Kontatuko nieke nik Pedro Oleari, Imanol Uriberi, Enrique Urbizuri eta Moriarti Kolektiboa osatzen duten Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagari Radu Juderen azken atrebentzia-barrabaskeria-balentria, zeinak ez lotsarik, ez beldurrik, ez umiltasunik, ez pudorerik ezagutzen ez dituen Locarnoko zinemaldiak aukeratu zuen balent asko bere sail nagusirako. Zuetako batzuok (Mateoren Ebanjelioan leitzen den bezala, «asko dira deituak; aukeratuak, berriz, eskasak…») baduzue zuzendari errumaniarraren berri zehatza. Bere pelikula batean, Nu astepta prea mult de la sfârsitul lumii hartan, alegia, munduaren akaberarekin ez fidatzeko gomendatu zigun. Bestean, Babardeală cu buclucsau porno balamuc –en, hots, politika, etxean grabaturiko porno ziztrinak, arrazakeria, klasismoa eta bere aberriaren porrot orokorra nahasi zituen bihurri eta zorrotz. Iritsi zitzaigun azkena, pasa den Berlinalen ikusitako Kontinental 25 hura, poltsikoko telefonoaz filmatu zuen, inori baimena eskatu gabe, inoren onespenik behar barik. Etxegabetze baten kronika sarkastikoa, Transilvanian da kokatua. Transilvanian, bai, Banpiroaren (maiuskulaz, otoi) erreinu itzalezkoan. Hortxe ere jarri zituen Raduk bere kamerak nik, gustu handiz Oleari, Uriberi, Urbizuri eta Moriarti kolektiboari kontatuko niekeen Dracula pelikula (edo aldrebeskeria paregabea) burutu ahal izateko.
Bai, Errumaniako zuzendariak Errumania turkiarrengandik babestu eta libratu zuen Errumaniako printze odolkoia hartzen du protagonista hiru ordu dirauen zeluloidezko mirari sakrilego horretan. Uztartzen ditu bertan turismoa (turismokeria???!!), Marxen Das Kapital, bideojokoak, sexua, AAren bihurrikeria sasi zientifikoak, ChatGPTk kontakizunerako dituen maina eta indarra, eta kalitate urriko kale ikuskizunak…
Ez galdetu niri zergatik, baina nahiz eta lotura arras eta zeharo ezinezkoa izan, Pablo Larrainen El Conde ekarri dit niri burura. Radurena ez da inon estreinatu, Larrainena, aldiz, plataformetan da. Merezi du. Garratza, baina umore, umore goibelak bustia sumatuko duzue bere zuri-beltza…
Horretaz guztiaz hitz egingo nuke nik Pedro, Imanol, Enrique, Jon, Aitor eta Jose Marirekin. Denak dira Erein argitaletxeak gaztelaniaz atera berri duen Los últimos artesanos liburuaren protagonistak. Seiek onartu zuten Imanol Rayok mahai gainean jarritako enbidoa (edo gonbita, batek daki…). Ziur naiz zuek baduzuela Imanolen berri mami handikoa: 2011n Zinemaldiko Zinemira saria irabazi zuen Atxagaren Bi Anai-rekin egindako egokitzapenarekin. Zuhur eta abil jokatu zuen Hil kanpaiak izenburukoarekin, eta oldarkor, Loiolako basilikan estreinatu zen Iñigo-rekin. Zabala du Imanolek begirada, eta beste sortzaileekin gogoz juntatzen da. Esaterako, bada Ereinek plazaratutako beste liburu bat ere, arte liburua, Sastraka/Maleza izena duena. Bertan, Imanolek topo, estropezu, egiten du Pello Lizarraldek idatzi zuen testu batekin, baina harekin elkartu eta irudia egin ere.
Zertaz hitz horiek? Bidaia ezinezko baten haritik sortuak. Gauza jakina da (beharbada ez..) Heriotzaren kontzientzia —apur bat bada ere—, izan orduko, gero eta maizago harrapatzen gaituela iraganera itzultzeko bidea hartzeko gogoa. «Eta itzuli egin behar jakiteko bidearen buruan itzalak eta dezepzioa besterik ez dagoela eta irtenbideren bat bilatzera behartuta zaudela». Hitz horiei musika jarri zien Imanol Ubedak. Eta Jose Ignacio Agorretak pintatu. Egin zuen Imanolek horren guztiaren gaineko, inguruko argazki bilduma...
Oraingoan, irudigilea idazlea bilakatu zaigu, elkarrizketatzaile konplizea. Gutako askok autore hitzari diogun errezeloak bultzaturik, zinema artisauen, zeluloidezko behargileen bila jo du. Eta bere ustez azkenak direnak aurkitu. Ez naiz ni oso ados. Zinema Eskola handikietan, bai, klase goieneko sasiko akademia horietan autoreak izan nahi duten eta noraezean dabiltzan neska-mutilak baino ez daude. Munduan, berriz, plataformetatik zein hiriburuetatik kanpo dauden areto periferikoetan eskaintzen den zinema enkarguzkoa, soldatapekoa da askotan, gehienetan, artisau ezin trebeagoek maneiatua. Olea, Uribe, Urbizu, eta Moriartiko hirurak ez dira azkenak, nire irudiko (eskerrak, esperantzarik bada gure industrian…). Ez ahaztu Donostiako Zinemaldian 38 euskal ekoizpen izango direla ikusgai. Denak ez dira zinema artistikoa. Ugari dira merkatuak (Ikusleek, bezeroek, merkatariek) eskatutakoak…
Gutako askok autore hitzari diogun errezeloak bultzaturik, zinema artisauen, zeluloidezko behargileen bila jo du. Eta bere ustez azkenak direnak aurkitu. Ez naiz ni oso ados
Ez dira, ezta pentsatu ere, azkenak, bai, ordea, klase handikoak, langile adituak. Eta liburuak merezi du. Beste asko ekartzen dizu burura. Esaterako… Truffaut eta Hitchcock elkartu zituen hura. Kontatuko nieke gure zinemako egile sei horiei nolakoa den Radu Juderen Dracula. Eta gero gonbidatuko Luc Bessonena ikustera. Iparraldean edo Donostian azaroan…