«Niretzat idaztea pentsatzeko modu bat da, pentsamendua eta oroimena antolatzeko era. Baita irudimen kontrafaktualeko ariketa bat ere. Oraindik hilik ez egotea da, eta, nolabait, bizi garen espaziontzian parte hartzea». Hala azaltzen dio Joseba Sarrionandiak Marie Darrieussecqi literaturaz duen ikuspegia. Euskal Herrian jaioak dira biak, idazleak, eta baita elkarren lanen zaleak ere. Urtarrilean elkarrizketatu zuen Darrieussecqek iurretarra, idatziz, eta Les Irockuptibles aldizkarian argitaratu zuen hartu-eman hartan oinarrituriko artikulua. ZuZeu Interneteko albistarian kaleratu dute orain elkarrizketa osoa, «gordinik». Baita euskarara ekarrita ere, frantsesez egin baitzituen galderak baionarrak, eta gazteleraz jaso baitzituen erantzunak. Literatura, hizkuntza, eta indarkeria dira bi idazleen arteko elkarrizketaren ardatzetariko batzuk.
Zuzena da Darrieussecqek egiten duen lehen galdera: «Zer diozu gaur, armak eskutan hartzeari buruz?». Esperientzian oinarritua Sarrionandiaren erantzuna: «ETAkoa izan ez banintz, Espainiako Armadakoa nintzatekeen, izan ere, soldaduska derrigorrezkoa zen. Gutxienez hori saihestea lortu nuen». Eta sakonagora jotzen du ondoren. «Armak, izatez, hondamendia iruditzen zaizkit. Atzera bueltarik ez duenarekin jolasten da armekin. Armak ez dira objektu neutroak, aldez aurretik hartutako erabakiak dira. Lewis Mumford-ek teknika 'demokratikoak' eta teknika 'autoritarioak' bereizten zituen. Armak teknika autoritarioen barnean daude, botere-tresnak dira. (...) Hala eta guztiz ere, armak soinean hartzea ezin da era abstraktuan epaitu. Nazien aurkako erresistentzian dagoena, Algeriara 1957an bidalitako soldadu frantziarra, okupazio indarren aurka egitea erabakitzen duen afganiarra. Bada yaki indioen esaera bat hala dioena: norbait epaitu aurretik haren sandaliekin ibili behar zara bi astez».
Hizkuntzari buruzkoak dira beste galdera batzuk. «Zer da euskaldun izatea?». Eta Sarrionandiaren erantzuna: «Euskalduna izatea ez da gizaki izateko beste modu bat besterik. Frantziarra izatea bezala. Txekiarra izan zaitezke, homosexuala, suhiltzailea, asmaduna, gizaki izateko askotariko erak daude eta gauza asko izan zaitezke batera, aldi berean baldintzatua, baina aukerak hartzeko aske ere bai. Bada esaten duenik euskalduna izateagatik ezberdina zarela. Alderantziz adieraztea arrazoizkoagoa dela uste dut: euskaldun izateak besteak bezalako egiten zaitu. Euskaldun izateak ez du arazorik adierazten, ez eta ezer berezirik ere. Arazoa hasten da modu batera edo bestera eragotzi edo euskaldun izatea mugatzen dizutenean. Niretzat, eta baita beste euskaldun askorentzat ere, derrigorrez espainiar izatea traumatikoa izan da eta horren aurka errebelatu gara».
Euskal poeta «kondenatua»
«Ospea ez zait interesatzen», erantzuten dio Sarrionandiak Darrieussecqi, euskal poeta izatea «kondena bat» ote den galdetzen dionean. Ez ote lukeen hobe ingelesez idaztea, bere testuak «milaka irakurle arraiok» irakur ahal izan ditzaten. «Ez dut uste 100.000 irakurle izatea berez 1.000 izatea baino hobea denik, hilean 10.000 dolarrekin 1.000rekin baino askoz hobe bizi ez dela pentsatzen dudan modu berean. (...) Nahiago dut bizpahiru pertsonarekin elkarrizketan izan ikuskizun batean parte hartu baino».
Ez da, ordea, Darrieussecqek Sarrionandiari egindakoa azken aldian Iurretako idazlearen hitzekin argitaratu den elkarrizketa bakarra. Orain aste batzuk atera zuten beste bat hAUSnART izeneko aldizkarian, lehen alean. Gorka Bereziartua kazetaria eta Andoni Olariaga filosofoa izan ziren galderak egin zizkiotenak kasu horretan, eta idazlearen pentsamenduari buruzkoak dira bildutakoak, nagusiki.
@Elkarrizketa osorik irakurtzeko:
http://zuzeu.com
Sarrionandia: «Oraindik hilik ez egotea da idaztea»
Marie Darrieussecqek Joseba Sarrionandiari egindako elkarrizketa kaleratu du 'ZuZeu' Interneteko albistariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu