Zinema

Sara Bilbatuak Zinemira saria jasoko du Donostiako 68. Zinemaldian

Casting zuzendariak Euskal Zinemaren Galan jasoko du saria, irailaren 22an.

jarraia186648.jpg
mikel lizarralde
2020ko irailaren 9a
13:12
Entzun

Sara Bilbatua casting zuzendariak jasoko du Zinemira saria, Donostiako Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE ekoizleen elkarteek ematen dutena, euskal zinemaren alorrean nabarmena den pertsona ezagun baten aintzatespen gisa. Azken 25 urteotan, Bilbatua ikus-entzunezko 75 ekoizpenetan baino gehiagotan izan da casting arduradun, eta Euskal Zinemaren Galan jasoko du saria, irailaren 22an, Viktoria Eugenia antzokian.

EHUn Psikologian lizentziatu ondoren, Bilbatuak (Eibar, Gipuzkoa, 1958) arte dramatikoko ikasketak egin zituen Madrilgo Laboratorio de Teatro William Layton zentroan. 1994an egin zuen lehen lana casting zuzendari gisa, Santiago Aguilarrek eta Luis Guridik osaturiko tandemak zuzendutako Justino, un asesino de la tercera edad filmean.

Ordutik, besteak beste, Pedro Almodovar (Todo sobre mi madre eta Hable con ella), Juanma Bajo Ulloa (Airbag), Mariano Barroso (Éxtasis eta Los lobos de Washington), Daniel Calparsoro (Salto al vacío), Isabel Coixet (Los que aman), Julio Medem (Los amantes del círculo polar, Lucía y el sexo eta Caótica Ana), Jaime Rosales (La soledad, Petra), Guillermo del Toro (El espinazo del diablo eta El laberinto del fauno), David Trueba (La buena vida) eta Carlos Vermutekin (Magical Girl eta Quién te cantará) egin du lan besteak beste.

Tanami Casting izeneko bere agentziaren bitartez, telebista proiektu ugaritan ere hartu du parte, hala nola hauetan: La línea invisible; Velvet Coleccción; Tiempos de guerra; Refugiados; Gran Reserva; Gran Hotel; Amar es para siempre; Maitena. Estados alterados; La señora; eta Hermanos & detectives. Gainera, 2004an, El aire que respiro idatzi eta zuzendu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Kimuak katalogoan sartu zen film labur bat.

Bilbatuak Zinemira saria jasoko du Euskal Zinemaren Galan, eta Bizimina ere emango da gala hartan, Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Jon Maiak zuzendutako film laburra, dokumentala eta dantza hibridatzen dituena.

Orain arte, Imanol Uribek (2009), Alex Angulok (2010), Elias Kerejetak (2011), Michel Gaztanbidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramon Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramon Agirrek (2018) eta Jose María Txepe Larak (2019) jaso dute ohorezko saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.