Mañariko Urkuleta auzoko Askondo haitzuloan (Bizkaia) Paleolitoko Gravette aldiko margo eta grabatuak aurkitu dituzte. Alegia, duela 18.000-28.000 urte egindakoak. Atzo aurkeztu zituen Josune Ariztondo Kultura diputatuak, zenbait arkeologorekin batera. Guztira, hamabi figura agertu dira: gorriz margotutako bost zaldi, grabatutako zaldi bat, esku bat eta animalia baten lerro zerbiko-dortsala, besteak beste. Horman sartutako hezur bat ere topatu dute, Bizkaian orain arte agertu den lehena. Ondare legeari jarraiki, leizearen sarrera itxi egin du Bizkaiko Foru Aldundiak, «kobazuloa ikertu eta babesteko».
Adituen arabera, Askondo Paleolito garaiko horma artearen Bizkaiko bosgarren koba da. 1904an Ventalaperra aurkitu zuten (Karrantza), 1917an Santimamiñe (Kortezubi), 1963an Arenatza (Gueñes) eta 2004an El Rincon (Karrantza). Animalia grafien kopuruari dagokionez, lurraldeko garrantzitsuenetan hirugarrena dela esan dute, Santimamiñe eta Arenatzako koben atzetik.
Egoera eskasa
Ariztondoren iritziz, arkeologikoki zein kronologikoki «zalantzarik gabeko» aztarnategia da. Hala ere, margoen egoera dela eta, kezkatuta dago: «Egoera kaskarrean daude jende asko pasa delako bertatik». Diego Garate arkeologia arloko doktorearen esanetan, graffitiek, suteek eta leizetik gertu dagoen harrobiak egin dituzte kalterik handienak.
Artearen arrastoak hiru paretatan azaldu dira. Lehenengoan, gorriz margotutako bi zaldi ageri dira, ezkerrera begira. Alabaina, herritarrek bertan egindako suagatik beltza dago duela mendeak pintatutako eremua.
Bigarren horman, zaldi baten gorputza —zurda barne— begizta daiteke. Buruak forma berezia du, ahate mokoaren antzeko muturra. «Frantzian eta Pirinioetan ohikoa da ezaugarri hori», dio Garatek. Ez, ordea, Euskal Herrian. Herri paleolitikoen berri ematen duelako jo du garrantzitsutzat.
Hirugarren zatian, berriz, animalia baten eskuinaldean gorriz irudikatutako esku bat topatu dute, «Euskal Autonomia Erkidegoan agertu den lehena».
Arrastoen egoeragatik begiek ikusi ezin dituzten margo geruzak sistema berezien bidez aztertuko dituzte.
Bizimoduaren adierazle
Aztarnei erreparatuta, ahuntzak eta oreinak ehizatuz bizi ziren nomadak dira margo eta grabatuen egileak, ikerlarien ustez. «Ikonoek adierazten digute gizartearen nolakotasuna», gaineratu du.
Puntuak eta orbanak ere agertu dira. Baita lurretik bi metroko altueran horman txertatutako animalia baten hezurra ere. Pirinioetan ere agertu izan da era horretako aurkikuntzarik. Adituek 26.000 urte atzera kokatu dituzte. Garatek dioenez, ofrendaren batekoa izan liteke. Dena dela, ez da Euskal Herrian ezagutzera eman den hezur bakarra: «Astigarragako kobazuloan ere topatu izan dugu honelakorik, baita Ipar Euskal Herrian ere».
Gaineratu duenez, Gravette aldiaren barnean Euskal Herriak zuen hutsunea bete du Askondoko kobak: «Ekain eta Santimamiñeko kobak orain dela 14.000 urtekoak dira. Askondokoak hortik atzerako hutsunea betetzen du».
Urtarrilean ekin zioten leizea aztertzeari Diego Garatek, Joseba Riosek eta Ander Ugartek. Aurreratu dutenez, abendurako Askondoko kobei buruzko monografia prest egotea espero dute. Hala ere, ikerlariek ez dute aurkikuntza berriak antzematea baztertu: «Koba osoa aztertu beharko da orain, litekeena delako leize barruan margo gehiago egotea».
Ariztondoren arabera, Arkeologia Museoan jarriko dute ikusgai arte aztarnategia panel edo bestelako bitartekoen bidez: «Adituek diotena egingo dugu, legeari eta haien aholkuei jarraituz».
Santimamiñe baino aztarnategi zaharrago bat agertu da Mañarian
Duela 25.000 urte margotutako zaldiak, eskuak eta horman sartutako hezur bat aurkitu dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu