Aireztapen txikikoa izaki, tenperatura nabarmen igotzen zen bisitak zeudenean, baita hezetasuna eta karbono dioxido maila ere. Ez hori bakarrik: aintzat hartu behar ziren jendeak zekartzan materia organiko eta hondakinak, baita hartxintxarretan egindako pausoek harrotutako hauts eta esporak ere.

Zaharkitutako argiteria sistemak ere berotzen zuen leizea, jendeak berak baino gehiago, eta, gainera, toki finko batzuetan egiten zuenez argi eta bero, eremu horietan kalte handia egiten zuen. Jendeari sarbidea errazteko eskailera eta egitura metalikoek ere ez zuten mesederik egiten. Horren guztiaren ondorioz, mikroorganismo kolonien eta landarediaren garapenak errazten ziren, baita oxidazioak eta kondentsazioak ere.

Zer egin? 2006an itxi zen kobazuloa, eta argiteria itzali. Gero, argiteria sistema hori eta zenbait sarbide azpiegitura ere kendu egin ziren. Sakoneko garbiketa bat ere egin zen ahalik eta materia organiko eta zikinkeria gehien jasotzeko: edalontzi potoak, txanponak... Txupeteak ere aurkitu zituzten.

Gaur egun, harpeko sarrerara mugatzen da bisitarien presentzia, eta, horretarako, tokia behar bezala egokituta dago. Ikertzaileek lanean segitzen dute, bai kobazuloaren kontserbazioan, bai hango ondarearen ezagutzan ere. Eta, orain, estalaktitak eta estalagmitak zer diren ikasten jarraitzen dute Santimamiñera joaten direnek, baina hiru dimentsioko ibilbide birtual bati esker. Horrela ikusten dute arrautza frijitua : pisolito bat da, sortzen ari den estalagmita baten abiaburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.