Saran, liburu artean

Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarra eta Jakintza kulturan eta historian espezializatu elkartea saritu dituzteInoiz baino liburu aurkezpen gehiago egin dira aurtengo Idazleen Biltzarrean

Ehundaka lagun bildu ziren atzo Saran, Idazleen 29. Biltzarraren kari. NICOLAS MOLLO.
Jenofa Berhokoirigon
Sara
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Idazleen artean ibiltzeko eta irakurleekin bi solas trukatzeko eguna. Horrelakoa izan ohi da Sarako Idazleen Biltzarra, eta halakoa izan zen atzokoa ere. Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarrak eta Jakintza kulturan eta historian espezialitatu Ziburuko elkarteak zuten aurtengo biltzarraren saria jaso. Ehundaka lagun hurbildu dira aurten ere urtez urte erreferentzia bilakatu den liburu azokara. Hala ere, jendea ez zebilen gainezka, eta ondokoarekin edota idazlearekin lasaiki hitz egiteko aukera ez zen eskas. «Durangoko azokari konparaturik, jende gutxiago dabil, liburuak deskubritzeko hobea da, erosoagoa da»; horixe komentatu zuten bi bisitarik elkarren artean. Horrela izaten da Sarakoa: liburua ikusteaz gain, lasaiki hitz egin daiteke liburuaz ondokoarekin edota idazlearekin berarekin.

Irakurleak giro hori estimatzen du, eta idazleak ere laket du.«Lagun arteko giroa da, jendea ezagutzeko aukera izaten da Idazleen Biltzarra», zioen bertan liburua aurkezten ari zen Joseba Aurkenerena Barandiaran irakasle eta idazleak. «Idazle batek, maiz, liburu bat idazten duenean ez du jakiten zer bilakatu den egin lana, jendeak gustuko izan duen ala ez... Hona irakurleak datozenez, iritziak eta sentsazioak jasotzeko aukera izaten du», zioen Jean-Mixel Garat-ek, biltzarraren antolatzaileak. 140 idazleren lana deskubritzeko parada izan zen atzokoa, eta 90 bat idazle ziren etorriak. Hamazazpi argitaletxe eta 25 bat elkarte ziren ere bertaraturik.

Aurkezpenei dagokienez, inoiz baino liburu berri gehiago aurkeztu ziren. Horietan anitz ziren frantsesez. «Irekidura espiritua dugu, euskaraz idazten duen batek tokia du hemen, baina baita Euskal Herriaz frantsesez idazten duen batek edota Euskal Herritik kanpo bizi den euskaldun batek ere». Eskaintza zabala eta askotarikoa dakar irizpide horrek, mahai batetik bestera pasatuz, inolako loturarik ez duten liburuak kausitzen direla elkarri hurbil.

Tartean egon ziren Euskaltzaindiko ordezkariak, eta mahai bat atxikitzeaz gain, iaz ateratako lau liburuen berri ere eman zuten. Junes Casenave-Harigileren Zuberoako antzertia eta pastorala, Henri Duhauren Gratien Adema Zaldubi: beste zenbait prediku, Erramun Baxok eta Battittu Coyosen Gazteak, aisialdiak eta euskara Ipar Euskal Herrian eta Xarles Bidegainek egin Eugene Goienetxe zenaren doktore tesiaren argitalpena aurkeztu zituzten. Ipar Euskal Herrian euskarak ofizialtasuna behar duela azpimarratu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak. Ezagupena lortzeko bidean, eragileen arteko elkarlana beharrezkotzat joz, horri begira Euskaltzaindiak egiten duen apustua berretsi zuen.

'Baratze bat' gogoan

Daniel Landartek eman zion Berzaitzi saria eskura, euskal kulturgintzan egindako lana goraipatuz. Baratze bat Berzaitzen kanturik ezagunetarikoa gogoan, kantaria «euskal kulturaren baratzezainekin» konparaturik, «bere baratzean erein hazi onetik sortu lili ederrentzat», baita ere «jadanik baratzean ziren landare paregabeak argitan ezartzeagatik» eskertu zuen zuberotarra. Metafora horien gibelean kausitzen ziren kantuen, melodien, pastoralen edota melodia musikalen bidez egindako ekarpenak.

Nahiz horrelako momentuetan «herabetasuna» sentitu, «humanoa izaki», «harrotasuna» ere sentitu zuen Berzaitzek. Sari horrekin berarekin batera «han eta hor egon diren euskal kide guztiak» saritu direla azpimarratu zuen zuberotarrak, eta gehitu zuen «anonimo horiek guztiek» saria jasorik «pozten» zela. Bittoriano Gandiaga Artetxe bizkaitar idazle eta ohorezko euskaltzaina izandakoaren Hemen olerkia kantatu zuen esker gisa.

Eusko Ikaskuntzak ere, Miarritzeko Herriko Etxearekin partaidetzan, banatu zituen ikerketa lanak eramateko diru laguntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.