Sarako herrian Idazleen 28. Biltzarra egiten ari dira gaur, 10:00etatik aurrera, herriko turismo bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatuta. Euskal Herri osoko 150 idazleren lanak ezagutzeko aukera dago.
Liburu batzuen estreinaldia da gaurkoa. Horien artean, Joxemiel Barandiaranen Bosquejo etnográfico de Sara, Euskal Kultur Erakundeak Sarako herriko etxeak eta Barandiaran Fundazioak elkarrekin ekoitzitakoa. Barandiaran 1940an joan zen Sarara, eta 1953an itzuli zen bere sorterrira —Ataunera—. Saran bizi izan zenean landu zuen argitaratutako liburua. Frantsesezko itzulpena egiteko proiektua Jean Aniztobehere Sarako auzapez ohiak abiatu zuen eta, ondoren, Kattalin Totorikak segitu zuen.