Sauteten hamahiru film emango ditu Zinemaldiak hari eskainitako zikloan

Jaialdiak zinemagile eta gidoigile frantsesaren obra aztertuko du aurtengo atzera begirakoan. Zikloaren osagarri gisa, zuzendariari egindako elkarrizketak biltzen dituen liburu bat ere kaleratuko dute

Michel Piccoli eta Romy Schneider aktoreak, Sauteten Les choses de la vie filmean (1970). DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Leire Perlines Apalategi.
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Donostiako 70. Zinemaldiko atzera begirakoan, Claude Sautet zinemagileak (Montrouge, Frantzia, 1924 - Paris, 2000) 1956tik 1995era zuzendutako hamahiru film luze erakutsiko dituzte. Zikloa Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean antolatu dute, eta Conversaciones con Claude Sautet liburuarekin osatuko da, hau da, Michel Boujutek egindako elkarrizketen liburukiaren gaztelaniako itzulpenarekin.

Romy Schneider, Michel Piccoli eta Emmanuelle Beart antzezleekin egindako kolaborazioengatik da ezaguna Sautet, eta nolabaiteko bidegurutze batean zegoen Frantziako zinemaren historian: ez zen gerraosteko zinemagileen belaunaldikoa, ez eta nouvelle vague-koa ere. 1950. urtean hasi zen zinemaren industrian, zuzendari laguntzaile. Georges Franjuren Les yeux sans visage (1960) izan zen lan horretan egin zuen filmik garrantzitsuena, baita azkena ere.

Aurretik, bere lehen filma zuzendu zuen, Bonjour sourire! komedia musikala (1956). Filmak kontatzen duen istorioan, Aline, tronuaren oinordekoa, etsita dago. Lehen ministroa edozer egiteko prest dago Alinek berriz irribarre egin dezan, hura seduzitu, harekin ezkondu eta errege izan nahi baitu egunen batean. Hala ere, Sauteten lehen interesak polar Frantziako genero beltzarekin lotuta zeuden; esaterako, Classe tous risques (1960), bere lehen filmtzat jotzen zuena; Lino Ventura izan zen protagonista.

1959an, Sautet eta Ventura beste polar batean aritu ziren: Le fauve est lâché (1959). Gidoia sinatu zuen, eta, ematen duenez, zenbait sekuentzia filmatu zituen, kredituetan Maurice Labroren izena bakarrik ageri bada ere. Nouvelle vague-a sortu zen garai hartan, eta, Sautet mugimenduaren parte izan ez bazen ere, hor zegoen Jean-Paul Belmondo Classe tous risques filmean lapur baten rola egiten, Jean-Luc Godarden À bout de souffle (1960) filmean bezala.

Sautetek zinema kriminalarekin lotuta jarraitu zuen, bai eta Jose Giovannirekin ere, Jacques Derayren Symphonie pour un massacre (1963) filmaren gidoian eta beste zenbait polizia filmetan parte hartu baitzuen.

Hamarkada aldaketarekin, Sautetek bere ibilbideko etaparik oparo eta ezagunena abiatu zuen, Schneiderren eta Piccoliren bultzadari esker: Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971) izan ziren haien kolaborazioak. Lehenengo filmean, Pierrek trafiko istripu bat du, eta, ia konorterik gabe dagoela, iraganean bizitakoa gogoratuko du. Bigarrenean, Max polizia inspektoreak tranpa bat ipiniko die gaizkile amateur batzuei, haiek atxilotzeko asmoz.

Jauzi bat ilunerantz

Drama, ordea, ilundu egin zen Mado (1976), Une histoire simple (1978) eta Garçon! (1983) filmetan. Mado filmean, Simon Leotard dirurik gabe geratuko da lehiakide baten erruz, baina, Mado prostituta gazteari esker, mendekua hartuko du. Une histoire simple filmeko Marie 40 urteko emakume dibortziatu bat da, eta seme nerabe bat du. Bikotekide berriak haurdun utzi duela konturatzean, gizona utzi, eta abortatzea erabakiko du. Garçon! filmean, berriz, Alex 60 urte inguruko gizonak Clairerekin egingo du topo, zeina hamazazpi urte lehenago ezagutu baitzuen.

Sautetek drogazale baten emozio eta familia errehabilitazioa hizpide dituen drama bat ere egin zuen: Un mauvais fils (1980). Quelques jours avec moi (1988) tragikomedia erromantikoa ere egin zuen. Lehenengo filmean, Bruno aitaren etxera itzuliko da, Ameriketako Estatu Batuetako kartzela batean droga trafikoagatik eta kontsumoagatik bost urte preso igaro ondoren. Egoera jasanezin bihurtuko da berehala, aitak amaren heriotza leporatzen baitio —atxilotu zutenean gertatu zen—. Bigarren filmean, familia aberatseko gizon bat, Martial, ez dago gustura bere buruarekin. Limogesera joango da bizitzera eta hango burgesiaren bizitza eta Francine neska aztoratuko ditu.

Gero, Beart aktorearekin egin zuen lan, eta harekin filmatu zituen azken bi lanak: Un coeur en hiver (1992) eta Nelly et Mr. Arnaud (1995). Maxime eta Stephane adiskideak dira lehen filmeko protagonistak. Maxime Camillerekin maiteminduko da, eta Stephanek amorratu egingo du Camille. 1995. urteko filmean, berriz, Nelly gazteak Pierre Arnaudekin egingo du topo, adineko gizon aberats eta erretiratu batekin. Pierre bere memoriak idazten ari da, eta horiek transkribatzeko proposatuko dio Nellyri.

Azken lana Papergabeen Aldeko Zinemagileen Kolektiboaren barruan egin zuen. Talde hori 200 zuzendari, ekoizle, erakusle eta banatzaile frantziarrek osatzen zuten, eta film formako manifestu bat sinatu zuten Frantziako legez kanpoko etorkinak babesteko: Nous, sans-papiers de France (1997).

Aipatutakoez gain, Sauteten L'arme á gauche (1965), César et Rosalie (1972) eta Vincent, François, Paul et les autres (1974) filmak ere emango dituzte zinemaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.