Sara, euskal liburuaren plaza

Manuel Padilla, Txomin Peillen, Henri Duhau eta Juje Etxebarne idazleen liburuak aurkeztu ditu Euskaltzaindiak SaranDiskoaren presentzia apaldu da, eta euskal liburuek hartu dute horren tokia Saran

Goizeko hamarretan ireki zen Sarako azoka, eta lehen orduetatik jendez gainezka egon zen, 28 urteko tradizioari jarraikiz. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Sara
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Pazko astelehena euskal liburuen erakusleiho bihurtu da Saran. Urtero legez, idazleen eta irakurleen bilgune bihurtu zen herriko kiroldegia. Hamarnaka bezero liburu-gose haien parean idazleak, liburuaren nondik norakoen xehetasunak eskainiz. Liburu azokaren magia da nonbait, idazleak berea aurkeztu ondoren, bezero bihurtzen dela, bertzeen lekukotasunaren hartzaile. Eta giro horretan abiatu zen eguna, Euskaltzaindiak aurkeztu liburuekin.

Izan ere, literatura eremu ezberdinetako lanak aurkeztu zituen. Lehenik eta behin, Andres Urrutia euskaltzainburuak eskerrak eman zizkion Euskararen Erakunde Publikoari, lan horiek argitaratzeko eman laguntzarengatik. Henri Duhauk Gratien Adema Zaldubiren Alegiak eta bertze neurtitzak izeneko liburua aurkeztu zuen. Jean de La Fontainen alegiak libreki egokitu eta euskaratu zituen Zaldubik.

Egiategiren filosofo huskaldunaren ekheia izeneko liburua aurkeztu zuen Txomin Peillenek. Mundu mailan filosofia alorreko erreferentzia izan gabe filosofiaren ekaia eta mamia euskarazplazaratu zituela dio Peillenek. Horren balioa handiagoa dela azaldu zuen, garai hartan elizgizonen lanak baizik ez zirelako argitaratzen.

Manuel Padillak Kadet eta Bettiriño plazaratu zuen, Euskaltzaindiaren eskutik, Juje Etxebarne Zuberoako AEK-Gau eskoletako irakasleak Zuberoako euskaraz egindako gramatika emendakinak bezala. «Zubereraren eta gainerateko euskalkien arteko zubia egitea da gramatikaren xedea, elkar ulertzea aiseago izan dadin».

Mundu bat itzulika

Saran bada mintzaldien tenorea, eta bada jakin-mina asetzeko parada, idazleekin solastatzeko aukera baliatzeko. Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko arduraduna bertan izan da 28 edizioetan. Nabarmendu zuen gero eta handiagoa dela euskarazko liburuen tokia azokan bertan eta gero eta idazle gehiago ausartzen direla tokia hartzen bertan. Daniele Albisu urruñar idazleak Iturri aldeko nire leihotik liburua aurkeztu zuen, Maiatzen eskutik. Berrikitan herritarren eta euskaltzale anitzen omenaldia jaso du Albizuk. Hainbat arrazoirengatik Saran egoterik ez ukan arren, haren liburuek irakurleen arreta piztu zuten.

Xabier Soubeletek Maiatzen eskutik plazaratu du Iza ote iza? poesia liburua. Poesia bizia, ziztatzailea. Oteizaren hutsaren teoria ildo gisa baliatuz, hainbat bizipen eta gai indar handiz aurkeztu ditu Soubeletek.

Gatuzain argitaletxea ere presente egon zen. Gizarte edo politika gaiak sakonki aztertzea da Gatuzainen ohitura. Ez dute sorkuntza berezirik bideratzen Sarako topaketetara, baina Ipar Euskal Herrian egiten den bakarra kontuan harturik, egindako lana aurkezteko parada ezin hobea dela nabarmentzen dute.

Merkatua lege

Sarako azoka urteko unerik garrantzitsuenetarikoa dela dio Peio Etxeberri Aintzart Elkar argitaletxeko arduradunak. «Euskal argitaletxeak ez dira miresmenetik bizi, salmentatik baizik, eta Sarakoa erakusleiho bikaina da». Azalpenak eman zituen bitartean, Xipri Arbelbide ondoan zuen. Sorginak izeneko liburua atera du, eta luze doaz haren inguruko gogoetak.

Berrikuntza txikiak, abantzu anekdotikoak ditu Sarako azokak. Aurten, Udako Euskal Unibertsitateko kideak presente egon dira lehen aldiz, haien bildumak aurkeztera. Eta etengabe arraberritzen eta indartzen den umorea ere presente egon zen, Asisko Umeneta eta Mattin Irigoienen eskutik. Egun osoan, mundu bat liburuz liburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.