Euskara eta euskal kultura mundu akademikoan sustatzeko, irakurletza programa «ardatz estrategikoa» da Etxepare Euskal Institutuarentzat. Atzerriko unibertsitateetan sare hori indartzea du helburu, eta datorren ikasturtean gutxienez sei irakurletza berri eta bi katedra martxan jarri nahi dituela iragarri du. Liverpool (Erresuma Batua), Standford (AEB) eta Poznaneko Adam Mackiewicz (Polonia) unibertsitateekin hitzarmenak sinatuak ditu dagoeneko. Datozen hilabeteetan kopuru hori handitzea da asmoa, Parisko Sorbonne Nouvelle zein Kaliforniako Santa Barbara unibertsitateekin. Eta atzo Alemaniako Konstanza Unibertsitatearekin hitzarmena sinatu zuen.
Akordioaren arabera, Konstanzako Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean egongo da irakurletza hori, hizkuntzalaritza eta literatura departamentuekin lotuta. Dagoeneko martxan den katalanezko irakurletza bezala, Iberiar Hizkuntzen Zentroan integratuko dute. Georg Kaiser Konstanzako Unibertsitateko hizkuntzalaritza katedradunak, Aizpea Goenaga Etxepare institutuko zuzendariak eta Mari Jose Olaziregi Institutuko euskara hedatu eta sustatzeko zuzendariak sinatu zuten hitzarmena, Donostian.
Mundu akademikoan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakasleak dira irakurletzak, baina hori baino gehiago ere badira, Goenagaren hitzetan: «Ekintzak antolatzeko zeregina ere badute, eta neurri batean geure ispilu bihurtzen dira atzerrian». Iazko azarotik, programa bere gain hartu zuenetik, irakurletza sarea indartzea izan da institutuaren helburua, Olaziregiren hitzetan.
Konstanzako Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du Olaziregik, prestigio handiko zentroa izateaz gain, programarekiko duen prestasunagatik. «Iaz 70 ikasle baino gehiago zeuden matrikulatuta euskal literatura eskoletan, idazleak gonbidatzen dituzte, euskaltzale amorratuak dira, eta badakit euskal ikasketei izugarrizko bultzada emango dietela». Alemaniako beste bi unibertsitatek dituzte irakurletzak: Frankfurteko Goethek eta Berlingo Freiek.
Ituna sinatzea «ohore handia» dela esan du Kaiserrek. Azaldu duenez, beren ikasleei «Espainia eta Frantziako lurraldeetan dagoen hizkuntz aniztasuna» erakusteko lanean aritzen dira bera eta Pere Joan Tous irakaslea. «Aurrerantzean, gure curriculumetan euskal ikasketak instituzionalizatzeko ahalegina egingo dugu».
Halaber, Institutuarentzat garrantzi handia duen beste akordio baten berri eman du Olaziregik. Chicagoko Unibertsitatean (AEB) euskal ikasketen inguruko Koldo Mitxelena katedra irekiko dute. «Prestigio handiko unibertsitatea da, izugarrizko interesa erakutsi du katedra sortzeko, eta erdia finantzatuko du». 2012aren hasieran jarriko da martxan, eta euskal ikasketetan adituak irakasle bisitari moduan egonaldiak egitea da egitasmoaren helburua.
Olaziregik gogorarazi duenez, xede bera du New Yorkeko City Universityn irailean zabalduko den Bernando Atxaga katedrak. Idazlea bertan izango da astebetez, mintegia eskaintzeko, eta hamaika ekitaldi izango dira hirian, beste hainbat lekutan egin bezala: Brnon (Txekiar Errepublikan) izan dira Harkaitz Cano eta Asier Serrano, Poznanen euskal astea egiten ari dira egunotan, gauza bera egin zuten Mexiko Hirian orain gutxi... Adibide ugari daude, Olaziregiren hitzetan, «irakurle horiek mugitzen duten guztia» frogatzeko. «Gure enbaxadore kulturalak dira kanpoan».
2004tik 5.000 ikasle
Eusko Jaurlaritzak 2004. urtean jarri zuen martxan irakurle programa, eta urteotan hamahiru herrialdetako unibertsitateetan 25 irakurletza ezarri dira. Horietan 5.000 ikasletik gora aritu dira euskara eta euskal kultura ikasten. «Ondare ona jaso dugu, eta bultzada eman nahi diogu, irakurlego berriak irekiz», Goenagarekin hitzetan. 628.000 euroko aurrekontua izango du programak, iazkoaren aldean %50handiagoa.
Halaber, Konstanzako postua betetzeko eta beste 15 unibertsitateetakoak berritzeko deialdia kaleratu dute dagoeneko, eta 120 lagunetik gora aurkeztu dira.
Sei irakurletza berri eta bi katedra jarri nahi ditu martxan Etxeparek atzerrian
Alemaniako Konstanza Unibertsitatean irakurle postu berri bat izango da, eta Chicagokoan, Koldo Mitxelena katedra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu