Zinema

Sean Connery aktorea hil da

Zinemako lehen James Bond izateak egin zuen famatu, baina hamaika filmetan hartu du parte bere ibilbidean, eta sari garrantzitsu sorta bat jasota hil da 90 urterekin 

Sean Connery, Berlinen, 2005. urtean. MARCUS BRANDT/POOL / EFE
Inigo Astiz
2020ko urriaren 31
14:58
Entzun

Connery. Sean Connery. Bera izan zen zineman James Bond 007 agentearen rola jokatu zuen lehen aktorea, eta nazioarteko lehen lerroko izar bilakatu zuen horrek istantean. Guztira, zazpi Bond filmetan hartu zuen parte 1962tik 1983ra arteko tartean. Pertsonaia nabarmen gainditu zuen aktorearen ibilbideak, halere, eta Bond jokatu ostean jasotako sariak dira horren froga. 1986an, adibidez, BAFTA bat jaso zuen Umberto Ecoren liburuan oinarritutako Arrosaren izenean filmean egindako lanagatik eta taldeko aktore onenaren Oscar saria jaso zuen hurrengo urtean Brian de Palmaren The Untouchables film ezagunean jokatutako pertsonaiagatik. Beste BAFTA bat ere jaso zuen ondoren, eta baita hiru Urrezko Globo ere. Foku pean dirdira egin arren, ordea, sekula ez du Diane Cilento emazte ohiak leporatu zizkion tratu txarren itzala uxatzerik lortu. 90 urterekin hil da gaur, eta oraingoz ez dute heriotzaren motibo zehatzik aipatu.

Edinburgon jaio zen: kamioilaria zuen aita eta garbitzailea ama, eta, maiz onartu izan zuenez, umetan pobrezia ezagututakoa zen. 13 urterekin utzi zuen eskola, esne banatzaile aritu zen, armadan zazpi urte eman zituen, harik eta Mister Unibertso lehiaketan izena eman, eta Londresera egindako bidaia hura antzerkian lehen saiakerak egiteko baliatu zuen arte. Lan txikiekin hasi, eta gorantz egin zuen bidea berehala. Antzerkitik telebistara pasa, eta hortik helduko zen zinemarako jauzia gero. Bond bilakatuz heldu zen pantaila handira.

Robin Hood eta independentzia
Bond izateak eman zion sona, nagusiki, baina ez zen jokatu zuen pertsonaia garrantzitsu bakarra izan. Robin Hood zaharkitu bat ere izan zen zineman (Robin and Marian, 1976), eta baita Indiana Jones arkeologo abenturazalearen aita ere (Indiana Jones and the Last Crusade, 1989). Bonden seriea fimatu bitartean, Alfred Hitchcockek zuzendutako Marnie filmean (1964) parte hartu zuen, eta ezagun da, 1962. urtetik 1971. urtera serieko sei filmetan parte hartu ostean espioiaren pertsonaiak sortzen zion nekea ere. Gerora, 1983an, berriro heldu zion pertsonaiari ironia handiko izenburua zuen filmarekin (Never Say Never Again / Inoiz ez esan inoiz ez).

Euskal Herriarekin ere izan zuen nolabaiteko harremana Conneryk, Robin and Marian Nafarroan filmatu baitzuten parte handi batean, Artaxoan hain zuzen ere. Bitxia bada ere, Robin Hoodi buruzko beste film batean ere parte hartu zuen handik urte batzuetara, Robin Hood: Prince of Thieves-en (1991), baina horretan Kevin Costner zen filmeko heroia, eta Connery, berriz, Richard erregea.

[youtube]https://youtu.be/-GTXXfZR8IE[/youtube]

60ko hamarkada batik bat James Bonden pertsonaiari lotuta igaro zuen bezala, 70ekoan bere talentua genero eta estilo ezberdinetako filmetara eraman zuen Conneryk. Sidney Lumet zinemagilearekin hainbatetan egin zuen lan (The Anderson tapes, 1971; The Offence, 1972, Murder on The Orient Espress, 1974), Michael Cainerekin eta John Hustonen aginduetara Kiplingen Indiara joan zen (The Man who would be King, 1975), John Miliusekin The Wind and The Lion (1975) egin zuen, eta bertan buruzagi berberea izan zen, eta iraultza aurreko Kuban ere izan zen Richard Lesterren Cuba-n.

XXI.mendearen hasierara arte segitu zuen lanean Conneryk, eta batez ere 90eko hamarkadatik aurrera, oso film ezagun eta komertzialetan hartu zuen parte: First Knight  (1995), The Rock (1996), The Avengers (1998), Entrapment (1999), Finding Forrester (2000), The League of Extraordinary Gentlemen (2003)...

Babes argia azaldu zion aktoreak beti Eskoziaren independentziari, eta, 2014. urtean egindako erreferendumean lehen lerroko garrantzirik hartu ez bazuen ere, kanpaina egin zuen baiezkoaren alde. Abertzaletasun hori bera igar daiteke 2008an argitaratu zuen autobiografiaren tituluan ere: «Being a Scot» (Eskoziarra izanik).

Tratu txarrak
Dirdira horrek guztiak badu aski itzal ere. Diane Cilento emazte ohiak, esaterako, elkarrekin egon ziren aldian, aktoreak behin baino gehiagotan kolpatu zuela salatu zuen bere memorietan. Aktoreak pisua kendu nahi izan zien akusazioei, eta beren harremanaren haustura ez gainditzeagatik mendeku hartzen saiatzea aurpegiratu zion.

Horrez gainera, zergak ordaintzeari izikin egin izanaren akusazioa ere beti izan du gainean. Suitzan egindako negozio batzuengatik ere izan zen epaitegietan, eta Espainiak ere deklaratzera deitu zuen 1999an Marbellan zuen etxearen salmentagatik. Gaixo zegoela argudiatuz egin zion izkin epaitegira agertzeari, eta, azkenean, haren aurkako kargurik gabe itxi zuten kasua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.